Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan

Dokumentuaren akzioak

Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan

2017/07/26 10:15

Luzaroan, iraileko festetako ohitura bat galduta egon da Zestoan: zahagi-dantza. Juan Jose Saezmira Maixuak detaileekin kontatzen ditu Zestoari Gorazarre liburuan 1920-30eko hamarkadako Zestoako zahagi-dantzaren inguruko zenbait kontu. Garikoitz Mendizabalen Zestoako musika historiaren konpasean liburuan, berriz, 1910eko hamarkadako zahagi-dantzako argazkiak daude jasota. Zestoako festetako programa zaharretan ere ageri dira zahagi-dantzariak eta zahagi-dantzan aritutako herritar batzuk gure artean dira oraindik. Hari horiei tiraka, aurtengo festetan garai batean dantzatzen zen zahagi-dantza dantzatzeko ohitura berreskuratzeko ahalegina egitea pentsatu dute Itxaropena dantza taldeak, Idiakaitz txistulari taldeak eta Zestuko Trikitixa elkarteak.

Zahagi-dantzariak Zestoako Bainuetxean
Zahagi-dantzariak Zestoako Bainuetxean. Argazkia: Danbolineko argazki zaharren artxiboa.

Inguruko herri askotan ohiko dantza izan dela dirudi, gaur arte mantendu da zenbait lekutan: Aizarna, Deba, Oikia, Aginaga… Zestoan 1940ko hamarkadan galdu zela ematen du.

Juan Inazio Iztuetak, Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan zahagi dantzaren inguruko azalpenak idatzi zituen. Iztuetaren arabera, zahagi-dantza herri bateko hainbat guneetan dantzatzen zen festetako azken egunean. Zestoan ere hala egiten zen, iraileko amabirjin jaietan herriko hoteletan eta beste zenbait txokotan dantzatu ohi zen.

Herritarren oroitzapenak

Inazio Alberdik (1930) kontatu digu mutil koskorra zela zahagi-dantza dantzatzen zuela: “14-15 urterekin hoteletara joaten ginen diru bila dantzan”. Festetan irteten omen ziren eta Bainuetxera eta beste hoteletara joaten ziren dantza egin eta bandeja edo poltsa pasatuta diru pixka bat ateratzeko asmotan. Herrian ere egiten zutela dio, plazan.

Iñaki Iriondo (1932) eta Karlos Etxeberria (1932) ere ondo gogoratzen dira zahagi-dantzaz, ez omen dute inoiz dantzatu, baina beraiek baino 2-3 urte zaharragokoek nola egiten zuten akordatzen dira. Zahagi-eramaileak, balantzaka ibiltzen omen ziren, nekatu edo mozkor itxurak egiten. Zahagi-dantza eta gero dantzaurrea ere egiten omen zen. Askotan autoritateek ateratzen zutela soka diote eta dantzan jakinez gero, dantzatu ere egiten zutela. Karlosek kontatu digu bere aitak, Joxe Mari Etxeberriak, dantzaurrean dantzatzen zuela; teniente alcalde izan zen eta udaran alkatea ordezkatu ohi zuen, baita dantzaurrean ere.

Zahagi-dantzariak Zestoako Bainuetxean 2
Zahagi-dantzariak Zestoako Bainuetxean. Argazkia: Danbolineko argazki zaharren artxiboa.

Zahagi-dantza, Saezmiraren memoriatan

Herritarrak zertxobait gogoratzen dira baina Saezmirak detaile guztiekin jaso zituen zahagi-dantzaren inguruko kontuak Zestoari Gorazarre liburuan, bera ere dantzariekin irteten zen taldean:

"Urtero, Amabirjinak amaitutakoan, antzinako dantza bat kaleratzen zen, bertakoa, ezaguna, beste hainbat euskal dantzen antzera: zahagi-dantza. Dozena bat gaztek, batzuek makila biribilduak eskuetan zituztela, eta beste batek bizkarrean zahagia bat zuela, egiten zuten dantza hori. Zahagi eramaileak lehenik amantal zuri bat ipintzen zuen bizkarrean, Elortza ardangelako hauspoz haizez betetako zahagia bizkarreratu aurretik.

Denak berdin jantzita: galtza, alkandora eta alpargata zuriak. Gehienetan zahagi eramailea Alfonso Uranga “Txapero” izan ohi zen. Neurriz kanpoko ttantaz bustitzen bazuen eztarria, aparteko hizlari bihurtzen zen, tartean hitz potolo asko jaurtiz. Alfontso nire laguna zen eta tronboia jotzen zuen, Enrike Anterok eta neuk bezala. Hura hirukotea osatzen genuena!

