Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Atez ate mozorro zuriekin dantzan Arantzan

Dokumentuaren akzioak

Atez ate mozorro zuriekin dantzan Arantzan

2024/02/21 08:15
Atez ate mozorro zuriekin dantzan Arantzan

Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

“Gu gara mozorro zuriak eta ari gara eskean. Joaten gara musikarekin, dantzatzen, kantatzen... etxeetara, eta ematen digute janaria eta dirua inauterian aitzinera ateratzeko” aurkeztu da Aimar Zubieta (Arantza, 2001). Ostegun gizen aurreko ostegunean hasten dituzte inauteriak Arantzan, “atzo hasi ginen, galtza urdinekin eta atorrarekin eta orain herrian ibiltzen gara, baina galtza zuriekin. Inauteriak dira besta giroa, gogoa, gazteak besta egiteko beti prest”, gaineratu du Xuban Tabernak (Arantza, 2006). Aurten bigarrengoz irten da mozorro zuri.

Mozorro zuriak
Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Mozorro zuriak
Aimar Zubieta eta Xuban Taberna. Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

16-17 urterekin hasten dira arantzarrak mozorro zuri moduan inauterietan parte hartzen. Aurten 34 dira. Hiru eguneko festak antolatzen dituzte. Gu bigarrengoan iritsi gara Arantzara. Kotxetik jaitsi eta segituan entzun dugu musika, festa giroa sumatu dugun ostatura hurbildu gara. Gaztez leporaino dago Zakutenea. Gosaltzen ari dira, gogor hasi dute eguna, kafea, tortilla edota gin tonika! Bezperakoari buelta emateko antidotoa nonbait. Euren mailan jartzea ez da asmoa, baina bai goiza beraiekin pasatzea eta Arantzako inauteriak zertxobait ezagutzea. Bezperan baserriak pasata, orain herriko etxetako bisitak tokatzen dira.

Mozorro zurien zein anfitrioien festa

Gure inauteriek behar dituzte baserriak, etxeak... eskertzen dugu aunitz guri ateak irekitzea, janaria ematea. Azkenean, denen artean ospatzen ditugu. Bertakoekin giroan sartu, dantza pixka bat egin eta ongi pasatu. Eurak ere inauterian parte dira gurekin batera. Euregatik ez bazen ez genuke inauteririk eginen”, dio Zubietak. Gazteek argi dute herritar guztien festak direla inauteriak eta elkarrekin egoteko balio diela, “herritarrak harremantzeko modu bat da”. Horrelako herri txikietan ohikoak dira adin tarte handiko koadrilak, sarri nahasten dira bestela ere, baina inauterietan gazte guztiak batzen dira eta herriko baserri eta etxeetara egiten dituzte bisitak.

Mozorro zuriak
Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Berrogei urte daramatzala atea irekitzen mozorro zuriei esan digu harro Barbara Lukanbiok (Arantza, 1961), “lehen pisuan sartzen nituen, baina urtetik urtera gehiago dira eta orain hemen, garajean, prestatzen dugu mahaia”. Lehen gutxiago izaten zirela dio, baina gaiztakeria gehiago egiten zituztela, “hori ere izan zen behera jaisteko arrazoia”. Senarrak animatu zuela dio, hura ere bere garaian mozorro baitzen. Izan ere, Lukanbio bera gaztetan ostatuan ibiltzen zen lanean eta ikusita mozorro zuriak nola ibili ohi ziren ez zegoen konbentzituta, “baina orain uztea zerbait ematen dit... posible dudan artean irekiko dut etxeko atea”.

Mozorro zuriak
Barbara Lukanbio eta senarra mozorro zuriekin etxean, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ostatuan, plazan, atarietan edo sukaldetan arantzarrak dantzan eta kantuan jartzeaz arduratzen direnak Andoni Mitxelena (Arantza, 1989) eta Beñat Mitxelena (Arantza, 1987) akordeoilariak diren. "Gure aitak jotzen zuen eta gure aitatxik ere bai. Familian ez dugu bertzerik ikusi, ez genuen eskapatoriarik, hau zen gure destinoa".

Kaosak antolakuntza ere behar du

Inauteriek inprobisaziotik eta kaosetik asko dute, baina lehenagokotik pixka bat antolatzen dira gazteak, herriko tabernetan egiten baitituzte otorduak. Ostalariek kalkulatzeko gutxi gorabehera bi aste lehenago edo komeni izaten da zehaztea zenbat elkartuko dira. Ostegunean Zakutenea ostatuan gelditzen dira gosaltzeko eta zozketa egiten dute, bi taldetan banatzen dira auzo guztiak eta etxe guztiak egiteko bi egunean, “saiatzen gara konpentsatzen taldeetan neskak, mutikoak, beteranoak eta gazteak” azaldu digu Irati Azpirozek (Arantza, 2005).

