Dokumentuaren akzioak
Urtetik urtera 500 urteko Santanazaleen tradizioa eguneratzen

1509. urtekoak dira Santanazaleen kofradiako lehen dokumentuak, eta ordutik garaian garaiko aldaketekin bizirik dirau ohiturak Ordizian. Santanazaleen eguna Santa Ana bigarrenean ospatzen da, uztailaren 27an, eta azken urtean ezkondu diren bikoteak dira protagonistak. Kofradiako urteko akta sinatu eta plazan esku-dantza dantzatzen dute bikote ezkonberriek.
Azken urteetan generoari loturiko bereizketak gainditu dira edota bikote homosexualak parte hartzen hasi dira. Eta aurten nabarmentzekoa da aurreskuko dantzari protagonistak izendatzeko garai bateko irizpideak edo pribilegioak ezabatu direla. Bikoteak mezara joateko derrigortasuna ere kendu dute.
Dantzatu ahal izateko pribilegioak
“Bost mende baino gehiago dituen kofradia bat da Santanazaleena, baina garai bateko estatutuak eta abar erre ziren, eta orduan ahozko tradizioaren bidez iritsi zaigu gaur egunera arte. Askotan zaila egiten da ahozkotasunetik abiatutako zerbait aldatzea edo finkatzea”, eta hortik hainbat arau moldatu eta idatziz jaso dituztela azaldu digu Adur Ezenarro (Ordizia, 1977) alkateak. “Uztaileko azkeneko plenoan onartu genuen aho batez irizpide edo lehentasun horiek finkatzea, pribilegio historiko horiek ezabatzea. Denbora berritara egokitu nahi izan dugu”.
Kontua da Ordiziako Santanazaleen esku-dantzan aurresku eta atzesku, eta lehen eta bigarren maiordomoak eta gonbidatuak aukeratzeko hainbat irizpide zeudela idatzita:
1.1. Ordiziarra jaiotzez
1.2. Ordiziako alkate izan edo izandakoa
1.3. Ordiziako alkate izan edo izandakoaren seme edo alaba
1.4. Santanazaleen esku-dantzako maisu/maistra izan edo izandakoa
1.5. Santanazaleen esku-dantzako maisu/maistra izan edo izandakoaren seme edo alaba
1.6. Ordiziar errotze handienekoaren arabera: guraso ordiziar, aiton-amona ordiziar...
Azken urteetan ikusi da irizpide horiek ez dutela aukera berdintasuna bermatzen eta aldaketa beharra ikusi da. “Dantza-maisuek eskatzen ziguten jasotzea idatziz dena, zeintzuk izango ziren irizpideak berriak edota ohiturari lotutako bestelako aldaketak”.
2017tik Eneritz Iturrioz (Ordizia, 1989) , Jon Intsausti (Ordizia, 1991) eta Izaro Intsaustik (Ordizia, 1986) dute Santanazaleak prestatzeko ardura, “ikusten genuen behar bat batzorde moduko bat sortzekoa, urtez urte egiten goazen aldaketak onartuko dituena edo erabakiak babestuko dituena. Horrela herrian zerbaiten inguruko desadostasuna badu norbaitek, batzordearen bermea izango luke erabakiak”. Orduan Santanazaleen aholku batzordea osatu dute dantza erakusle, txistulari, gaian aditu eta alkateak eta honako aldaketak proposatutako ditu aurrez zerrendatutako irizpideen inguruan:
3.- Sexu bereizketarik gabe, ordiziarrei emango zaie lehentasuna esku-dantzako postu nagusien artean aukeratzeko eta adostasuna lortzeko. Adostasunik ezean, zozketa egingo da honako ordenean:
3.1.- Lehen zozketa bat, dantza mailan parte-hartze nagusia duten aurresku eta atzeskuak aukeratzeko.
