Dokumentuaren akzioak
"Ai saliño, saliño, gaixua"
“Makilarekin jotzen zuten, beti berdina. Joaten ziren lurrean joaz ai saliño, saliño... gero goratzen ziren, gurutzatzen zuten eta gero bum! zahagiari jo”, hala gogoratzen du Begoña Ostolazak (1935) bere senar zenak, Joakin Urkidik (1936) eta kuadrillak Zumaian dantzatzen zuten zahagi-dantza.
Zumaiako zahagi-dantzariak ageri diren argazkia Baleiken ikusi nuen lehen aldiz, Luis Mari Aizpuruak eginikoa 1950-1960 inguruan edo. Alboko herrikoa izanda kuriositatea piztu zitzaidan, egun ez baita egiten halakorik. Aitari galdetu nion, zumaiarra baita, eta segituan Zumaiako moilara lagundu zidan, adineko gizonen bila, haiek arrastoren bat izango zutelakoan. Eguraldi makurra aukeratu genuen eta han ez zen inor ageri, baina segituan etorri zitzaigun argiunea. "Onena amama Begoñari galdetzea", Begoña Ostolaza gure lehengusuen amona da, eta argazkian bere senarra eta koinatua ageri dira. Telefonoz deitu nion eta igotzeko gora, etxean zela eta. Hantxe hartu ninduen ohikoa duen irribarre eta patxaraz, bere hitz etorri ederrarekin.
Argazkia erakutsi diot Begoñari, dantzan ageri diren denak ez badira, ia denak, hilda daudela dio, baina Ostolazak baditu oroitzapenak: “Sanga koadrila zen gure Joakinena eta. Nik ez dut beste kuadrillarik ezagutu, beti berauek egiten zuten”. Zahagia beti berdinek eramaten zutela dio, “Agustin Txapartegik eta Victoriano Urkidi, nire koinatuak. Horiek umetatik pasa zuten polio eta gelditu ziren hanka batean indar gutxiagorekin. Horiek joaten ziren zahagiarekin eta beste denak makilarekin”.
Santelmo bigarrenean, asteartez dantzatzen omen zuten. San Telmo Eguna egutegiaren arabera apirilaren 14a bada ere, urteak dira Pazko igandetik zortzi egunetara ospatzen dela herriko egun handia. Gazte koadrila mahoizko arropa urdinekin ateratzen zen dantzara, “gehienak arrantzaleak ziren, itsasoan ibiltzen ziren, laneko arroparekin dantzatzen zuten, itsasora horrela joaten ziren, baita beste edozein tailerretara ere. Argazkiko gehienak itsasoko jendea da, ibilitakoa edo zebilena”.
Marinelen jaia, dantza eta ardorik ezin falta
Egun santelmoak dira Zumaiako jai nagusiak, baina garai batean ez zen hala, “lehen San Telmo egunean eskolara joaten ginen. Orduan San Pedro zen guretzako festarik handiena”. San Telmo jaia arrantzaleen eta San Telmo kalean bizi zirenen festa zen, “marinelak etxean gelditzen ziren egun haietan, antxoetako denbora zen, udaberri garaia. Orduan egiten zuten jai. Pare bat egun hartzen zituzten, hirugarrengoan itsasora”.
Kofradia bueltan ibiltzen zen jendeak edo San Telmo kalean bizi zirenek bakarrik ospatzen zutela kontatzen du Ostolazak, “haiek kale osoa banderekin apaintzen zuten (orain ere bai). Eta gero beste jende bat batzen zen, behar bada itsasoaren bueltan lana egiten zutenak eta”. Senarra San Telmo kalekoa zuen, “ni ezkondu nintzenean, han ikusi nuen ze ohitura zeuden eta nola zelebratzen zuten. Orduan lagunak, parienteak etxean hartzen zituzten. Salda eta eskaintzen zitzaien".
San Telmo kaleko jai giroa, ordea, Erribera kalera ere iristen zen. Marinelen kofradia han zen eta kofradiako aterpean ardoa izaten zen, “Kofradiak pagatuko zuen ardoa... Gero politak ikusten ziren koadroak... Herri guztia! Marinelen izenean jarri, baina denek aprobetxatzen zuten”.
Santelmo jai haiei buruzko zenbait kontu azaltzen dituzte Ana Mari Etxabek (1944) eta Ramon Zubiak (1943) ahotsak.eus jasota dagoen pasartean. Zahagi-eguna aipatzen dute, zahagi-dantzaren inguruko xehetasunik ez, baina bai kofradia eta moila inguruan izaten ziren dantzaldiak.
- (Ramon) Bai.
- (Ana Mari) Hamaiketakua´re bai, kofraidxan pikuak eta gauzak.
- (Ramon) Han kabitu eziñik dantzan jendia.
- (Ana Mari) Ez […] kabitzen!
- (Ramon) Mollaiño.
- (Ana Mari) Oseake, kofraiko plazuletan ta mollan iten zan, ta mollan.
- (Ramon) Kuadro txiki hura, mollan’e jendia.
