Dokumentuaren akzioak
Maskaraden mintzoak 1: garai bateko maskaradak
![Aritz Ibañez Lusarreta Aritz Ibañez Lusarreta](https://dantzan.eus/kidea/aritz/@@images/f18a72df-2d22-47a4-b572-9754f5f3f516.jpeg)
Maskaraden aroa hasi berri den honetan Euskal Kultur Erakundeak inauteri molde honi buruzko lekukotasun interesgarrien sorta ederra sareratu du Mintzoak proiektuaren webgunean. Elkarrizketak Maddi Oihenartek eginak dira eta maskaradetan parte hartze eta eskarmentu handia izan duten eta duten zuberotarrei egin dizkie. Testigantza hauen bitartez ezagutzen ahalko ditugu datu historiko jakingarriak, garai bateko dantza-maisuen arabera aitzindariek izan behar zituzten ezaugarriei edo Zuberoako dantza-teknika bereziari buruzko xehetasunak, emakumeen parte hartzeari buruzko oharrak edo maskaraden alde sinbolikoari buruzko interpretazioak, besteak beste.
Ondoko lerroetan, lekukotasun horien entresaka bat eginen dizuegu.
Garai bateko maskaradak
Zuberoako maskaradak, gisako erritu guztien antzera, gizartea aldatzen doan heinean ere aldatzen doaz. Duela 70 urte ez zirela gaur egun diren bezalakoxeak alegia. Jakes Jaragoien eta Battitte Queheille aitzindari altzürükütarren esanetan askoz nekezagoak ziren orduko maskaradak, baina sos ederrak biltzen zituzten itzulian.
Oso neke zen Maulen. Izigarriko karrika itzulia zen. Leher egiten genuen!
Diru anitz biltzen zen, barrikada andana bat egiten baitzen. Adineko batzuk diote 100 barrikada egiten zela! Basa-basa egiten ziren, 5 aitzindariak elkarrekin. (...) Dirua biltzen zen. 1957an, 500.000 franko. Garaian, zerbait zen! Enpresaburu anitz bazen, Elissabide, Lagune eta beste. Dirua ematen zuten.
Elizaren kontrola ere, orain baino askoz handiagoa zen, baina orduan ere, maskaradek erakarmen berezia zuten, baita apaiz batzuendako ere.
1957an, izan ginen Mitikilen eta Eskiulan. Ateraldi horiek ez genituen Ihautean egin ahal izan. Beraz berantago egin genituen, igandez. Apezari baimena galdegin behar zitzaion. Hauek ez zuten sobera nahi…(...) 1951n maskaradak egin genituelarik, Sarrikotapean apezak gomitatu gintuen Garizuman. Altzürüküko apezari hura erran genion. (...) Harrera oso ona egin ziguten! Sarrikotapean ez zen sekula maskaradarik izaten bestela. Gu 1951n izan ginen. Altzürüküko apezari hori erran, eta apezak antolatua baitzen, onartu zuen. Eskiulakoak ere segur aski.
Beraz, apaizak maskaraden bultzatzaile ere izan direla. Horren beste adibide bat dugu honakoa. Jan Pierra Rekalt entseinari, dantza-maisu eta errejent altzaiarrari Errezarret apaizak eman zion bandera dantzatzeko eta bralea ikasteko bidea, berak bideratu baitzuen Harbustan barkoxtarrarengana:
Txerrero hasi nintzen lehen maskaradetan eta prefosta, Errezarret apeza beti hor zen. Bazen Onizegainen, Harbustan barkoxtar maiasturu bat, hor bizi zena. Entseinari izana zen Barkoxen, lehen... "Harek bandera erabiltzen badaki. Joan behar duk banderarekin ikastera!".
Hori 1975ean zen. Ni dantzan hasi nintzen 18 urtetan. Ttittika anaia igorri nuen. Hura behin joan zen, baina gaztea zen eta bost axola zitzaion. Lan handia galdetzen zuen eta ez zuen gogorik. Orduan ni joan nintzen eta banderaren erabiltzen erakutsi zidan, eta bralea ere bai, prefosta. Bandera manera berdinean erabiltzen dugu barkoxtarrek, altzaiarrek eta urdiñarbetarrek. Uste dut 3ek gizon harekin ikasi genuela.
Egun, usu gertatzen da bralerik (soka-dantzarik) gabeko maskaradak ikustea, baina Jean Pierra Rekaltek dioenez, hori ez zen gertatzen bere gazte denboran. Pierre Ager Garat-Arhane-rekin eta Pierre Bordazarre Etxahun-Irurirekin prestatu zituzten 1976ko maskaradak eta haiek hala zioten: Behar dugu bralea eman! bralean egiten diren 8 mugimendu koreografikoen marrazki segretua ikustea merezi du, lekukotasun honetan.
- Altzaiko maskaradak Atharratzen, 1976 urtean. Irudiak: Andra Maria Euskal Folklore Elkartea.
Lehengo garai haietan, maskaradek ez zuten orain bezainbeste irauten. Urte hastapenetik garizuma arteko tartean egiten ziren eta gero fini! Jean Mixel Bedaxagarrek hala kontatzen du:
Bai, ihaute denboran… Urtatsetik ihaute asteartera,eta maiz, haustez, hausterre egunarekin, asteazkenarekin kontuka, eta San Pantzarren erretzea. Badakit Alzürükun egin dela, eta gero olha barreia! Bakoitza bere etxera eta amaitua zen!
Bada, kapitulu hau berdin. Amaitua da!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
![Aritz Ibañez Lusarreta Aritz Ibañez Lusarreta](https://dantzan.eus/kidea/aritz/@@images/87f3d635-d536-47df-9301-1d88be8e8de8.jpeg)
Aritz Ibañez Lusarreta
Iruñea (1979)
Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzaria 11 urte nituenez geroztik. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz.
Dantzen bricolagean trebatzen: Iruñeko dantzarien errepertorioa + Iruinkokoa
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean