Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzargazkia 001: Maskaradak Sohütan 1934an

Dokumentuaren akzioak

Dantzargazkia 001: Maskaradak Sohütan 1934an

2013/04/26 11:40
Argazki zaharrei begira ibiltzeko gonbidapena da honako atal berri hau. Dantza argazki zaharrak hartu, eta haietan aurkitzen ditugun kontu bitxi, harrigarri eta sorpresak denon artean komentatzea. Hasteko, Zuberoako maskaradetako argazki batekin hasiko gara. Sohütan egindako argazkia da, 1934an, eta badauzka hainbat kontu bitxi, bai horixe!

Sohüta (1934), maskaradak.

Ezer baino lehen, merezi du argazkia osorik eta tamaina handian ikustea: 1934 Maskaradak Sohütan argazkia handian.

Aipagarria iruditu zaigu parte hartzaileen kopurua. 47 lagun kontatu ditugu. Gaur egun, talde txikiagoak (30en bueltan) izaten direla esango genuke. Bi zamaltzain, bi txerrero, kantiniersa, gathuzaina eta enseinaria ezagutu ditugu aitzindarien artean. Horiez gain, lau marixala eta sei küküllero, jauna eta anderea, laboraria eta laborarisa, bi txorrotx eta bi kherestu, txirularia eta atabalaria...

1934 Sohüta ZapurrakHortik aurrera badira hainbat kontua aipagarri. Deigarrienak akaso zapurrak dira. Ttuntturro edo kapela konikoak buruan, aizkorak eskuak eta zigarroak ezpainetan, lau zapur ageri dira argazkian, bi benetako aizkorekin, eta beste bi gezurretakoekin. Testigantza zaharretan aipatzen ziren zapurrak, baina badirudi aspaldi ez direla agertu maskaradetan. Gezurretako aizkorak daramatzaten bi zapurren ondoan badira beste bi lagun, nola esan, ganster jantzita?

1934 Sohüta Zapurrak eta gansterrak

Beltzerian, buhame eta kauteren taldeak ere baditu bitxikeriak. Bi buhame eskopetan dituztela eskuetan ageri dira. Kauteren eta hartzaren artean eserita, bi mozorro ezezagun ageri zaizkigu, kapelarekin biak. Batek soinua edo akordeoia du eskuetan. Besteak emakume mozorroa daramala dirudi eta ontzi bat du eskuetan. Guilcherrek aipatzen du zenbaitetan eskale bikote bat agertu ohi zela, eta senarrak soinua jotzen zuela. Horiek izango dira akaso? Hartzaren mozorroa ere ikusgarria iruditu zaigu. Ez dirudi ardi-larruaren egina dagoenik... Azeri-larrua? Hartzarena berarena?

1934 Sohüta Kauterak, soinujolea eta hartza

Lurrean eserita baita ere, baina ezkerreko bazterrean, beste hiru pertsonaia ezezagun ikusten ditugu. Bi  mutil gaztetxo zuriz jantzia ageri dira (ezkerrekoa argazkiaren ertzetik kanpora geratu da). Ez dakigu zein mozorro izan daitezkeen zuriz jantzita bi horiek. Bien artean, eserita dagoena Hartzaren erakustailea izan daitekeela pentsatu dugu. Eskalapoinak (egurrezko oinetakoak) daramatzala dirudi eta makila dauka eskuan.

1934 Sohüta zuriz jantzitakoak hartz erakustailea

1934 Sohüta Maskaradak ezezagunaXIX. eta XX. mende hasierako maskaraden aipametan hainbat mozorro aipatzen ziren. Guilcherrek adibidez sarjentuak, medikua, botikarioa, notarioa, ile-apaintzailea eta bere emaztea, zapata-garbitzailea, kale-garbitzailea eta eskaleak aipatzen ditu. Herellek lore-saltzaileak, ikazkin espainola, gozogilea, hitzontzia edo Xahok ere aipatzen duen gotzaina ere aipatzen ditu. Ez dakigu guzti horietakoak diren, ala beste batzuk, baina Sohütako 1934ko argazki honetan badira beste hiru mozorro (gorago aipatutakoez gain) arrotz zaizkigunak: kherestuen ondoan dagoen gizona, gansterren atzean erdi ezkutuan geratu dena eta zamaltzaina eta kantiniersaren artean dagoena.