3.2.- Bigarren zozketa bat, dantzan parte-hartze berezirik ez duten gainerako postuak aukeratzeko, non ateratzen diren izenek hurrenkeran postu hauek beteko dituzten:
3.2.1- Lehen “dama“
3.2.2.- Bigarren “dama“
3.2.3.- Aurresku ondoko lehen maiordomoa
3.2.4.-Atzesku ondoko bigarren maiordomoa
3.2.5.-Aurresku ondoko hirugarren maiordomoa
3.2.6.- Atzesku ondoko laugarren maiordomoa
“Badaude herriko familia batzuk nolabaiteko posizioa aldarrikatu nahi izan dutenak. Orduan, egia da oso erraz ikusi izan dela zeinek nahi duen dantzatu”, dio alkateak. Ikusi da aukera berdintasuna lehenetsi behar dela gaur egun, baina bestalde interesgarria da ikustea nola urteetan dantza izan den posizioa aldarrikatzeko modu bat, ohorea dela dantzatzea eta horretarako irizpide batzuk bete behar zirela. Horrek dantzaren esanahi sozialak erakusten ditu, gizartean duen pisua eta garrantzia.
Dantzan ikasi behar
Santanazaleen azken entsegura bertaratu gara, bikoteak zintzo-zintzo hasi dira agertzen. Batzuk beste batzuk baino urduriago, denak berriketan dabiltza korro txikitan. Eneritz Iturrioz eta Jon Intsausti dabiltza dantzariei azalpenak ematen eta txistulariak segituan hasi dira martxan.
“Uztaileko hiru astetan egiten ditugu entseguak, astean hirutan”, azaldu dit Iturriozek. Intsaustirekin batera ezkonberriei pausuz pauso azaltzen dizkiete plazan egin beharrekoak. Egunean bertan ere hala egiten dute, plazan egoten dira ertz batetik abisatzen keinu bidez edo ahal den moduan mugimenduak, urratsak edota bueltak. Gehienek fandangoa eta arin-arina bakarrik ikasi behar izaten dute eta aurreskuak eta atzeskuak desafioa, agurra eta zortzikoa.
Intsaustik dio oinarrizko urratsak erakusten dizkietela fandango eta arin-arinerako, “denak eroso egoteko. Egunean bertan plaza erdian dantzatzea askorentzat ez da erraza, presioa dute, tradizioa mantentzeko egiten dute eta ateratzen denak ez dezala gaizki pasa”.
Sokaren gidariak
Aurten hautaketarako pribilegioak ezabatuta zozketaz erabaki dituzte aurreskua eta atzeskua. Iker Arizmendi (Ordizia, 1996) arituko da aurresku lanetan. “Nire ezkontza oso ordiziarra izan zen. Elizara Ordiziako martxarekin sartu nintzen, lagunek danborra jo zuten eta bikoteari zortzikoa dantzatu nion. Argi nuen santanazaleen aurreskuan ere aterako nintzela, herriko ohitura da eta gorde beharra dago. Gainera txikitan dantzan ibilitakoa da, “aurresku txikian atzesku tokatu zitzaidan. Aurten Ainara Agunderi dantzatuko diot agurra eta, kasualitataez, umetan bere lehengusinari dantzatzea egokitu zitzaidan".
"Hamabost bat urte dantzan ibili gabe nago, baina ez da izan zerotik hastea niretzat. Azkenean ikasten den zerbait ez da ahazten”. Bikotea ataundarra da, familiakoek ohitura azaldu zioten eta prest zegoen dantzarako, “baina ezkontza aurretik hanka puskatu zuen eta ezingo du dantzatu, ikusiko dugu ea gutxienez sokan ateratzeko moduan den”. Arizmendik uste du ezin dela utzi ohitura hau galtzen, “polita da, ez da ezer kostatzen. Jendeak aitzakiatzat jartzen du ez dakiela dantzan, baina hori ez da garrantzitsua, jakin behar da parte-hartzen, garrantzitsua ikastea eta disfrutatzea da. Hilabetez prestatzen da, bertaratzen denek badakite milagrorik ezin dugula egin”.