Taldeburu, horretan ez zegoen zalantzarik, Joxe Mari Barrena izan ohi zen eskuineko eskuan ezpata luze bezain zaharra zeramala. Berak ematen zion hasiera dantzaldiari, txistuaren doinuen airera. Nik poltsa pasatzen nuen kanpotarren artean. Gustuko langintza nuen; izan ere, txanpon batek edo bestek Blas Barrenaren poltsarako bidea egin beharrean nire patrikarakoa egiten baitzuen. Horrela, Tomas Alkortaren estankoan kanariar zigarro pakete bat erosteko modurik izaten nuen.

Hotel guztiak pasatzen genituen, kanpotarrak dantzaldiaren ikusle zirela. Nik berehala pasatzen nuen poltsa, eta gero Blasek jasotzen zuen dirua. Baina egia esan behar badut Blasek ez zuen bildutako dirua jasotzen. Bainuetxean dantza egin ahal izateko, beharrezkoa zen aurrez baimena eskatzea. Horretarako hobea zen Don Pako baino Joakin Meoki. Hala ere, inoiz ez ziguten sarrerarik ukatu. Gainera, hantxe biltzen genuen dirurik gehiena. Bainuetxetik Benta Peligrora, han oso harrera ona egiteaz aparte, beti ateratzen ziguten eztarria bustitzeko edaria.

Herriko plazan, barrerak oraindik kendu gabe egon ohi ziren, kalean zebiltzan kanpotarrak eta hoteletatik kanpo etxe partikularretan ostatu hartzen zutena zain izaten genituen. Jende hark diru gutxiago zuen, baina agian eskuzabalagoak ziren. Horrela, plaza nagusian aurreskua dantzatzen zen, eta baita beste dantza berezi bat ere, Joxe Mari Barrenak oilasko-dantza egiten baitzuen. Plazan oilaskoa lurperatzen zuten, lepoa bistan zuela eta Barrenak ezpatarekin lepoa moztu behar zion. Kapitain ezpatadunak begiak estalita edukitzen zituen eta ikusleen oihuez bilatu behar izaten zuen oilasko gizajoaren kokapena bilatzeko.

Jasotzen genien diruarekin herriko tabernaren batean izugarrizko afaria egiten genuen. Jakina, jasotako diru guztiarekin ez. Zergatia lehena argitu dut. Ez dago inolako zalantzarik, zuhaitza onak inguruan beti itzal ona. Eta ni poltsa inguruan ibiltzen nintzenez… Gogoan dut kanariar zigarro pakete batek hogeita hamar xentimo balio zituela, eta nik lagun artean banatzen nuen. Gorde ere zerbait gordetzen nuen, kanariar zigarrorik erosi ezin zutenei emateko".

Festetako programetan eta Ahora egunkarian

1920-40 hamarkadetako festetako programetan ikus daiteke ia urtero egiten zela zahagi-dantza. Programetan ez ezik, garaiko egunkari batean ere topatu dugu Zestoako zahagi-dantza. XX. mendeko lehenengo hamarkadetan herrian turismoak izan zuen eragina dela eta son handia hartu zuen Zestoak, garai hartako egunkarietan ohikoak izaten ziren Zestoari buruzko albisteak. Ahora egunkari grafikoko 1935eko iraileko alean zahagi-dantzari buruzko albistea agertzen da. Makila-dantzariek zahagi-dantza zaharra dantzatzen dutela Bainuetxean dio, guztiz festa euskaldunarekin udako kolonia alaitzeko asmotan.

Zestoako zahagi-dantzariak Ahora aldizkarian
Zahagi-dantzariak Zestoako Bainuetxean. Irudia: Ahora egunkari grafikoa, 1935eko iraila.

Irailaren 10ean, 20:00etan

Zahagi-dantza eta dantzaurrea egiten zirela jakinda, hasieran esan bezala, Itxaropena dantza taldea, Idiakaitz txistulari taldea eta Zestuko Trikitixa elkartea ohitura hura berreskuratzeko asmotan dabiltza. Oraingoz, zahagi-dantza berreskuratuko da eta ea datozen urteetan dantzaurrea egitera ere animatzen diren. Irailaren 10ean, 20:00ak aldera irtengo dira zahagi-dantzariak eta musikariak udaletxe azpitik. Herriko zenbait gunetan dantzatzeko geldialdiak egingo dituzte eta azkenik plazan dantzatuko dute.

