Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta "Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio"

Dokumentuaren akzioak

"Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio"

"Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio"

Joana Etxart, Ihitz Iriart eta Xantiana Etxebest, Gure Ondarea proiektuko eramaleak, dokumentaleko irudietan

Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak ere badira, zenbait, emakumezkoen kalterako. Historia hala idatzia izan dela ohartzeko ere balio digute lanok. Alta, Gure ondarea izeneko proiektuaren bultzatzaileek —Joana Etxartek, Ihitz Iriartek eta Xantiana Etxebestek— diotenez, pixka bat karrakatuz gero, berehala agertzen dira maskaradetan, pastoraletan, kantuan, —finean, plazan— aritu izan diren emakumeen testigantzak. 

Gero eta maizagoak dira gure festa eta erritualetan emakumeen parte hartzea ukatzen duen errelatoa indargabetzen dituzten lanak. Horietako bat dugu Gure ondarea. Kanaldude herri telebistak egin dien dokumentalean azaldu dituzte proiektuaren arduradunek haien hausnarketak, motibazioak eta xedeak. Joana Etxartek proiektuaren muina azaltzen du, hasteko.

Gure ondarea proiektuan elkarrizketak egiten ditugu kulturan edo pastoral edo maskaradan edo kantagintzan erauntsi diren jendearekin. (...) Jorratzen diagu jende horren bizia, txikitan, gero gaztetan eta handitzearekin, nola kultura sartu den jende horren bizian eta nola jende hori sartu den kulturan ere bai. Nola ikasi duen, eman dezagun dantzan, nola hobetu den eta gero nola transmisio zerbait izan den edo ez. Haboro interesatzen gaituzte emazteak, baina egin izan dugu gizon bat ere bai.

Informazio mentxa, akuilu

Emakumezkoen parte hartzea salbuespen gisa hartu izan da, baina salbuespenak pilatzen hasten direnean, noiz uzten diote salbuespen izateari? Esan bezala, plazan aritu izan diren emakumezkoen informazio gabezia antzematen baitzuten abiatu zuten proiektua 2021 urtean, gezur bati erantzuna eman nahian, Ihitz Iriartek dioenez.

Nire ustez, mentx hori mentx orokorra da, hala ere. Ez da kulturan baizik agertzen den mentxa. Funtzionamendu zahar edo aspaldiko baten ondorioa da. Ez betikoa, baina guregana heldu dena, hala ere, eta gaur egun sentitzen duguna. Uste dut badakigun emaztea plazan agertzea konplikatua izan dela garai batez. Uste dut beti ez dela hala izan, baina guk ezagutu dugun hori beti hala izan da. Orduan, uste dut badela ere gezur horri arrapostu baten ematea. Baina enetako segur da sozialki, ekonomikoki edo bizitzan orokorrean, deliberoak eta indarrak gizonak ukan dituela eskuetan eta debekatu izan dela zerbait plazan. Eta ber denboran debeku horrek esan nahi du ere bai, agitzen zen zerbait zela. Zeren agitzen ez den zerbait ez baita debekatzen. Orduan uste dut horrek ere, oraino, ez dakit, indar edo kuriositatea haboro emaiten digun.

Gure Ondarea - 03
Santa Elena pastorala, 1953an, Ligin

Ez dela izan. Izatekotan, salbuespen bat izan dela. Parte hartze horiek ez direla garrantzitsu edo interesgarri… errelato hori emakumeek beraiek barneratua dutela adierazi dute ikerlariek. Joana Etxart:

Aipatzen da ikerketetan Dénis d'antériorité aurretiazkotasunaren ukatzea. Erran nahi du, badela sineste bat ez dela izan, ez dela existitu, ez dela izan. Eta arlo hanitxetan agertzen dena. Historian, ere bai, agertzen da. Eta guhaurek ere hori sinesten dugu. Eta ohartzen zarelarik hori gezur animal bat izan dela, eta ez, izan direla betidanik kulturan parte hartu nahi diren emazteak. Ohartzen zara badela mentx bat eta betatxatzeko lan handi bat badela. Beranta handia badela eta beranta horren betatxatzen saiatzen zara. Sinestea bada ez dela interesgarri emazte batek bizitu duena edo nola parte hartu duen. Badakizu, holako… ez da interesgarri. Ez da bortxaz ez dela izan, baina, bon, ez du inor interesatu. Eta hori sentitzen dugu. Adibidez, galdegiten diogularik norbaiti: zuk dantzan erauntsi duzu? Inbera genuke elkarrizketa bat zurekin egin, eta berak erranen du: Ah, baina zerentako eni? Nik ez dut deus kontatzekorik. Galta ezazu herriko... eta hor ematen dute herrian ezaguna den dantzari beste norbaiten izena. Zeren eta beraiek ere ez dute ikusten beren historia interesgarri bezala. Eta gu horrek gaitu interesatzen. Guk erraten diegu: bai, zure historia interesgarri da.  

