Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Dantzaz eta politikaz

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz eta politikaz

Gaineko izenburuak besterik ulertarazi badezake ere, post honetan ez naiz ariko dantzak zenbait ekitaldi politikoetan duen presentziaz, historian zehar kolore bateko zein besteko alderdiek dantzaz egin duten erabilpenaz edo agintari politikoek dantzari eman dioten garrantziaz (edo garrantzi ezaz). Politikaren beste adiera batez ariko naiz.

Azken aste hauetan behin baino gehiagotan entzun dut batean eta bestean dantza ekintza politiko bat dela. Juan Antonio Urbeltzi entzun izan diot, Oier Araolazari entzun nion hemen, Antton Lukuri dantzan ikasik antolatutako hitzaldian...  Buruari pixka bat eragin ondotik ondorioztatu dut ni ere ados naizela baieztapenarekin.

Esan bezala, politikaz ari direnean, Urbeltz, Araolaza eta Luku ez dira ari politikarien arteko eguneroko alderdikeriez, askoz ikuskera sokonago batez baizik.

Wikipedian kontsulta azkar bat egin eta Politika hiriaren antolakuntzari edo hiritarraren arazoei dagokiena dela irakurriko dugu. Gizarte libre batean, gizaki librez osatutakoa, haien bizitza kolektiboak sortzen dituen arazoak konpontzen saiatzeko prozesua da.

Herritarrei buruz ari gara beraz, haien arteko harremanez, gizartea eraikitzeko moduez… eta gure dantzek asko dute ikusteko kontzeptu horiekin.

Greziarren garaitik izan du dantzak paper garrantzitsua giza harremanen eraikuntzan. Urbeltzi irakurri diot "Bailar el Caos" bere liburuan, garaian, dantza, sistema mistiko-filosofikoa zela eta osasungintza, sasoi fisikoa, ordenu militarra, oreka animikoa eta gizarte ordenua hartzen zituela bere baitan, besteak beste. Dantzaren helburua gizartea gidatzeko gai izanen zen pertsona topatzea zen.

grezia

Socrates-ek berak, Glaukonekin izan zituen elkarrizketetan honela zioen:

Era berean, biziki garrantzitsua izanen da, haien jokaeretan barnera ditzatela erritmoaren eta armoniaren legeak, uneoro jokaera oso mesedegarria erakutsiz norbere buruarekin eta hiriarekin. Haur, gazte eta heldu aroan, aipatutako probak airoski gainditu izan dituena, gizon oso izendatuko dugu, eta  hiriko zaindari eta agintari aldarrikatuko…”

Noski, gaur egun, dantzak gizartearen eraikuntzan agintariak berak ere hautatzeko sistema izaera hori galdua du, baina gurean,oraindik ere, geratzen dira horren aztarnak. Izan ere, Urbeltzek berak, Mikel Aranburuk edo Antton Lukuk aipatua baitute, soinu-zaharren, mutil-dantzen, dantza-jauzien, maskaraden edo libertimenduen helburua hori izan dela hain zuzen: gazteriak bere gaitasunak erakustea gizartearen aitzinean, frogatzeko eremu publikoan ardurak hartzeko prest zirela. Socrates-ek aipatutakoa hain justu!

Donapaleu Libertimendua 2009 0854

Antton Lukuk bere Libertitzeaz liburuan honela dio: Libertimendua politikaz mintzo da, horrek ematen diolarik indarra.(...) dantza plazaren hartzea da, sinbolikoki edo molde trasposatuan, res publica-ren gestioa du sujet".

Plazaren hartze hori gazteei dagokie, esan bezala.

"(…) erantzunkizunen hartzeko molde batean pasatu behar dira. <<Mutiko tzar>> horien gizontzeko tresna dantza da. Tresna hau da zortziko deitzen da Bidasoaren hegoaldean eta mutxikoak edo mutil-dantzak honako aldian (...) Pasaia erritua da".

Generoaren aferarekin tupust egiten dugu hemen. Joandako denboretan aipatutako eremu publiko hori gizonezkoen kontua izan da. Horregatik, mutikoen ardura zen muxikoak edo mutil-dantzak dantzatzea, gaztarotik heldu-arora salto, erakusteko gizartean laguntzeko prest zirela. Ez dirudi oso zentzuzkoa beraz, esaterako, Baztango alkatea emakumezkoa den garai honetan, ardura hortarako prest gaudela erakusteko “azterketan” parte hartzeko eskubiderik ez onartzea batzuek neskei.

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7812

Dantza gizartearen osagai egituratzaile gisa

Gazteendako erronkaren kutsu horrez gain, gure dantzek gizartea bildu, elkartu eta egituratzeko dohaia badute. Soka-dantza aipa dezakegu, adibidez. Soka-dantzan eskuz-esku lotzen dira dantzariak, denak bat eginez, zentzu fisiko zein metaforikoan. Soka horri korapilo bikoitza eginez (zubien bitartez), gizartearen kohesioa biziberritzen dela iradoki digu Urbeltzek.

