Dokumentuaren akzioak
Aukerarik izan ez zuten emakumeek plazaratuko dute Legazpin ezpata-dantza


Leire Makibar, Oihane Auzmendi eta Izaro Mujika, Legazpi, 2025-04-30. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
“Guk entseatu egiten genuen, mutilei erakusten genien, parrilarako laguntza behar zutenean hor egoten ginen, baina gero sekula ere ez genuen dantzatzen plazan, ezta burutik pasa ere”. Oihane Auzmendi Iturbe (Legazpia, 1977) Sustraiak dantza taldeko dantzaria da, baina urteetan Santikutz eguneko ezpata-dantzan parte hartzeko aukerarik ez zuen izan. Zetorren aldaketaren aurrerapena, 2011ko urtekoa izan zen. Han aritu zen Auzmendi, baina jarraitasunik ez zuen izan urte hartakoak, eta ondoko urteetan berriz ere gizonezkoek aritu ziren soilik ezpata-dantzan. 2015ean etorri zen benetako aldaketa, eta ordutik neska-mutilek elkarrekin dantzatzen dute, genero bereizketarik gabe.
Aurten, taldearen 50. urteurrena dela eta inoiz taldekide izan diren, baina ezpata-dantzan dantzatzeko aukera izan ez zutenei luzatu diete gonbita; Izaro Mujika Badiolak (Legazpia, 1988) eta Leire Makibar Azpiriak (Legazpia, 1977) bi aldiz pentsatu gabe, gogo eta ilusio handiz, baiezkoa eman dute. Urteak dira dantza taldea utzi zutela, baina aurten plazara itzuliko dira; herriko jai egun handian eta dantzarik maitatuenean.
Zergatik ez duzue zuek egiten?
“Ezpata-dantza beti izan da taldeko dantza garrantzitsuena, baina garai batean mutilek bakarrik dantzatzen zuten eta neskek ez genuen inondik inora planteatu ere egiten dantzatzea”, hasi da azalpenekin Auzmendi. Emakumeek dantza ikasi eta entseatzen zutela dio, baina hutsuneak betetzeko eta mutilei laguntzeko izaten zen; askori beraiek erakusten zietela dio. Nahiz eta taldean dantza zekiten emakumeak izan, egun handirako taldekoak ez ziren mutilak lotzen ibiltzen ziren: familiakoak, lagunak, ikastaroetara etortzen zirenak…
Egoera hori ikusita Jon Dorronsoro (Legazpi, 1967) taldekideak dantzara bultzatu zituela dio: “Zergatik ez duzue zuek egiten?”. Auzmendik dio 2011n aldaketa horiek oraindik berde zeudela, “orduan guk plazaratu genuen, baina ez genuen gure errebindikazio modura egin, baizik eta Dorronek bultzatuta”. Haren proposamenari emandako lehen erantzuna: “Guk nola egingo dugu ba?”. Gero pixkanaka jarrera aldatu zuela dio, “eta zergatik ez?”. Orain konturatzen da kostatu zitzaiola aldaketa, “orain pentsatzen dut ea zergatik tardatu genuen horrenbeste. Beti horrela egin dugun horrek pisu handia zeukan niretzat”.
Behin pausua emanda, 2011. urte hura erabili zuten ikustarazteko neska asko zebiltzala taldean eta haiek ere egin zezaketela ezpata-dantza, “gainera nesken kasuan, taldea osatzeko arazorik ez genuen izan. Bisualki txokea izan zen, ez baikenuen ezpata-dantzari jantzita egin, nesken jantziekin baizik”. Bestalde, sari bezala ere ikusi zuten: “etortzen ginen entsegu guztietara, bileretara, gauzak antolatzera, jantziak prestatzera... baina ezpata-dantzan ezin parte hartu”.
Hurrengo urteetan berriz mutilek egin zuten, eta 2015ean neska-mutilek elkarrekin osatu zuten taldea, “testuinguruak hala eskatzen zuen, 2015ean Zumarragokoak ere talde mistoa kaleratzekoak zirela bagenekien eta uste dut horrek ere lagundu zuela, orduan neska-mutilak elkarrekin eta denok ezpata-dantzari jantzita egin genuen”.