Erresistentzia baten lekukotzak

Momentuz hamaika —zehazki— elkarrizketa egin dituzte, horietako hamar emazteei eta bat gizonezko bati. Lekukotzetan debekuak, sentitutako mugak, jasotako mespretxuak aipatzen dituzte emakumezkoek. Eta horien aurrean, agian guztiz kontziente izan gabe, garatutako erresistentzia modu bereziak ere bai. Esaterako, debekuaren aitzinean, ikusiz ikastea, Joana Etxartek kontatzen digunez:

1950eko hamarkadan oraino sortu diren emazteak kontatzen dute gazte zirelarik eta txiki zirelarik, dantza kurtsoak bazirela herrian baina mutikoendako baizik. Eta joaten zirela ikustera, zenbait aldiz, baina ttotto eta so. Eta ez da ez baitiete irakatsi kurtso batean ez dutela ikasi. Eta hori atzeman egiten dut, erresistentzia mota interesantea dela, eta ederra dela. Eta beste anekdota bat gogoan dut. Santa Graziko emazte batek, 1950eko hamarkadan sorturik ere bai, gazte zenean egin zuen pastorala Santa Grazin.

Emakume horietako zenbaitek, laidoa ere pairatu dute. Eta luzaz barnean korapilatua eraman, agian guztiz kontziente izan gabe ere. Halako batean, errebelatzeko pizgarri gisa balio izan dien arte. Joana Etxartek Santa Graziko emazte horren beste pasadizo bat azaldu du:

Orduan oro gizon ziren arizaleak. Eta eszena batean behar zituen emazte saldo bat sarrarazi negarrez aritzeko edo. Eta sartu zirelarik errejentak esan zien: zuek emazteak, ez duzue deus ere balio. Mustrakan, ororen aitzinean. Eta kontatzen zigun horrek, gogoan zuen oraino. Eta bere bizian, eta nola kontatzen zuen gero, eman zituen urratsak, sentitzen dugu hark ere gorde duela hori, hori entzun zuela. Umiliazio une bat izan da. Eta horrek, hala ere, ekartzen duela 20 urte beranduago eman dituela emazte horrek urratsak, bideak urratu dituela beste zenbaitekin ez berak bakarrik erreakzionez. Esan nahi du ez zekiela oraino, baina ez zuen onartzen. Eta orduan bada, bai, zapalketa bat, bazterketa bat eta mespretxu bat, misoginia deitzen dena, denen aitzinean esaten dena. Baina beti bada, historietan ere bai, erresistentzia egiteko manera bat eta elkarrekin, usu kolektiboa dena. Eta hori interesgarri da.

Gure Ondarea - 04
Gure Ondarea proiektuak elkarrizketatuak izan diren lagunak

Joana Etxartek azaldu duenez, ez du progresoaren idean sinesten —gauzak etengabe aurrera eta hoberantz doazenik— eta uste du horrelako gatazkak etengabe negoziatzen eta hartara, irabazten edo galtzen direla. Negoziaketa horien ondorioz ezartzen diren mugak ez dira elkarrizketatuen esperientzietan baizik. Proiektuaren bultzatzaileek ere bizi izan dituzte, kasu batzuetan, jadanik heldu zirela. Ihitz Iriarten esperientzia da hori:

Betidanik, txikitatik kulturan murgilduak izan gara, zeren nik behintzat, ikusten dut nire burua oso gune aske batean sortu nintzela, eta beti bultzatu naute horretara. Baina adin batera helduz gero, mugak sentitu ditut, orduan, eta ez nuen konprenitzen zendako, ez bainintzen horrela handitu eta horrela hezirik izan. Zerendako muga horiek momentu batez sentitzen nituen.