- (Ana Mari) Eta geo, San Telmo bigarrenian eta hirugarrenian gabian.
- (Ramon) Gabian, lanetik erten…
- (Ana Mari) Lanetikan erten ta orkesta jartzen zan.
- (Ramon) Jende gaztia dantza iten.
- (Ana Mari) Bai, orduan han iten zan.
- (Ana Mari) Eta geo, San Telmo bigarrena ta San Telmo hirugarrena iten zan.
- (Ramon) Hirugarrena.
- (Ana Mari) Eta geo repetizidxuak.
- (Ramon) Repetizidxuak.
- Aste batea.
- (Ana Mari) Bai, San Telmo… Baiño oaingua da…
- Eta gehixenbat, orduan, mariñelena eta…
Zahagi-dantzen eremua?
Zumaiako zahagi-dantzaren inguruko kontuei tiraka nenbilela, ordea, atentzioa eman zidana izan zen Begoña Ostolazak zahagi-dantza izendatzeko “Saliño” hitza erabili zuela hasiera-hasieratik: “Saliño-dantza. Bai, saliño, saliño... bigarren egunean egiten zen. Saliño deitzen zaio. Bada kantua: ai saliño saliño, saliño, ai saliño gaixua...” Ene ba, Ondarroakoaren tankera. Haizea eta kresalaren lanak ote? Bata Gipuzkoan, bestea Bizkaian, baina marra zuzena egiten badugu 20km besterik ez, eta itsasoz ba 32 bat mila.
Ondarroan dantzatu izan den zahagi-dantza saliña-saliña izenez ezagutzen da. Txomin Agirrere Kresala eleberrian (1901-1904) bada Ondarroako zahagi-dantzaren deskribapena. Ondarroan horrela abestu izan da:
«Saliñetatik etorriko da
Gure eskola maixua,
Ai saliña, saliña saliña,
Ai saliña gaixua!»
Agirreren deskribapenean zahagi-dantza, aurreskua, eta antzarari burua kentze aipatzen dira:
(...) Olantxe ibilli ziran kalerik kale eguardi arte guztian. Arratsaldean antzarrari burua kentzea egin eben, ibaian; da gero aurresko barregarri bat agure zoro ta ganorabageko atsoen artean.
Aitaren herriko kantu berbera du Ondarroako zahagi-dantzak, baita nire herriko garai bateko festaren egitua ere; Zestoan antzara oilaskoarengatik trukatu eta kito: zahagi-dantza, dantzaurrea eta oilasko-jokoa. Lehenago ere aipatu izan dut, Juan Jose Saezmirak Zestoari Gorazarre liburuan hala du jasota:
"Urtero, Amabirjinak amaitutakoan, antzinako dantza bat kaleratzen zen, bertakoa, ezaguna, beste hainbat euskal dantzen antzera: zahagi-dantza. (...) Horrela, plaza nagusian aurreskua dantzatzen zen, eta baita beste dantza berezi bat ere, Joxe Mari Barrenak oilasko-dantza egiten baitzuen. Plazan oilaskoa lurperatzen zuten, lepoa bistan zuela eta Barrenak ezpatarekin lepoa moztu behar zion.
Kilometro gutxiren barruan zahagi-dantzak ohikoak izan dira. Kalkulatzen dut Zumaian ohitura galdu zela 1960ko hamarkada hasieran edo, baina Zumaiako auzoa den Oikian jarraitzen dute dantzatzen. Zestoan ere, nahiz eta 2017an berreskuratu zen, luzaroan utzia egon zen, baina Aizarna auzoan aspalditik mantendu da ohitura; baita Zumaiaren eta Zestoaren muga-kide den Deban ere. Edota gaur egun mantentzen ez bada ere, Ondarroa eta Deba artean dagoen Mutrikuko jorrai-dantza ere jasoa du Resurreccion Maria de Azkue bere kantutegian.
Euskal Herriko hainbat txokotan dantzatu izan da zahagi-dantza, hainbat forma eta testuingurutan, norberak berea. Juan Inazio Iztuetak ere deskribatu zuen duela 200 urte:
Jorrai dantza egiten da, errietako pozaldia edo festak bukatu ondoan, zagi puztuakin eta jorraiakin (...) Jorrai dantza onekin ematen dute aditzera, bukatu diradela joistalluak, baita ustu ere zagiak; eta ekin bear zaiozkala nor bere lanari, aroikeriari utzirik. Senaera ain egoki onekin oarketutzen dirade euskaldunak, joistalluai utzirik, lanera joan bear dutena.
Iztuetaren arabera, zahagi-dantzarekin festak agurtzen dira, lanera itzultzeko seinalea edo izango litzteke; Zumaian, garai batean, itsasora itzultzeko ordua. Zumaiarrak festazaleak dira gogotik, lehen eta orain, eta lanera itzuli bai, baina denbora gutxirako egiten dute, jaien hurrengo asteburuan errepetizioak egiten baitituzte. Festena ondo dago, baina garai bateko zahagi-dantza edo saliño-dantzaren errepetizioa egiteko erronka luzatu nahiko nieke zumaiarrei.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19