Mozorro zuriak
Ane Larralde eta Irati Azpiroz. Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gosari denak Zakutenean egiten dituztela azaldu digu Ane Larraldek (Iruñea, 2005) eta gainerako ostatuak txandakatzen dituztela, “saiatzen gara otordu guztiak partitzen herriko ostatu guztiei dirua emateko. Inauterietako gastuetarako bakoitzak 100€ ipintzen ditu festen hasieran eta herritarrek ere ematen diete, “gero, inauteri ondorengo asteburuan kontu afarian egiten dugu. Eta ikusten dugu nahikoa dirua dugun; sobratu zaigun edo falta den”.

Mozorro zuriak
Mozorro zuriak puska biltzean, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Emakumeak ere azkenean festan

Duela oso gutxi arte mozorro zurien jaia gizonezkoena bakarrik izan da. Neskak 2017an atera ziren mozorro zuri lehendabizikoz, Oihana Etxeberriak (Arantza, 1998) 18 urte zituen orduan. “Lehen neskak trikitixa jotzen ateratzen ziren eta nik txikitan beti esaten nuen trikitixa joko nuela, parte hartu nahi bainuen festan”. Etxeberriak kontatu digu lehen-lehen neskei esana zietela ezetz, mutilen ohitura zela. Beraiek kuadrillan neska mutilak elkarrekin ibiltzen dira eta anaiari galdetu omen zion behin, "gu zergatik ez gara ateratzen?". Beraiegatik ez zela problemarik erantzun ziola. Eta horrela hasi ziren. Baserrietara neska mutilak agertu zirenean harriduraz hartu omen zituzten hasieran, “baina orain erraten digute, ze ongi denok elkarrekin".

Mozorro zuriak
Oihana Etxeberria, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Haurrak beren aldetik ere ateratzen dira eskean. Etxeberria gaztetxotan ateratzen zen, baina behin adin bat iristean mutilentzako bakarrik zen festa, “txikitan ateratzen gara denak, bai neskak, bai mutilak, denak. Orduan erraten genuen, haurrak garela ateratzen gara denak eta heldu edo handitzean zergatik ez gara ateratzen?”.

Mozorro zuriak
Mozorro zuri txikiak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Azkenean, umetan egiten zuten gisan, berriz hasi ziren puska-biltzean parte hartzen, “hartu genuen kristoren ilusioarekin. Eskertu bezala egin genuen, ez dela eskertu beharreko zerbait baina... Denentzako da eta kito.

Puska-puskak bizkarrean

Umetatik bizi dituzte inauteriak Arantzan eta haurrek badute zeregin oso garrantzitsua, “ortzegunean mozorro zaharrak 11:00etan gelditzen gara plazan haurrekin. Haurrek egiten dituzte puska-puskak. Joaten gara plazara eta haur bakoitzak aukeratzen du nori jarri”. Etxeberriak gogoratzen du umetan ze ilusio egiten zien mozorro handiei puska-puskak jartzeak. Puska-puskak koloretako zintak dira, mozorro zuriek bizkarrean zintzilika eramaten dituztenak. Haurrek eskolan prestatzen dituzte aurreko egunetan.

Mozorro zuriak
Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Mozorro txikiak ere han nonbait zebiltzala esan digute eta haien bila abiatu gara. Guraso talde bat topatu dugu haur txikiekin eskean ate joka eta kantari.

Nola ez anitz pozik gabiltza
eskolatikan kanpora
herrian barna kopla kantari
ariko gara gustura

Mozorro zuriak
Mozorro zuri txikiak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Maribel Taberna (Arantza, 1984) da gurasoetako bat eta esan digu txikien eskea guraso elkarteak antolatzen duela, bi taldetan banatzen dira 10:00-12:00 batzuk aritzen dira eta 12:00-13:30 beste batzuk, “eguerdira arte biltzen dituzten janari eta gozoekin merienda egiten dute eta dirua kanpaldietarako eta erabiltzen da”. Kalean haur gaztetxoenak dabiltza, baina LH4tik gorakoak herri guztiko baserrietan ari direla puska-biltzean esan digute. “Talde bakoitzean trikitixa eta panderoa izaten dituzte. Ilunabarreko 20:00etan jaitsi eta mozorro handiekin elkartuko dira. Eta larunbatean ere jarraitzen dute. Txikitatik bizi da inauteria”.

