Dokumentuaren akzioak
Saliño-dantza plazaratu dute zumaiarrek

Zumaian aspaldian ahaztua zuten dantza plazaratu dute San Telmo jaietan: saliño-dantza edo zahagi-dantza. 1960ko hamarkada ingurutik galdua zen herrian saliño-dantza dantzatzeko ohitura eta aurten berrartu dute. Euririk gabeko santelmoak arraroak izan ohi dira, eta aurten ere ez du hutsik egin. Kostakoek, ordea, euriari beldurrik ez eta han atera da, eguerdi bueltan, Musika eta Dantza Eskolak bultzatutako dantzari taldea Kofradia aurrera dantzara.
Bertako dantzak bultzatu nahian
“Dantza eskolan bagenuen helburua dantza ikusarazteko Zumaian. Egia da umeei dagokienez osasunez gabiltzala, baina helduetan Beti Gazte taldeak pertsiana jaitsi zituenetik hutsunea badago”, Alain Maia dantza-maisu dabil Zumaiako Dantza eta Musika Eskolan eta bera aritu da saliño-dantza egin duen taldea prestatzen. Aipatu dit Ai saliño, saliño gaixua artikulua irakurrita ikusi zutela zahagi-dantza aukera polita izan zitekeela dantza herriko jaietan txertatzekoa. “Ikasle heldu asko ditugu, askok entzun eta familien bitartez jasotako informaziotik, eta inguruan ditugun ereduetatik, Oikia eta Zestoa, adibidez, tiraka iritsi gara berriz plazaratzera”.
Zahagi-dantzaz gain, arku-dantza ere dantzatu dute: “aurrez esan bezala, azken urteetan, helburutzat genuen helduen dantzei bisibilitatea ematea. Intentzio horrekin Zumaiako arku-dantza deitu genion dantza kaleratu genuen duela hiru bat urte. Helduek esaten zuten arku-dantza egiten zutela garai bateko dantza taldearekin. Beraiek gogoratzen zutenarekin eta moldatutako zati batzuekin hasi ginen. Eta aurten ere hala egin da arku-dantza aurrena eta ondoren saliño-dantza”.
Erronka bota eta erantzun
Maiteak ditut nik oso Zumaiako San Telmo jaiak; ez dakit odolak, kresalak edo berezko parrandazaletasunak, zerk eramaten nauen alboko herriko jaietara, baina ume-umetatik urtero egutegian borobilduta izaten ditut. Aurten, ordea, banekien kanpoan izango nintzela (ez dut gogoan inoiz kale egin dudanik) eta onena egitaraua ez begiratzea izango zela pentsatu nuen, inbidiarik ez pasatzeko. Kar, kar, kar! Baina bat-batean gogoratu nintzen aurreko urtean Ai saliño, saliño gaixua artikuluan erronka luzatu niela zumaiarrei eta kuriositatez begiratu egin nuen. Eta ttak! Erronka bota eta erantzun, irakurri nahi nuena irakurri nuen:
Apirilak 26, larunbata
(...)
13:30. Kofradia, Zumaiako Arku Dantza eta Zahagi Dantza
Alde batetik poza, baina bestetik pena sentitu nuen, dantza ikusteko aukerarik izango ez nuelako.
Zumaiarrentzako festa egun handia astelehena izaten da, makina bat piper egindakoa nahiz eskola eta unibertsitate garaian San Telmo egunez, baina aurten nahiko opor eginda aurretik, astelehenean zintzo-zintzo lanera itzuli naiz. Lanean, baina burua Zumaian. Eta Alaini mezua bidali diot larunbatekoaz galdezka; entzunda ze eguraldi egin zuen beldurtu bainaiz, euriaren erruz dantzatu gabe gelditu ote ziren edo. Segundoan erantzun dit: “Egun on bai! Bai euria ari zuen, baina egin genuen azkenean. Ea argazkiren bat lortzen dudan. Gogoratu nintzen zutaz e, baina zahagiaz atea behar izan nuen”.
Argazkiren bat edo beste ateratzeko eskatu bainion, baina denera ezin iritsi. Ederki ulertu dut, zenbat aldiz gertatu ote zaigu, dantzatu behar, baina argazkiak ere ateratzea komeni eta hor malabaristen antzera... Baina gaur egun, zorionez edo zoritxarrez, mundu osoak du kamera eskuan eta segituan lortu ditu bi argazkitxo.
Aurten argazkietatik ikusi ahal izan dut, ea datorrenean bertan naizen, espero baitugu jarraipena izango duela. Errekuperatzeko bidea hasi dutela dio Maiak: “dantzatu eta gero herritar bat etorri zitzaigun, hau nik ikusita neukan eta beste modu honetan egiten zen zioen. Pixkanaka joango gara doitzen denen ekarpenekin”.
Uste dut garrantzitsua hastea izaten dela eta pixkanaka indartu eta bere lekua eta forma hartzen joango dela festan, ez dut dudarik. Garai batean San Telmo bigarrenean, asteartez, dantzatzen zen. Orain, ordea, ez da izaten festa eguna, eta txupinazoko egunean txertatu dute. Eguraldia oztopo izan badute ere, hasi dute bidea, “estrenua pixka bat dudetan izan genuen, euripean egin zen. Orain intentzioa da urtez urte jarraitzea honekin”.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19