Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Jon Fernandez: "Jendeak konplexua dauka geurea dena egiteko"

Dokumentuaren akzioak

Jon Fernandez: "Jendeak konplexua dauka geurea dena egiteko"

2025/07/16 10:10
Jon Fernandez: "Jendeak konplexua dauka geurea dena egiteko"

Jon Fernandez, Gasteiz, 2025-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Gasteizko Folklore Akademiako atean hartu gaitu Jon Fernandezek (Gasteiz, 1962). Zain-zain genuen, kalearen beste aldetik egin digu oihu. [Kapitalean erdi galduta gu]. Atezaina edo etxeko jauna dirudi, eta ez da gutxiagorako, 30 urtean aritu da bertan dantza irakasle. Erretiroa hartu bezperatan egin diogu bisita. Iritsi orduko hasi da anfitrioi lanetan. Lankideak aurkeztu dizkigu eta akademia osotik bisita gidatua egin digu, pisuz pisu, gelaz gela. Eta halako batean, azken pisura iritsi gara, teilatupera. Dantza gela da, zein argia eta zein ederra, dantzarako zoragarria benetan. Oraingoan, ordea, aurrez aurre eseri eta mingainak jarri ditugu dantzan.

30 urtean aritu zara dantza irakasle Gasteizko Folklore Akademian, baina dantzan lehenago hasiko zinen ba?
Zortzi urterekin hasi nintzen, Academia Provincial de Danzas-en, gero desagertu zena, ondoren Gaztetxu taldean ibili nintzen eta gero Indarran dantzari, baita zuzendari ere. Familiak bultzatu ninduen dantzara. Aita txistularia zen. Hemen gerra ondoan sortu zen lehenengo taldea, Txirinbil, eta hor nire aita zen txistularia, eta bide horretatik sartu nintzen mundu honetan. Dantzara gurasoek eramaten ninduten; urte horietan dantzan ibiltzen ginen umeen guraso gehienak ere dantzariak edo dantza munduaren bueltakoak ziren.

Jon Fernandez
Jon Fernandez, Gasteiz, 2025-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Eta bueltan-bueltan, azkenean, dantza ogibide.
Nik irakasle izateko ikasketak egin nituen. Lan egin nuen bost-sei urtez etxalde eskola batean. Garai horretan Indarran ibiltzen nintzen. 1990eko hamarkadan Gasteizko Udal Folklore Akademia sortu zen, 1995. urtean beste dantza irakasle bat behar zuten; oposaketak egin nituen eta plaza atera nuen.

Udal Folklore Akademiako langile eta Indarrako kide ere izan zara urteetan, bien artean bada loturarik, ezta?
Udal Folklore Akademia esan daiteke 60. hamarkadan sortu zela, Txirinbil taldearen eskuetan. Eta 1998-99an udaletxeak buelta bat eman nahi izan zion, eta lehiaketa atera zuen. Indarrak irabazi zuen konkurtso hori, ordura arte eskola "Academia Municipal de Danzas" zen. Gero, 90eko hamarkadan, Udalak beste buelta bat ematea erabakitzen duen garaian, Pedro Elosegi zen udal txistu bandako musikaria lanaldiaren % 50ean; %100ean jarri zuten, eta zuzendaritza hartu zuen eta jada bihurtu zen Udal Folklore Akademia. Dantzari musika instrumentu tradizionalak ere gehitu zitzaizkion. Orduan, Pedro Elosegi Indarrako zuzendaria eta lehendakaria zen. Gainera, orain akademiak eta Indarrak badute hitzarmen bat. Akademian dago "konjunto" deitzen diogun talde bat, emanaldiak egiten dituzte eta horiek gero Indarran dantzatu ohi dute. Lotuta aritu izan dira askotan, baina bata akademia da eta bestea dantza taldea. Gainera, Indarra ez da dantza taldea soilik, hori baino gehiago da. Elkarte bat da,  gaiteroak, txistulariak, fanfarrea... Dantzan eta ikerketan ere aritzen da.

Urte pila batean dantza irakasle aritu zara, baina zuri nork erakutsi dizu dantzan?
Ni gogoratzen naiz Manolo Ortiz izena zuela nire lehen dantza-maisuak, Txirinbil taldeko dantzari ohia zen. Duela gutxi hil da. Gero Gaztetxun Jabi Zabala, Raul Perea Indarran eta Karlos Oianguren eta Pedro Elosegirekin ere aritu nintzen. Gero, 1995-96an Argia-Ikerfolkek Gipuzkoako dantzei buruzko ikastaroak antolatu zituen, eta hor ere ibili nintzen ikasten. Dantzariak oso onak ziren, baina horrez gain ikusi nuen sistema bat erakusten ari zirela eta ikasi behar genuela. Dantzan Ikasik antolatzen dituen ikastaroetara ere beti apuntatzen naiz.