Eta mila begi bik baino gehiago ikusten dutenez, eta dokumentazioa eta historia ezagutzeak, argazkiek erakusten digutena azaltzeko bidea ematen digutenez, horra gonbidapena zuen begiek ikusitakoa kontatzeko, ea denon artean kontu gehiago ezagutu eta ulertzen ditugun.

 

Karlos Irujo-ren argibideak

Goian aipatutako hainbat zalantza argitzeko informazio oso baliatsua eskaini du Karlos Irujok, Michel Duvert-en artikulu baten ematen den informaziotik abiatuta. Hemen Karlos Irujoren testua:

Aizkorak, zapurrak eta notarioak

Aizkorak, zapurrak eta notarioak Lehengo egunean Oier Araolazak gonbita bota zigun argazki zahar bati buruzko gogoetak egiteko. Argazkia 1934. urtean egina zegoen eta bertan Xohutako maskarada agertzen zen. Egun bertsuan iritsi zitzaidan Anuario de Eusko-Folklore izeneko aldizkaria eta bertan maskaradei buruzko aipamen txiki batzuk egiten zirelarik, honatx ekarri nahi nituen.

Artikulua Michel Duvertek sinatzen du eta  inguruaren populazioari buruz aritzen da: saroiak, kortak, olak, bordaldeak eta abarren egitura zirkularra estudiatzen da “hauetarik kolonizatu baita mendia, eta geroago horietan etxeak eraiki”. Selak leudeke espazioaren antolamendu honen azpian. Haien erabilpena aldatu omen da, baina artzaintzarekin loturak zituztela ez dago dudarik (hasierako erabilpena bestelakoa izan bazitekeen ere).

Ola baten hedadura erabakitzeko olariak aizkora jaurti behar zuen lau aldiz: “… avaient entendu dire cette histoire de jet de hache par des anciens garaztar. L’un d’eux, L. Sagardoy, me précisa même le sens des 4 jets…”. Gauza bera gertatzen zen Zuberoko olekin eta gaineratzen du: “Tout ceci était fait devant témoins” (hau lekukoen aurrean egiten zen). Nolabaiteko “notarioak” hauek ere. Eta darrai: “L’action fondatrice du lancer de hache du pionnier-défricheur, va être retenue et mise en scène en Soule. Errejent bien connu, M. Heguiaphal de Chéraute ma racontait qu’autrefois, dans les masacarades souletines, on voyait un berger avec son bâton (artzañ makhila), une hache sur l’épaule, 3 agneaux devant lui. Il me décrivit une saynete qu’il avait vue en 1934 au village, oú l’ours attaquait le berger défendu par un buhame que ensuite le tuait, le pelait pour vendre la peau “et en tirer bi sos”, etc. Chaho vit à Tardets, lors d’une mascarade, derrière Xerrero qui ouvrait le cortège, le berger, avec hache et bâton, précédant ses agneaux et l’ours” (Aitzindariek aizkorarekin egiten duten ekintza sortzaile hartzen da Zuberoan eta eszenifikatzen da. M. Hegiapalek, Xohutako errejenta ezagunak kontatzen zidan ezen aspaldin, maskarada zuberotarretan ateratzen zela artzain bat bere makilarekin, aizkora bat lepoan eta hiru bildots bere aurrean. Deskribatu egin zidan 1934. urtean bere herrian ikusi zuen sainetea, zeinean hartzak oldartzen zitzaion buhame batek defendatzen zuen artzainari. Horrek hiltzen zuen hartza, larrua kentzen zion  “bi sos” lortzeko, etabar. Xahok Atarratzen ikusi zuen, maskarada batean eta Xerreroren gibelean (maskaradaren aitzindaria), artzaina aizkora eta makilarekin hartza eta bildotsen aurretik”.

Eta hori da Oierrek argitaratu zuen argazkiarekin eta bertan agertzen diren hainbat pertsonaiekiko dagoen lotura. Hor gelditzen da aizkora eta artzainaren artean egin zitekeen harreman sinbolikoa. Udal agintearen ikurra edo sinboloa makila baldin bada, artzainarena ez da bakarrik makila, aizkora ere bai. Aizkorak jasotzen du ola edo kaiolar edo bordaldearen jabetza, jabetza horren sinboloa bihurtzen da edo bihur daiteke.

