Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Pastorala, Maskarada eta Astolasterra, egun bakarrean, Barkoxen

Dokumentuaren akzioak

Pastorala, Maskarada eta Astolasterra, egun bakarrean, Barkoxen

Pastorala, Maskarada eta Astolasterra, egun bakarrean, Barkoxen

1950 hamarkadako Barkoxeko lau irudi eder, Bilketa.eus webguneko argazki galeriatik. Delanghe doktorearen bilduma

Urte bat, maskarada bat eta pastoral bat. Hori da gaur egun, —salbuespenak salbuespen— Zuberoan jarraitzen duten ohitura. Irakurria dugu izan zirela lau eta bost maskarada ikusi ahal izan ziren urteak. Berdin pastoralekin. Alta, ikusi edo irakurri gabe genuen egun bakar berean eta arizale berdinek, pastoral bat, maskarada bat eta astolaster —edo Zuberoako maneran esanda, beharrilüze [1] laster— bat eman izana! 

Bilketa.eus atariak gordetzen ditu gertaera hori dokumentatzen dituen argazkiak. Delanghe doktorearen bildumakoak dira guztiak ere. 

Argazkietako batzuen informazioan arrasto batzuk bilatu ditugu: 1954ko abuztuaren 8an festa berezia izan omen zen Barkoxen eta han eman zituzten hiru antzezlan moldeak. Bilketa.eus-ek berak gordetzen duen prentsa zaharraren hemerotekara jo dugu eta Herria aldizkarian, hain zuzen ere topatu dugu egun horretan barkoxtar gazteek egin zuten Euskal Besta bereziaren aipamena. Harri batez hiru txori: Pastoral motx bat —Aymonen lau semeak—, Maskarada baten hainbat joko, eta asto-laster bat eman zituzten.

Pastoral motx bat

Aymonen lau semeak pastorala - 1954 - Barkoxe
'Aymonen lau semeak' pastoraleko arizaleak. Argazkia: Bilketa.eus. 1954-08-02. Barkoxe

Aymonen lau semeak entzute handiko pastorala izan omen zen garaian, 1818 eta 1984 artean hamalau aldiz emana. Les quatre fils d'Aymon XIII. mendeko kantuan eta izen bereko zaldun eleberrian oinarritua, horren bertsio motza eman zuten 1954an Barkoxen. Biharamuneko prentsak arizaleak —ia denak—goraipatu zituen:

Arresti hartako jairik ederrena. Jokalari onak, botz onak abantzu oroek, eta ontsa eskolaturik. Maugis-ek bere partea ongi joanarazi du. Kadrilak ere, ondotik, eder ziren.

Kadrilak eman zituzten pastoralaren ondotik, beraz.

Maskarada joko zenbait

Maskaradak Barkoxe 1954
Argazkia: Bilketa.eus. 1954-08-02. Barkoxe

Maskarada jokoak heldu omen ziren gero, oroek ezagutzen dituzten bezala, kroniken arabera. Kazetaria zorrotza izan zen honako honetan ere, dantzariak hein bat onak zirela idatzi baitzuen. Besterik ez du esaten. Beraz, argazkiari erreparatuko diogu, Sohütako maskaraden Dantzargazki hartan bezala, baitago zeri so egin.

Maskarada joko andana bat baizik emanen zituztela iragarri arren, 35 arizale agertzen dira argazkian. Edozein maskaradetan bezala hor dira aitzindariak, jauna, anderea, laborari eta laborarisa, marexalak, kukulleroak, xorrotxak, kerestuak, buhameak eta kauterak. Baina bada beste pertsonaiarik ere. Sohütako argazkian nola, gangsterrez edo espioiz jantzitako pertsonaia hau agertzen zaigu:

1954_Barkoxeko-maskarada-Gangsterra

Zuberoako zenbait herrik haien maskaradetan hartza ateratzeko ohitura dute —beste batzuetan, aldiz, ez da agertzen—. Barkoxe da hartza ateratzeko ohitura duenetako bat, eta argazkiaren arabera, ageri da ohitura aspaldixkoa dela. Argazkiaren beheko aldean, zolan eserita ageri dira hartz bitxi samar bat eta bere zaindaria. Zaindariak jantzita daraman zamarra izugarri ederra begitandu zaigu. Artilezko galtzerdi luzeak eta eskalanpoiak ere janzten ditu, eta artzain-zakua dirudiena darama ezker sorbaldaren gainean.

1954_Barkoxeko-maskarada-Hartza

Barkoxtarren beste ohituretako bat izaten da, ohiko aitzindariez gain, aitzindari beltzak ere ateratzea. Eta begirada zorroztuta, haietako bi antzematea iruditu zaigu. Argazkiaren goiko partean dira: zamaltzain eta txerrero. Beltzeriak okupatzen duen partean kokatuak baitira, zamaltzainaren jantziaren soiltasun handiagoarengatik eta jaken kolore ilunagoagatik, uste dugu beltzez jantzitako aitzindariak direla, baiki.