Negoziaketa etengabe horietan emakume askok egindako erresistentziek egungo emakumeei suposatu die urrats bat aurreragotik abiatu ahal izatea, horrela bizi izan du Xantiana Etxebestek:

Elkarrizketatu ditugun emazte horietatik elkitzen dudan mezu bat, eta adin baitute, haboroenak 1950, 1960 hamarkadan sortu baitira, eta debeku hori baitzuten zenbaitek, edo plazan agertzeko, edo mustraketan agertzeko, edo nik dakita zer. Hala ere, orok, nahiz eta debekua eduki, orok egin dute zerbait. Zinez mezu azkar bat nik biltzen dut eta zurraldi bat bezala ere bildu dut hatsarrean ari bainintzen: nik ene mugak pausatzen baititut, behar ere emazte horiek ez duten pausatu, ene mugak haienak baino urrunago baitira orain. Eta azkenean, zertarako nik nire mugak pausatu behar ditut, beraiek ez baitute egin?

Neskak badatoz, mutikoak badoaz

Debeku eta mugen gainetik, emakumezkoek plazak hartzen jarraitzen dute, gero eta modu ugariagoan. Eta emakumeek toki gehiago hartu dute heinean —beste leku askotan gertatu bezala— gizonezkoak desagertuz joan dira. Horren aitzinean zer egin, zalantza du Ihitz Iriartek:

Ber denboran, emazte neskatila hanitx bada, plazetan kasik mutiko gutxi, eta hori izugarri ontsa da. Baina ez, zeren uste dut inportanteena den mixitate horren gordetzea. Eta ber denboran nire galtoa da: Baina non da problema? Problema da gizonek edo mutikoek gune bat partekatu edo konpetitu behar dutenean emazteekin, nahiago dutela joan. Eta hor sortzen da beste barne guduka bat enetako, emazte gisa. Eta da: joaten naiz berriz mutikoen xerka eta ekarraraztera, zeren eta nahi dut haiekin gune hori partekatu, inportante banaiz ni eta inportante baita gune hau? Edo aski emanik dut eta behar dut gune hori gozatu nirea baita ere eta, bon, ez dut haien problema guztiei arrapostu bat izaten ahal nik.

Gure Ondarea - 05
Eskiulako maskaradak, 1992.

Aitzpea Leizaola antropologoak ere parte hartzen du proiektuan. Kanpoko so akademikoa ekartzen dio proiektuari. Orain arteko parte hartze maila modu batekoa izatea deliberatu dugun bezala, bestelakoa izatea ere deliberatzen ahal dugu, berdin, bere ustez:

Eta uste dut ere ikerketa honek erakusten duela, ez dela soilik espazio mistoak egitea garrantzitsua dena, baizik eta postu guztietatik aukera berdintasuna izatea. Eta ikustea ere, zenbait kasutan parte-hartzea bermatzen denean, ez dela ere beti bermatzen maila edo hein berean. Postu guztietan ez direla emazte eta gizonak hartzen edo sartzen, eta hori ere ez dela kasualitatearen kasualitatea, baizik eta hori da prozesu baten ondorio. Eta hori horrela bilakatu den moduan ere, aldatzeko pistak edo bideak ere badaudela, aldaketarik nahi baldin bada.

Gure Ondarea - 02
Gure Ondarea proiektuko ikerlariak, Baionan

Plaza partekatzea arazo bilakatu da, antza. Bestetik, badira zenbait kargu, oraindik ere emakumezkoei esleitzen ez zaizkienak. Erresistentzia batzuk indarrean sentitzen ditu oraindik Joana Etxartek. 

Sentitzen ditugu muga zenbait, abantzu intenporalak. Kargu batzuk, edo errespontsabilitate batzuk, ez direnak emazteer zabalik izan oso luzaz eta doi doi hasten direnak zabaltzen. Eta beste alde batetik, bada beste zailtasun bat eta da elkartzea. Eta elkarrekin gauzen egitea, plazer har dezaten eta txostaka daitezen, bai emazteak eta bai gizonak. Horiek dira bi zailtasunak edo, nola erran, guneak non erresistentzia handiak badiren, ez kontzienteki. Edo ez dira ohartzen ere erresistentzia horiek badituztela, seguru ere. Ez da aisa. Atzematen dut oraingo gazteentzako, oraino, herri batean, konpreniaraztea maskarada bat abiatzen delarik, zerendako ez, Kabana egiten ahal lukeela?

Hausnarketa hauek eta askoz gehiago entzungai dituzue Kanaldudek Gure Ondarea proiektuari buruz egindako dokumentalean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.