Mujikak uste du orain justizia puntu bat egin dela, “Sustraiaken kasuan eta beste talde askotan ere antzera pentsatzen dut, gehienetan emakumeak izan dira sostengatu dutenak taldea. Neskak hor egongo ez balira taldeek ez lukete aurrera egingo”. Emakumeak dantzan ageri diren 1950eko Legazpiko ezpata-dantzako irudi bat bada, orduan ere seguruenik mutilek bakarrik taldea ezin osatuta.
2015etik taldekide guztiak elkarrekin plazaratzen dira eta aurten, bere garaian dantzatu ez zutenei aukera eman diete, “planteatu genuen dantza taldean aritu den jendeari, baina ezpata-dantzan inoiz parte hartu ez dutenei, dantzatzeko aukera ematea. Eta horiek dira emakumeak, mutil denek egin ahal izan baitute”, gaineratu du Auzmendik.
Emakumeak ezpata-dantzan
“Ni dantza taldean aritzen nintzenean ez nuen aukerarik ez. Nik ikasi ere ez nuen egin. Beti kanpotik eta inbidia puntuarekin bizi izan dut. Zergatik ezin dugu egin? Herriko egun eta dantza seinalatua da; niretzako oso berezia izan da beti, baina inoiz ezin egin”. Orain aukera eman dietenean ilusioa handiarekin hartu duela dio Mujikak: “azkenean egin ahal izango dugu herriko dantza kuttuna, Santikutz egunean… Nik ez nuen ezta segundo erdiz ere duda egin! Orain ez naiz Legazpin bizi, baina maletak hartu eta haurrarekin festa egun denetarako etorri naiz, munduko ilusio handienarekin! Kar, kar, kar!”.
Makibar ere antzera, “50. urteurreneko ekintza moduan komentatu zidaten eta oso gauza polita iruditu zitzaidan. 20 urte edo badira ez naizela taldeko partaide, baina urteroko ekintza herrikoietan parte hartzen dut. Beti gustatu izan zait, giro ona dago eta orduan maiatzaren 3an ezpata-dantza egiteko aukera berezia da oso”. Lehen entsegua aipatu du Mujikak, “asko gustatu zitzaidan taldean ez gabiltzan dantzari ohiak berriz elkartzea. Oroitzapenak etortzen dira, garai bateko kontuak… polita ari da izaten, denok oso gogotsu gaude”.
Azken urteetan 16 dantzariko taldea irten ohi da ezpata-dantzan: gora igotzen den kapitaina, aurreko hirurak eta arrosa osatzen duten 12 dantzariak. Auzmendik dio aurreikusten zutela aurten, behin aukera emanda, emakume asko animatuko zirela, beraz, “bi parrila egingo ditugu, bi igoko dira gora eta aurrean zortzi arituko dira dantzan. Bi talde oso osatzeko, ordea, oraindik dantza taldean gabiltzan emakume batzuk ere batu gara”.
Gazteenak 20 urte ingurukoak dira, egungo dantzariak, eta hurrengoak 36-65 urte artekoak. Zaharrenentzako bereziki hunkigarria ari dela izaten dio Makibarrek: “Taldearen sorreran parte hartu zutenak dira. Adin horretan ez ezpata-dantza-egitea, baita plazara dantzara ateratzea ere emozionalki handia da. Ikustea gai zarela, oraindik ongi zaudela fisikoki…”.
Mutilen gainbehera
Azken aldian hainbat herritan ikusten dugun gisan, Legazpin ere mutilak dantza uzten ari dira. Auzmendik aspalditik zuen kezka hori barruan, “2011n Dorronek ezpata-dantza egitea planteatu zigunean nik zalantza handiak izan nituen. Niri kosta egin zitzaidan baiezkoa esatea, mutilak galtzeko beldurra ere banuen; baina gero pentsatu nuen utzi behar badute, utz dezatela”.
Momentu honetan taldean hiru mutil dabiltza eta 30 neska. Egun puntualetako eta edozertan laguntzeko beste 3-4 beti prest egoten direla dio, baina eguneroko martxan desagertu egin dira. Umeetan ere antzekoa gertatzen dela ikusten du Mujikak, “nik uste, Legazpiko kasuan, desagertzea ez dela hasi emakumeak ezpata-dantzan parte hartzen hasi zirenean, gainbehera aurretik zetorren. Genero-rolak eta bakoitzaren gustuak oso definituta ditugu eta badirudi egun dantza ez dela mutilentzako gauza bat”.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19