Atzesku, berriz, Vanesa Blanco (Ordizia, 1980) arituko da. Ikaragarrizko ilusioa du, esaten du aurten pribilegioak ezabatzeari esker duela dantzatzeko aukera, “ni Ordizian jaioa naiz, baina gurasoak ez, eta orain arte ia aukerarik ez nuen izango aurresku edo atzesku aritzeko eta aldaketari esker zozketaz hala egokitu zait”. Dantzen oinarri bat bazuela dio, santanazaleen aurreskua ere urtero ikusten dut, baina berez dantzan 11 urterekin utzi nuen. Beraz, aurreskuak eta atzeskuak ahalegin berezia egin dugu prestatzerakoan, guk dantzatuko baitugu gehien”. Bestalde ilusio handiena egiten diona da alabak ikustea, “bera ere dantzan ibiltzen da eta nahi dut plazan ama dantzan ikustea. Bikotea ere animatu da, bera Sevillakoa da, ez du inoiz ikusi dantza, baina esplikatu nion zer zen eta dantzatuko du”.
Ezkonberriak dantzan
Gorabeherak izaten ditu santanzaleen esku-dantzako parte-hartzeak, azken urteetan bikote gutxi animatu dira, baina aurten 10 bikote dantzatuko dira. Uste nuen beherakadaren arrazoia ezkontzen gutxitzea izango zela, baina ez omen da hala; ezkondu, ezkontzen omen da, baina gero dantzara ez da animatzen. Aurten, ordea, izan arauen gaurkotzea edo izan bikoteak elkar konbentzitu direla, azken urteetako kopuru handienak hartuko du parte.
Irati Alonsok (Ordizia, 1994) dio umetan dantzak ez duela erakarri, baina bai tradizio honek, “gurasoak atera ziren, ahizpa ere bai aurreko urtean eta bi aldetako aiton-amonak ere bai. Familiako ohitura jarraitzea oso polita iruditzen zait, zalantzak izan genituen bikotea donostiarra baita, baina ohitura ezagutzen zuen eta bera ere animatu da”.
Jose Luis De Castrok (Ordizia, 1953) bigarren ezkontza du oraingoa. Urte batzuk pasa dira lehen aldiz ezkondu zenetik, orduan aurreskuko entseguak egin zituen "baina koinatua hil zitzaigun eta azkenean ez nintzen atera. Orain zikloa ixteko aukera izan dudala esan dezaket". Rosario Palencia (Bartzelona, 1959) bikotearekin Bartzelonan bizi da. Egun hauetan biak oporretara etorri dira Ordiziara eta aurreskuan parte hartuko dute biek, "bere herrian ze ohitura zen azaldu zidan eta nik baiezkoa, egingo nuela. Hau polita da oso, hemengo gazteekin eta horrela entseguetan eta mahai bueltan egotea. Gaztetasuna transmititzen didate. Hauek seguruenez beste behin ere agian ezkonduko dira, nik uste hau azkenekoa izango dudala! kar, kar, kar!”.
Sara Laconcepcion-ek (Gasteiz, 1993) aurreko urtean ikusi omen zuen lehen aldiz esku-dantza, “eta usaindu nuen aurten tokatuto zitzaidala. Ainara Agunde (Ordizia, 1991) du bikotea eta hark garbi zeukan aterako zela, “Sarari aukera utzi nion. Aurreko urtean bikote gutxi atera ziren, baina ikusita aurten dezente animatuko garela ba bera ere animatu da”. Alazne Rubiok (Ordizia, 1993), berriz, uste dut ez diola aukera handirik utzi bikoteari, “nire gurasoak ere atera ziren bere garaian, eta bueno, nik argi neukan, egia esan, ezkontzen banintzen aterako nintzela. Bikotea ez da ordiziarra eta ez gara hemen bizi, baina argi utzi nion atera egin behar genuela”.
Seguran bizi dira eta aurreskuaren aitzakian egun hauetan Ordiziara etortzea ere oso polita dela dio. Laconcepcionek dio ia bikote denak ezezagunak direla eta entseguei esker herriko jendea ezagutzen ari dela. Dantzak horixe baitakar; festa, sozializazioa, jendea ezagutzea, harremanak sendotzea.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19