1954_Barkoxeko-maskarada-Zamaltzain-txerrero

Beharri lüze lasterra

1954_Barkoxeko-Asto_lasterra
Argazkia: Bilketa.eus. 1954-08-02. Barkoxe

Desegokitzat hartzen ziren ezkontzez trufatzeko halako epaiketa edo auzi publikoak izaten ziren astolaster edo beharri lüze lasterrak. Patri Urkizuk honela deskribatu zituen Antzerti aldizkarian:

Astolasterrak desusuko ezkontza bat sortzen zenean: zahar bat gazte batekin, protestanta bat katolika batekin, edo bikote baten harremanetako nolapaiteko eskandala barreiatzen zenean herrian zehar, eraikitzen zen. Gazteria hasten zen hazienda guztiari beren zintzarriak, joaleak, tunturroak kentzen, adarrak prestatzen, eta koblakari batek senar-emazte gaztigatuaren aitzinean bertso batzu paratzen zituen, oihu, algara eta garrasi artean. Ondoren ez bazuten haien isiltzea diruz erosten, komeria ziztakor eta irrigarri bat sofritu beharrean aurkitzen ziren.

George Herelle-k aldiz, honela zioen, Études sur le théâtre basque liburuaren 2. tomoan:

J.-B. Hardoy jaunaren arabera, (...) , Zuberoako asto-lasterrak honela egiten ziren: Asto multzo batek tiratzen zuten karro bat, bata bestearen atzetik lotuak, eta herriko ikusle guziek segitzen zituzten. Karroan, mozorrotutako gazteak zihoazen herriko karriketan barna, aipatu nahi zituzten pertsonen eskarnioak eginez, elkar ferekatuz, musukatuz, eta guti aski inprobisatutako bertso satirikoak kantatuz. Gero, konpainia hori “gaizkileen” etxearen aitzinera joaten zen, eta han ematen zuten mendekuzko kontzertua.

Argazkikoa, segur aski egiazko astolasterra izan ez bazen ere —XX. mende hasieran debekatu baitzituzten—, herri antzerki molde honen osagai nagusiak errespetatu zituen: auzitara eramana izanen den bikotearen rola jokatuko duen arizale parea zuhaitz adarrez eta hostoz apaindutako gurdi gainean, herri guztiak ikusteko moduan, eta gainerako arizaleak —gendarme, herritar xume eta beste— astoen gainean igoak. Asto-lasterrak “irriak gizenxka aidatu” zuela dio Herria aldizkariaren kronikak.

Dantzari eta dantza-maisu ohoratua

Martx Eihartzet dantzari eta errejent barkoxtarra ere laudatzen du kazetariak, halako festa ederra muntatu baitzuen herriko gazteekin. Martx Eihartzet gazte zendu zen dantzari eta dantza-maisu ohoratua izan zen. Berak xaxatu omen zuen Etxahun Iruri, 1953an Etxahun Koblakari pastorala idatz zezan —ordura arteko pastoral moldeak irauli eta euskal sujetak goresten aitzindari izan zena— eta emakumezkoak sarrarazi zituena 1946ko Barkoxeko maskaradetan.

Argazkietako bitan agertzen den gizon hau Martx Eihartzet izan daitekeela suposatu dugu.

1954_Barkoxeko-maskarada-Martx_Eihartzet

Lotuan, dantza-jauzika

Dantza-jauziak-Barkoxen_1950
Argazkia: Bilketa.eus

Delanghe doktorearen bilduman bada beste argazkirik ere. Goiko hau ekarri nahi izan dugu hona, honek ere dantzarekin eta genero kontuekin zerikusirik baitu, besteak beste, eta beraz, badu zer konta. Hamabost bat laguneko taldea ageri da dantzan, Barkoxeko plazan. Borobilean dira, beraz, ondorioztatu dezakegu dantza-jauzi bat ematen ari direla. Gizonezkoak dirudite gehienak, baina bada emakumerik ere. Soinekoa daraman lagun bat ageri da erronda horretan dantzan. Oztopoak-oztopo, emakumezkoak beti dantzatu izan direla aldarrikatu eta azaldu digu ‘Gure Ondarea’ proiektuak eta argazki hau ere kontakizun hori berrestera dator.

Beste bi emakumezko —behintzat— ere ageri dira dantzan, lehen planoan, pixka bat lauso. Kasu honetan dantza lotuan ari dira. Eta haien eskuinean oraindik beste bikote bat ikusten ote den, haiek ere elkarri lotuak? Deigarria egin zaigu, horrek esan nahiko lukeelako tarteka, dantza-jauziak ere lotuan dantzatzen zirela.

1950-Barkoxe_dantza-jauziak_lotuan

Orduan gogoratu dugu estanpa hori jadanik ikusia genuela, eta ez argazki geldu batean, baizik eta mugimenduan.

Garaitsu bereko bideoa da —1958koa—, baina kasu honetan, Nafarroa Beherean, Heletan grabatua. Huber Knapp-en Le Curé basque de Greciette filmaren zatia. Filmak Lekorneko Gerezieta auzoko bizimodua eta ohiturak jasotzen ditu, tartean, baita Heletan hartutako dantza-jauzi irudi hauek ere. Herritarrak, dantza-jauziak dantzatzen ari diren bitartean, biribilaren erdian, bi emakume lotuan ari dira dantzan, kasu honetan ere. Ohikoa izanen ote zen dantza molde hau XX. mendearen erdialdean?

 (40. segundutik aurrera agertzen zaizkigu lotuan ari diren dantzariak)

 

[1] Beharri= belarri. Beharri-lüze= astoa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.