Dokumentuaren akzioak
Musikarik gabe dantza eta festarik ez; "Ez genuen eskapatoriarik, hau zen gure destinoa"
"Akordeoia pixka bat jo, gazteekin elkartu eta kalejiran ibiltzen gara etxez etxe umore ona eta giroa armatuz hor ibiltzen gara". Dantza eta festa egunak ditugu inauteriak eta horretarako ezinbestekoa da musika, musikarik gabe zail da festa. Arantzarrak dantzan eta kantuan jartzeaz arduratzen direnak Andoni Mitxelena (Arantza, 1989) eta Beñat Mitxelena (Arantza, 1987) anaia akordeoilariak dira.
Etxetik jasoa
Txikitatik hasi zirela azaldu du anaia zaharrenak, "gure aitak jotzen zuen eta gure aitatxik ere bai. Familian ez dugu bertzerik ikusi, ez genuen eskapatoriarik, hau zen gure destinoa". Gazteak azaldu du aurrena etxean eta ondoren musika eskolan jarraitu zutela, "etxean ikasi dugu parte bat eta solfeo eta akordeoi klaseak eman genituen hemen Arantzako eskolan". Jaiotzez lesakarra, baina orduan Lesakatik etortzen zen Xalbador Madariagarekin aritu ziren ikasten. "Hark ematen zizkigun klaseak eta harekin ikasi genuen batez ere, baina etxean ere transmisioa izan dugu. Aitari begira".
Musika eskolan partiturarekin ikasi zuten, "baina musika eskola utziz geroztik nik uste gehiena belarriz. Aitak partiturekin eta ikasi zuen, uste dugu aitatxi hasi zela partiturarik gabe. Txistularia zen baita ere".
Errementariaren etxean zotza burduntzi edota Soinugilearen etxean, dantzaria erren diote atsotitzek, ba Madariagatarrenean ere antzera, "Bazkari familiarretan eta ez pentsa beti akordeoia ateratzen denik, gutxitan. Urte osoan ibiltzen gara kanpoan jotzen eta orduan etxean jotzeko gogo handirik ere ez, deskantsatzeko gogoa izaten da".
Nafarroari itzulia
Mozorro zuriek esan digute pribilegiatuak direla horrelako musikariak herrian bertan izateagatik, "handik eta hemendik deitzen diete, baina arantzarrak dira eta guk deitu gabe hemen dira". Kantu zaharrak, Arantzako dantza-luzearen zatiak, banangoa, edota moda-modako kantuak, edozer jotzen dute hauek.
Ez da harritzekoa, beraz, edozein herriko jaietan nahi izatea. "Inauteri garaian herri pila batean ibiltzen gara. Bakoitzak baditugu gure herriak. Ni ibili naiz Eratsunen, Elgorriagan, Sunbillan, Aurtitzen orain arte eta gero ibiliko naiz Doneztebe, Almandoz, Urdazubi, Iriberri..."dio Beñatek. Andonik, berriz, "ni ere Mugairen, Iturenen, orain Arantzan, gero Arizkunera ere joanen naiz. Iruritan ere bai. Deitzen diguten lekutik hara joaten gara".
Dedikazioa handia da, baina ez dute lanbide, "afizioz egiten dugu, diru pixka bat ere ateratzen da, baina gustatzen zaigulako egiten dugu".
Errepertorioa librea izaten dela diote, "baina herri bakoitzak izaten ditu bere kanta gustukoak. Orduan herriaren arabera aldatzen da. Herri batzuk badira kantariagoak, besteak igual dantzariagoak. Herri bakoitzak izaten ditu bere kantak eta gu moldatu egiten gara, ikasi egiten da denborarekin".
Dokumentuaren akzioak