Dokumentuaren akzioak
Altzürükütik dator dantza Pagolara
Altzürüküko aitzindariak, 1938. Txerreroa: Johaiñe Aiscar; Gatuzaian: Dominika Jaragoihen; Entseinaria: Jan Etxekopar; Kantiniersa: Petti Beheregarai; Zamaltzaina: Janpierra Beheregarai. Argazkia: Aitzina pika... liburutik.
Dantza jaso, dastatu, esperimentatu, manipulatu, zabaldu, eman, trukatu... egiten da; jakinekoa da dantzaren trafikoa, naturala da. Eta Zuberoara egin dudan azken bisitan atzeman dut pagolarrentzat Altzürükü dela banatzaile nagusia.
Dantzaren transmisioan badira hainbat bide; irakasleengandik, familiatik, alboko herrikoengandik... jaso ohi da, baita Pagolan ere. Edozein dela ere bidea, pista edo zantzu guztiek Altzürüküra eraman naute oraingoan. Badirudi azken 40 urtetan Pagolara Altzürükütik sartu dela dantza. Pagolarrek, orain arte, herrian bertan lehengairik ez dute izan, baina badakite material ona nondik ekarri, ondo jakin izan dute laguntza nori eskatu. 12-16km-ra duten herria tradizioz dantzari ekoizle bikaina izan baita.
Jaragoihentarrek pasa diete herriko gazteei
Azken urteetako banatzaile nagusiak Jaragoihentarrak ditugu, beraiek aritu dira pagolarren dantza irakasle. Semea Berrogaingoa bada ere sortzez, barruan dabilkien dantza hori Altzürükün hasi zen probatzen ume-umetan, “xantza badut nik ene aitak irakatsi baitit dantza. Ez nuen hainbeste parte hartu dantza talde batean, baizik eta aitak eman dizkit etxean giltza eta gogo guztiak”, dio harro Pette Jaragoihenek.
Bost bat urterekin hasi zela dio, aita Jakes hangoa baita. 13 urterekin Mauleko pastoralean hartu zuen parte, “banuen dantza bat emateko bakarrik. Horretarako hasi nintzen aitarekin trebatzen etxean eta baita ere dantza taldearekin, satanekin trebatzen. Banuen irakaslea etxean, orduan aisago da, prefosta”.
Jaragohientarrenean, Zuberoako familia gehienetan bezala, belaunaldiz belaunaldi pasa da dantza. Petteren aita Jakesek bazuen izen bereko osaba bat, Jakes Jaragohien (1933-2023), Pettek dio oso dantzari ona zela hura. Migel Angel Sagasetak ere hala baieztatzen du bere liburuan: "oso dantzari ona izan da eta erakusle bezala ere ez batere motela. Etxean ikasi zuen dantzatzen bere aita Johaiñerekin". Jasotzen du Jakes ibili zela dantzarien erakusle eta buru 1972ko maskaradetan, eta erakusten jarraitu zuela 1992 arte. Aurreko belaunaldietako familiako kideak aritu ziren bezala, haien lekukoa hartu dute orain Jakes eta Pette aita-semeek.
Izan ere, 2015ean Pagolatik deia jaso zuten Jaragoihentarrek, "pastorala ematera goaz eta behar ditugu dantzariak trebatu". Jaragoihen gaztea dantzan bai, baina irakasten inoiz ibili gabea zen. Pagolarren erruz sartu da saltsan, baina elkarrizketatu dudanean ez du adierazi inolako damurik eta dantza sarea desegitea lan zaila izango dela gaineratu du: "guk dakiguna eman dugu eta gero berek egin nahi dutena. Orain berek ere transmititzen diete gazteei dantza eskola baten sortzearekin. Zaharrenek dute eramaten kurtsuak eta erraiten ahal dugu Pagolan badela dantza eskola berri bat".
Aspaldikoa da kontrabandoa
Pagolan aurretik dantza tradizio handirik ez dela izan diote gazteek eta herrian ez dela adineko dantzaririk, baina bagenekien 1982an Pette Basabürü pastorala eman zutela. Eta orduan nor aritu ziren ba dantzari? Segituan eman digute erantzuna: "ba bat Pello, egun auzapeza da".
Erraza izan da Pello aurkitzea, garbia zen herriko lehen maskaradetan auzapeza bertan izango zela, eta normalean edonork ezagutzen du herriko alkatea. Beraz, alboan aplikatu zaidan lehenengoari galdetu eta segituan seinalatu dit eskuarekin ilea urdindutako gizon bat, "hori, betaurrekodun hori".
“22 urte nituen eta satan ari nintzen pastoralean. Aspalditik ez zen izan ez pastoralik, maskaradarik, dantzaririk. Aritu ginen sei hilabetez prestatzen pastoralean dantzatzeko. Altzürükükoek erakutsiak, emeki-emeki hasi ginen. Bat ezagutzen genuen ontsa zeren esposatua zen Pagolako neska batekin”. Hara, Pagolaren eta Altzürüküren artean dantza eta dantza ez dena ere trukatu izan da...
Bueno, argitu dugu 1982ko pastoralean nor aritu ziren dantzan: Pello Etxeberri eta Roger Idiart Pagolakoak eta Battitta Queheille eta Beñat Jauri Altzürükükoak; azken biak aritu ziren pagolarrei irakasten. Frogak ere baditugu! Badira Pette Basabürü pastoraleko zein prestaketetako irudiak jasoak, Otar Iosseliani, georgiar jatorriko frantses zinemagileak grabatuak. Pello Etxeberri eta Roger Idiart pagolarrak hormaren kontra abesten ageri dira lehen minutuetan eta ondoren dantzan laurak.