* Danbolin aldizkariko 2017ko uztaileko alerako egindako artikuluaren moldaketa

2017/07/26 15:08
Egun on denoi.

Zahagi-dantzak bezainbeste, "dantzaurrea"k eman dit ba niri atentzioa. Xabier Alberdi lagunak ohartarazi ninduen Zarautzen "dantzaurria" ere esaten zitzaiola garai batean, gerora "aurreskua" deitu izan diogunari. Eta halaxe jaso genuen "Zarauzko folklorea" liburuan. Orain arte ez dut haren erreferentzia gehiago aurkitu Zarautz inguruan, eta poza eman dit lerro horiek irakurtzeak eta Zestoan ere erabiltzen zela jakiteak.

Gaian gehiegi sakondu gabe, ematen du "dantza" eta "aurre" hitzak direla "aurre" eta "esku"ren baliokide, alegia, sokaren aurrean doan dantzariak ematen diola izena koreografiari.

Hitz hori liburuaren glosarioan jaso genuen, eta interesa duenarentzat, hona hemen zer idatzi genuen:

---------------------------------------------------
dantzaurria: "Dantzaurriya" edo "dantzaurria", soka-dantzari Zarautzen ematen zaion izenetako bat da. XX. mende bukaeraz geroztik "aurreskua" izan da gehien erabili den hitza; XX. mende hasieran "soka-dantza" edo "dantza-soka" ere erabili izan dira. "Dantzaurriya" hitza ez zaio aspaldian askori entzuten Zarautzen.

Xabier Alberdi eta Xabier Etxabe, "ZARAUZKO FOLKLOREA" 396. orrialdea

---------------------------------------------------

Ondo izan,

Xabier.
2017/07/28 09:07
Iñaki Iriondo (1932) herritarrari zahagi-dantzaren inguruko galderak egiten ari nintzela esan zidan dantzaurrea ere egin ohi zela. Nik lehenengo aldiz orduan entzun nuen hitza. Segituan pentsatu nuen aurreskua izango zela baina ea hori zer zen galdetu nion. Arraro begiratu zidan, nola ez dakizula zer den? Azaltzeko eskatu nion eta bai, aurreskua zen, dudarik gabe. Iñakik ere, Zarautzen bezala, "dantzaurria" esan zuen.
2017/07/28 09:47
Orotariko Euskal Hiztegian ere jasota dago Dantza-aurre. Hauxe dio bertan:

DANTZA-AURRE (dantzaurre V, G ap. A). "El primer baile o primera suerte del aurresku" A. Aurreskuak ederto egin eban dantzaurrea. A BGuzur 115. Osaba Iñazio Mari dantzaurrea egiten. Ag G 195. Dantza-aurrea bukatu zutenan. Or QA 191.

DANTZA-AURREN (H; dantzaurren V, G-to ap. A). a) "(G), celui qui conduit la danse" H. "El que baila el zortziko del aurresku" A. b) El primer baile del aurresku. Joan bear zaio danboliña dantza aurrena daramanari, txapela eskuan duela, bere ongi etorria egitera. Izt D 67. Dantza aurrena darabillenak eskuakin txalo txalo egitean. Ib. 68.

Egitura eta esanahi berarekin ere badira beste batzuk: Dantza-antxiti, dantza-aurresku eta dantza-buru.

Uste dut dantza honetan ematen duela hizkuntza eta dantzaren erdibideko sarrera baterako, "Aurreskuaren izenak" izenburupean. Ea Xabier edo Amaiur animatzen zareten! ;-)
2017/08/23 11:02
2000. urteko Zestoako festetako programan, Fernando Arzallusek Pepita Iriondori (1906) egindako elkarrizketan ere agertzen da dantzaurrea: “dantzaurreak ere asko izaten ziren, handientzat eta txikientzat. Andreak alde batera, gizonak bestera, eta hauek ateratzen zituzten beren andreak. Lehenengo borobilean zapiekin, eta gero, izkinakoak hasten ziren dantzan; izkinakoek ateratzen zuten bat eta ari dantzan egin; gero bestea, eta gero mordoa sartu ohi ziren, andreak eta gizonak denak zapiekin, eskutik zapia eraman eta horrela”.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan

Artetxe hotelean dantzariak zahagi-dantza egiteko prest, 1916-09-19, Zestoa. Irudia: Garikoitz Mendizabalen "Zestoako musika historiaren konpasean" liburutik.