Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Maskaraden mintzoak 2: dantzaren teknika

Dokumentuaren akzioak

Maskaraden mintzoak 2: dantzaren teknika

Maskaraden mintzoak 2: dantzaren teknika

Sohütako maskaradak Idauzen, 2003. Argazkia: Oier Araolaza

Guk ezagutu dugun maskaradaren eta oraingoaren artean aldaketa handia bada. Ez dira dantza berdinak. Nik ezagutu dudan dantza eta oraingoa… Desberdintasuna bada.

Allandu Bordazarrek, Etxahun-Iruriren semeak esana. Izan ere, bizirik den ohitura oro garai berriei egokituz baitoa, Zuberoako dantzatzeko manera ere aldatuz joan da azken 60 urteotan. Garai batean dantzatzen zituzten hainbat puntu edo urrats ez dituela gehiago ikusten dio Bordazarrek.

Ez dute guk bezainbeste puntu dantzatzen. Guk anitzez puntu gehiago egiten genuen. Puntu anitz ez ditugu gehiago ikusten. (...) "11 temps" bat ez da gehiago ematen. Ez da gehiago ikusten. "Kokot", Basaburuko zera zen… (...) Orain entrexata... eta puntu! Entrexat bat dute. Guk hiru mota ematen genituen: Entrexat herresta, luzea eta orain ematen dena. Ez dira gehiago ikusten. "Parrusa" deitzen duguna, gibel eta aitzina bazen. 

Zuberoako puntuak izendatzeko aldaera ezberdinek artikulu oso baterako emanen lukete. Oso kontu polita da izendapenen garapena ikustea. Adibidez, Pas Russe-tik Parrusa, Farusa edo Ximun Castillon eskiularrak esan bezala, Farrusta. 

"Farrusta" ere... Eskiulan irakasle genuen Ilharregibordak erraten zuen: "Pentsa ezazue leize baten gainean zaretela, 20 zentimetroko taula batean, eta gibelka dantza egiten duzuela. 20 zentimetrotan behar duzue urratsa eman!" Atharratzera joaten bazinen, hangoak anitzez zabalago ari ziren, pixka bat kulunkatuz. Guk behar genuen zuzen ibili eta gorputza ez mugitu.

Izan ere, Zuberoan zehar hainbat dantza-maisu —eta hartara, dantza-eskola— egon dira. Eta jakina da: zenbat maisuburu, hainbat ikasliburu! Alegia, dantzatzeko manerek xehetasun ezberdinak dituztela herriz herri.

Ximun Castillon:

Puntua finago baita, lur arrasean emanik delarik. Harek hala erraten zuen. Puntua politago da lur arrasean emanik... Urrats batzuk ez ziren manera berdinean dantzatzen. (...) "Akerra", ezker lehenik, eskuin gero... Atharratzen ematen zen, halako "frisat" ttipi bat, airean. Eskiulan edo Barkoxen, ez genuen hori ematen. 

Zuberoako dantza teknikako puntuetako asko ikusgarriak dira. Dantzariak tentazioa izan dezake maiz, lore-jokoetan ibiltzekoa, zeinek urrats kiribilagoa eta bereziagoa egin. Garai bateko dantza-maisuek argi zuten. Joanes Ilharregibordak erraten zuen:

Dantzariak ez du goratik aritu behar. Behar du hein batean gelditu.

Ximun Castillonen esanetan neurritasuna aldarrikatzen zuen Ilharregiborda dantza-maisuak hainbat garaitan eta eskolatan aldarrikatutako ideia estetikoa da neurritasuna (Lamennais, Esquivel Navarro, Iztueta, Carles Mas...)—. Gauza bera zen Jean-Pierra Arthegiet dantza-maisu barkoxtarrarendako, Patrik Queheille “Kanpok” dioenez:

Hemen, usaian entzun dugu hobe genuela urrats sinple bat ematea, ezen ez eta azkarregi edo konplikatuegia.


Barkoxeko maskaradak, 1984
Barkoxeko Maskaradak, 1984. Argazkia: Barkoxe Bizi elkartea

Argi dena da, Zuberoako dantzari on eta handiek —Domique Nicibar Burguburu-ren kategorien arabera— haien indar eta esfortzu guztiak eman eta ematen dizkiotela dantzari, ez baita gauza txikia herri oso baten enbaxadore izatea. Hala kontatu digu Ihitz Iriart aloztarrak.

Egia da, ni ari nintzelarik bederen, iruditzen zitzaidan guk lantzen genuela, Larrainen. Besteekin biltzen ginelarik herri batzuetan, iduritzen zitzaidan dilindan zirela. (...) "Sabela tinkatu eta ipurdia sar dantzan aritzeko." Badakit baliatzen dudala! (...) eta badakit ahala eman didala horrela ez zerratzeko. Zut egotea, boneta buru gainean atxikitzea... 

Orain baino urguilu gehiago bazen dantzan. Garrantzi gehiago ematen zioten... Dantzan ari zinelarik, nahi zinen hein batean aritu. (...) Garaian egiazko dantza zen. Orain ere dantzari onak badira. (...) Irakasleak ez zuen nahi nolanahi ager gintezen plazan.

Jean-Louis Estekahandi barkoxtarraren hitz hauekin utziko dugu bigarren kapitulu hau, oraingoa egiazko dantza den edo ez, hausnartzen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.