Onak dira, testiguak eta irudiak ditugu
Zuberoako dantzen tradizioan trafikatzaile trebeak izan diren seinale edo, Zuberoa zapaltzen dudan guztietan agertzen zaizkit altzürükütarrak, haien esanak edo dantzak. Pagolako lehen barrikadara berandu iristearen arrazoia ere beraietako bat izan da, baina bidean pare-parean agertu zaidan aduana hau plazerezkoa izan da. Maulen gaua pasa eta Café de l'Europe ostatura joan gara gosaltzera, eta zerbitzariak segituan hartu digu tankera: “Zer, maskaradetara?”. Baietz erantzun eta berriketan hasi gara. Altzürükükoa dela eta bera ere gaztetan maskaradetan ibilia. “Dantzari?”, galdetu diot. Eta barre txikiz salatu du bere burua. Segituan pentsatu dut 1979ko taldekoa izango zela. Aurreko urtean izan nuen talde haren berri Beñat Epherreren etxean bazkaldu nuenean. Antton Luku liluratu zuen Altzürüküko maskaradari taldea. Eta berriro ekarriko dut Lukuren testigantza, benetan da eta ederra:
Ondoko neguan preseski maskarada eman zuten Alzürükütarrek eta garbi diot dantzak egundaino sortu zidan zirrara bizi ukan dudala hura ikustean. Gazte nintzen, nihaur joan nintzen hara. Baina kontziente nintzen hori ez genuela berriz ikusiko, zerbait bazela herri hartan ikuskizun hura produzitu zuena eta baldintza horiek zirela gure begien aitzinean desagertzen. Aitzindariek harriarazi ninduten. [...] Atzo bezala ikusten ditut aitzindari haiek. Batasun sekulakoa zuten elkarrekin ari zirelarik, frijat dobleak, abiadura doitze edo farrasta batean ber pizten. Baina gehienik harritu ninduena, bakarkakoaren aldi zutelarik ez ziren berdin ari gorputzez. Rola atxikitzen zuten. Gatua gatu zen, zamaltzaina gure bolanta bezalako zerbait. Beltzak pasatzen ziren eta ni aitzindarien behar egoten nintzen beti intermeda horiek luze atzemanez. (Antton Luku, Libertitzeaz, 2014)
Luku emozionatu zuten dantzariei aurreko belaunaldietakoak erakutsi zieten eta haiek ere ez ziren nolanahikoak. Honela jaso zituen Migel Angel Sagasetak Altzürüküko 1970ko hamarkada hasierako dantzariei buruzko kontuak:
Toki anitzetan dantzatu zuten urte haietan berak (Jakes Jaragoihen) eta lagunek: Donibane Garazin, Hondarribian, Iruñean, Bilbon eta abarretan. Pauen ere izan ziren hiruzpalau urtez. Talde bikaina eratzen zuten Altzürükün orduan (1970 bueltan) Jakes Jaragoihen eta Epherre anaiez landa, Etxebarne anaiek, Iratzabalek, Beñat Aranburuk eta beste zenbaitek. (Migel Angel Sagaseta, Luzaideko ddantzak, 2011)
Testu horiek irakurrita Altzürüküko dantzarien kalitatea maila onekao izan dela sumatzen da eta ondorioz, Pagolara bakarrik ez, Euskal Herriko beste hainbat txokotara ere exportatu dute dantza, baita Euskal Herritik kanpora ere.
Dantzari haiek bikainak behar zuten izan, eta ederra da oso beraiekin topo egitea, kasualitatez. Aurrez Beñat Epherre ezagutu nuen, txerrero zen, eta orain Beñat Queheille, kantiniersa. “Lehen maskarada egin dut 17-18 urtetan dantzan”. Mugikorrean erakutsi diot 1979ko maskaradetako argazki bat eta aurpegia aldatu zaio, hura poza berea, eta sukaldera joan da lanean ari den emazteari erakustera.
“Altzürüküko herria beti izan da abantzua kulturaren aldetik, dantzaren aldetik. Zaharrak beti gazteari irakasten zieten”. Eta orduantxe gizon bat sartu da ostatura. “Begira, hori anaia da, bera ere kantiniersa aritzen zen, baina horiek guretako zaharrak ziren”, Battitta Queheille da anaia. Helduenak erakutsi zion gazteari, eta talde berekoak ez izan arren zenbait momentutan plazan elkarrekin arituak dira. Pentsatu dut gustura ikusiko nituzkeela dantzan Queheille anaiak, Jakes Jaragoihen, Beñat Epherre...
Eta begira! Mutur aurrean ez, eskuartean nuen beste froga potolo bezain polita, eta kasik ihes egin dit. Dantzanen ditugu 1979ko Altzürüküko maskaradetako irudiak, Eric Bouvier-ek grabatuak. Herrian bertan jasotakoak direnez, urte hartan maskaradak eman zituzten aitzindariek ez ezik zertxobait zaharragoak ziren dantzariak ere ari dira dantzan, denak elkarrekin.
Eta konturatu naiz, azkenean, Euskal Herriko dantza kontrabando sare emankorrenetako batean zelatari eta mugalari lanetan aritzen naizela.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19