Baina aizkora ez da bakarrik Zuberoko maskaradetan agertzen. Nafarroa Behereko zapurrek ere badaramate aizkora hori. Daramaten jantzia sapeur napoleonikoena da, dudarik gabe, baina artzainekiko nolabaiteko harremanak bilatuta… aurki daitezke. Napoleonek sortu zituen sapeur konpainiak eta beraien jantzia gure zapurren oso antzekoa da. Noski, haien aizkora ez zen egurrezkoa, benetazkoa baizik. Nafarroa Beherean buruan daramaten kaska kartoizkoa izan daiteke ala ardi larruz egindakoa. Ardi larruz? Bai, baina Napoleonen sapeurrek hartz larruz egindako “kaskak” zeramatzaten. Hartza ehizatuta dago eta larrutua kaska hori egiteko. Badago hari bat zapurra, artzaina, aizkora eta hartzaren artean. Agian bakarrik hori da, buru bero batean harilkatutako haria.

Karlos Irujo


2013/04/25 17:16
Jon Iruretagoienak argitu digunez: "Ezker aldean zamaltzainaren azpian haurrak ikusten dira txuriz beztituak. horiek ere J-M Guilcher ek aipatzen ditu. Arkumeak dira eta erdiko Gizona, Artzaina. Guilcher ek Maskaradaren eszena bat esplikatzen du artza eta arkumeen artean." Bestalde, Iruretagoienaren ustez, "Gangster" jantziak dituzten horiek, Notarioak izan daitezke. Ez dut uste Guilcher-ek aipatzen dituen, baina Georges Herèlle-k bai. Herèlle-k dio 19.merdearen bukaeran desagertu zirela notarioak, baina arkumeak eta artza ere bai. Artza ta arkumeak agertzen badira hor, notarioak garai hartan berriz agertu direla pensatu daiteke."
2013/04/29 23:41
Ez dakit ezer gehitzen duen, baina J.D.J. Sallaberry-ren 1899ko maskaraden deskribapenak, argazkian agertzen diren elementu hauek behintzat aipatzen ditu:

- Bohame-Jaonak fusilez tiroak egiten zituela. “...Mais cette barricade ne saurait les retenir longtemps. Cherrero en tête, aprés quelques bruyants coups de fusil tirés par le Bohame-Jaon,...”. Argazkian bi buhame dira fusilarekin daudenak.

- Xahok aipatzen zituen artzaina, arkumeak eta hartza, desagertuak zirela berak ezagutu zituen maskaradetan, “...Aprés le Cherrero, on ne voit plus dans nos mascarades ours, agneau ni berger...”. Argazkian agertzen dira ordea.

- Xahok aipatutako gotzainaren pertsonaia zalantzan jartzen du, berak ez duelako sekula ikusi ez entzun, “...Dans les mascarades actuelles, il n’existe pas de rôle d’évêque... nous ne l’avons jamais vu et nous n’avons trouvé personne qui l’ait vu non plus parmi les nombreux compatriotes, vieux et jeunes, que nous avons consultés à ce sujet.” Argazkian ez dago gotzainik, nahiz eta zapurrek buruan dituzten kapela koniko horiek niri San Nikolasen mitra gogorarazi... gotzainaren astotxorik ez da ageri.
2013/04/30 11:45
Mila esker Mikel! Buhameek fusila eramatea ohikoa zela ikusten dugu beraz. Aipuak bat datoz Karlos Irujok eta Jon Iruretagoienak esandakoekin, eta argazkiak erakusten du Artzaina, bildotsak eta hartza gerora ere agertu izan zirela maskaradetan. Kapela konikoak monografiko baterako emango luke!
2013/08/14 13:14
Hona Marcel Bedaxagarrek emandako zenbait argibide: "Ene ustez xorrotx bata (eskerrekoa) Marcellin Heguiaphal daiteke. Pastoral errejent familia handi batetakoa et bera ere errejent izana. Azkena 1984 ean Sohütan, "Aimunen lau semeak". 1996 an zendürik. Gure Irratiko Mattin Larzabal eki algarizketatü günian 1982 an. Maskarada horik aipatü zeizkün. Ez dütüt oro gogoan orai. Orain segür niz xuriz den eta argazkian ageri den motiko gaztea beti bizi dela! Ferdinand Morot deitzen da eta Sohütan da beti. Diala 15 egün, pastoral mustrakan zen."

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Dantzargazkia 001: Maskaradak Sohütan 1934an

Maskaradak Sohütan, 1934.