Mozorro zuriak
Mozorro zuri txikiak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Belaunaldiz belaunaldi festan

Oso gaztetatik hasten dira inauterietan modu aktiboan parte hartzen Arantzan eta txikienek erreferente dituzte zaharragoak. Gazteak eta adinekoak batzen diren une goxo ugari sortzen dira bisitetan, horrek dakarren guztiarekin. Koxme Larretxea (Arantza, 1933) kalera irtenda dabil eta barrez hurbildu da mozorro zuriengana, hark ere saltsa nahi ba! Maitea dutela Larretxea segituan igarri dugu. Zenbait gazte hurbildu zaizkio eta beren garaiko inauteriez galdezka hasi dira:

"Gaztetan oinez egiten zenuten ez?”, galdetu dio batek.
“Dena oinez”, erantzun Koxmek.
“Orain gu kotxean eta hala ere berandu ibiltzen gara”, dio gazteak.
“Zuen aldean gu eskasak gara mortalak”, bigarren gazteak.

Koxme Larretxea gustura dago oso gaztez inguraturik eta bere garaiko kontuak gogoratzen eta kontatzen hasi da, “16 bat urterekin hasten ginen eta behin ezkonduz gero akabo. Dirua jaso beharrean saskia betetzen ziguten. Orduan arrautza garesti zen eta aunitz baserritan ematen zizkiguten eta kontuz kontuz ibiltzen ginen arrautzak ez puskatzeko”.

Mozorro zuriak
Koxme Larretxea mozorro zuriekin, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gero plazan, orain ez bezala, dantza-luzea osorik ateratzen zutela dio. “Garai txarra zen gerra pasatua, ez zen libre inauteriak egitea”, eta konturatu gabe bolumena jaitsi du eta sekretuan bezala hizketan jarraitu du “alkateak esaten zigun egin inautea, baina ez erran nik baimena eman dizuedala”. Hiru egunetan lo ere ostatuan egiten zutela dio, Zuzainea ostatuan, “etxea ez da zapaldu ere. Amak edo arropa garbiak ekartzen zizkigun eta segi festan”.

Danborra eta txistuarekin dantzatzen zirela dio, “herrian baziren danborra eta ziztua jotzen zutenak, Martin Ibarrola eta, hark erakutsi zigun zertxobait dantzan ere. Herriko Etxearen goian ikasten genuen, baina gu ainitz gutxi ibili ginen ez baitzuten uzten gerra ondoan”.

2024-02-02-Arantza-mozorro-zuriak_Idoia-Lahidalga_50_r.jpg
Koxme Larretxea, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Idoia Lahidalaga - Dantzan CC-BY-SA

Debekuak debeku, lehen eta orain gaztea festarako gertu. “Orain ederki, juerga ederra egiten dute. Lehen ere juerga armatzen genuen e! Ainitz lekuetan ez ziren egiten beldurragatik, baina hemen herri txikia zen eta jaleo ederrak armatzen genituen”.

“100 euro botatzen zenituzten orduan ere?” galdetu dio gazte batek. “Euro? Orduan eurorik ez zen! Kar, kar, kar! 20 durokoa botatzen genuen. Gero dirua biltzen genuen eta jasotako arrautzak eta dendetan saltzen genituen diru gehiago ateratzeko”.

Herri txikikoak nahiago

Hiriko edo herriko inauteriak galdetu eta Naiara Manzanok (Donostia, 2000) eta Ane Larraldek (Iruñea, 2005) ez dute bi aldiz ere pentsatu erantzuten: Arantzakoak! “Sanferminak baino nahiago, Iruñea handia da gauza, hemen hobe”. Iruñean jaioa da Larralde, baina aita arantzarra du eta txikitatik asteburuak, uda, Eguberriak... Arantzan igaro ditu. “Orain Gasteizen ikasten dut eta Iruñea ez dut zapaldu ere egiten eta Gasteizen arantzarra naizela esaten dut”. Umetan ere ahizpa eta biak Arantzako eskolako haurrekin irteten zirela puska biltzean dio. Ama, berriz, Goizuetakoa du, “han ere mozorro ateratzen naiz. Denetik egin beharra dago”.

2024-02-02-Arantza-mozorro-zuriak_Idoia-Lahidalga_85_r.jpg
Maialen Manzano eta Ane Larralde. Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Manzano 2009an iritsi zen Donostiatik Arantzara familiak bertan etxea erosi zuelako. “Etortzen nintzen asteburutan eta orain hemen bizi naiz. Orain dela 3 urte hasi nintzen mozorro. Dantzak ahal den moduan ikasi ditut, jartzen naiz baten atzean eta kopiatzen dut eta listo”. Udako festetan ere dantzatzen du, arantzarren pare mugitzen da dagoeneko.

Mozorro zuriak
Naiara Manzano, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Hemengoak basatiagoak dira hirikoak baino. Han karrozak, ondo jantzita... hemen berdin du denak. Hemen atorra eta galtzak jantzi eta zikina, garbia edozer da balekoa”.

Mozorro zuriak
Naiara Manzano suzirekin. Mozorro zuriak, Arantza, 2024-02-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Hortxe argi eta garbi inauterien esentzia.