Xiberoko maskaradetako branleak ere zentzu hori luke. Elkarbizitza berritzeko dantza bat, elkarbizitza berritzeko errito handiago baten barnean. Hori baitira, besteak beste, maskaradak. Aurrekoan sareratu zuen dantzan-ek maskaraden prestaketako mustraken bideo bat. Bertan helduak, gazteak eta umeak elkar-ekintzan, Xiberoko gainontzeko herrietan haien herri propioaren erakusgarri izanen den ikuskizuna prestatzen. Musikari, dantzari, kantari, antzezle, zahar eta gazte, eztabaidatuz, saiatuz, irriz, ikasiz… kontsentsuaren bila. Eskola ona doike!

Richard Wagner konpositore alemaniarrak ere antzeko kontzeptuak maneiatzen ditu  “Artea eta iraultza” liburuan. Greziarren (arte)drama jartzen du sorkuntza artistikoaren gailurrean, non poesiak, musikak, dantzak… bat egiten duten. Eta herritarrak, tragedia horien ikusle izatean, haien buruaz jabetzeaz gain kolektiboaren parte sentitzen dira.

teatro

Berdin gertatzen da gure Artedraman. Maskaradak karrikara ateratzean maskaradagileen eta ikusle izanen diren beste 15 bat herrien arteko harremana gertatzen da: barrikadetako jan-edanean, etxeetako bazkarietan, branlean ikusleak dantzara gonbidatzean eta maskaraden osteko parrandan. Herriaren batasuna. 


2014-02-02_Maskaradak-Zalgize_IZ_7370

Beraz, baloreak transmititzeko modua izan da dantza, entsaioetan konpartituz, diskutituz, transmitituz eta ondotik, emanaldian. Lukuren esanetan “komunitateak bere iraupenerako arriskutsu sentitzen dituen jarrerak zafratzen ditu molde jostagai eta gaixtoaz” libertimendu eta maskaradetan.

Dantza elkarbizitzeko, konpartitzeko, gure buruak (eta gure herriarena) ospatzeko. Dantza biltzeko, gure burua egituratzeko, gure dohaiak erakusteko, jarrera ezkorrak zafratzeko… Dantzan ni eta gu izateko, baloreak transmititzeko, herria (edo Herria) eraikitzeko…


Dantzaren dimentsio politikoa garrantzitsua da beraz, eta hau aintzat hartu gabe, dantza “folklore” elementu hutsal bilakatzeko arriskua dugu.

Dokumentuaren akzioak

2015/01/20 11:41
Politikan beti izan du garrantzia figura karismatikoak masak mugitzeko, eta Aritz, zuk diozun ikuspuntu politiko horrekin bat eginez; dantza erabiltzeko, konpartitzeko, ospatzeko...eta abar dein einean; dantzazaleok karismaz bete besterik ez gara egiten gizartean dantzaren gozamena zabaltzeko asmoz.
Dudarik gabe dantza zu eta gu gara!!
2015/01/22 16:28
Niri ere pentsatzeko eman zidan Antton Lukuren hitzaldiak.

Eta bai... dantza politika da, dudarik gabe!! Politika egiten dugu dantzan egiten dugunean, eta dantza moldeak gordetzen, erakusten eta transmititzen ditugunean.

Zure azken esaldiarekin geratuko naiz batez ere. Hots, dantzaren dimentsio politikoa aintzat hartu gabe, dantza “folklore” elementu hutsal bilakatzeko arriskua dugula. Ez al gaude hor juxtu bete-betean azken hamarkadotan??
2015/01/23 10:24
Nik baietz esanen nuke. Beti pentsatu izan dut dantza egitea ez zela aerobik-aren pareko ariketa fisiko hutsa, baina duela oso gutxi jabetu naiz dantzaren dimentsio politikoak duen esanahiaz. Gero badakigu, norberak zentzu bat edo beste emanen dio baieztapenari. Toki batzuetan dantza benetan da gizartearen egituratzaile, egun ere, eta niretako hori da eredua. Lukuk dio dantza bere kontestutik aterata, bere hondoko metafora ezagutu gabe eta bere dimentsio politikoa ulertu gabe dantza "folklorea" baino ez dela, hitzaren zentzu negatiboenean. Urteak daramatzagu dantza bere kontestutik kanpo ematen (edo kontestu egokia bilatu gabe), hondoko metaforarik ba ote den ere planteatu gabe eta dimentsio politikoaz oharkabean (ez bada politikiaren azaleko irakurketa)... horixe panorama!
2015/02/16 09:31
Gaineko testuan batez ere dantzak eta artedramak orokorrean barne politikan duen eraginaz aritu nintzen baina asteburuan Berria-k Raul Zelik politogoari elkarrizketa egin eta kanpora begira ere, folkloreak duen garrantziaz ohartarazten zuen:

"Hemendik (Euskal Herritik) kanpo, esaterako, folklorea zerbait kontserbadore gisa ulertu ohi da. Horregatik ulertarazi behar da nortasun kultural horri arreta ematea, funtsean, kultura dominatzailetik urruntzeko modu bat dela, eta horregatik erresistentziazko ekintza bat dela".

Elkarrizketa osoa hemen: http://www.berria.eus/paper[…]klase_identitate_bat_da.htm

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.