Hainbat iturritatik edan duzu, baina zu arabarra izanik, Arabako dantzei begira diezaiogun. Esan genezake Arabako dantzek, euren artean, badituztela ezaugarri komunak?
Errioxa aldean, baietz esango nuke. Juan Antonio Urbeltzek beti nabarmentzen du Mediterraneoko aldea, ezta? Hor badaude Arabar Errioxan eta Nafarroako Erriberan dantza ugari. Janzkera aldetik ezaugarri batzuk oso komunak dira, eta makilekin egiten dira dantza asko, zonalde hori aberatsa da oso dantzetan. Gero Kuartangokoak edo Gesaltzakoak dauzkagu edota Gasteizko zortzikoa. Eta beste eremuetan gutxitu egiten da. Baina normala da, ezta? Lehen non zegoen jendea? Ibai ondoan, Ebro ibaiaren inguruan. Gogoratzen naiz  Urbeltzek nola behin esan zidan, "Gasteiztik, Aguraindik... pasa urtarrilaren 15ean eta -5º gradu markatzen zituen termometroak. Nola demontre egongo dira inguru horietan dantzak, inor ere ez bada bizi eta!"

Jon Fernandez Dantzan Ikasin
Jon Fernandez Carles Masen ikastaroan, Gasteiz, 2005-12-28. Argazkia: Dantzan - CC-BY-SA

Oker ez banago, herrian bertan galduta egon diren dantzak zenbait momentutan Indarrak berak gorde ditu, ezta?
Txirinbil taldekoek hartu zituzten Villabuenako makila-dantzak eta Guardiako dantzak. Txirinbil izan zen Gasteizko lehenengotako taldea eta hainbat eszisiotatik sortu ziren beste zenbait talde: Oldarki, Gaztetxu, Indarra, Algara, Jare... Txirinbileko dantzari batzuek Indarran bukatu zuten, eta haien bidez ikasi genituen guk dantza horiek. Eta luzaroan, tokian-tokian ez dira dantzatu.

Baina orain Villabuenan, adibidez, dantzatzen dira, ezta?
Bai, orain makila-dantza horiek bertako taldeak dantzatzen ditu. Luzaroan han ez dira egin, eta gero berriro itzuli dira, eta orduan gasteiztarrek erakutsi zizkieten.

Egun nola dago antolatuta Folklore Akademia?
Hemen euskal dantzak eta euskal musika tresnak eta tresnak jotzeko erabiltzen den musika lengoaia erakusten dira. Eta gero badago koroa ere. Hemen daude dantza irakaslea, hiru txistu irakasle, lau gaita irakasle, bi trikitixa irakasle, beste hiru albokarako, txalaparta irakaslea eta txirula irakasle bat. Eta gero administratzaile bat eta musika moldatzaile bat. Hori da plantilla, gutxi gorabehera, eta zuzendaria, noski.

Jon Fernandez eta Amaiur Aristi
Jon Fernandez eta Amaiur Aristi, Gasteiz, 2025-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Ni orain umetxo bat izango banintz, ze dantza ibilbide egin ahalko nuke hemen?
Sei urterekin sartzen dira. Lehenengo mailan egongo da urte bete. Gero joango da bigarren nibelera eta horiek dira bost urte. Eta gero joaten da hirugarren nibelera eta horiek dira lau urte, guztira 10 urte egiten dira. Orduan, hemen sartzen dira sei urterekin eta bukatzen dute 2. hezkuntza bukatzen dutenean, 16 urterekin. Jarraitzeko gogoa dutenei lehen aipatu dudan "konjunto" egitea eskaintzen diegu. Egongo dira hiru urte bakarrik hemen, beste bi urte hemen eta Indarran. Gero erabakitzen dute jarraitu nahi baldin badute hemen edo Indarran, edo bietan, edo inon ez.

Eta helduak ere ari dira dantzan, ezta?
Helduentzat hiru kurtso daude, eta gero aparte talde berezi bat ere badugu; hiru urte horiek bukatzean jarraitu nahi duenarentzat. Astero ordu bat egiten dugu; helburua dantzatzea plazerragatik. Eta gero jende hori guztia joaten da Pantza Plazara, eta Gasteizko beste lekuetatik ere etortzen dira.

Nola definituko zenuke Dantza Plaza?
Ba horixe, dantzaren plazeragatik dantzatzea, eta ondo pasatzea dantzatzen. Eta hori oso inportantea da. Nire ikasleei beti esan diet, nik nahi dut zuk dantza egitea eszenatoki batean, baina baita plazan ere, eta jakitea nola dantzatu behar den plazan. 80-90eko hamarkadan izan genuen kontaktua Belgikako batzuekin eta etorri ziren hona eta gu joan ginen hara, eta bat-batean egin zuten Dantza Plaza bezalako bat, oraindik ez genuen ezagutzen formatu hori, hortxe, Foru enparantzan. Eta gelditu ginen flipaturik, eta orduan jarraitu genuen bide horretatik. Orduan asmoa zen sortzea akademia bat jendeak dantzan egitekoa, dantzan ondo egitekoa baino, dantzan egitekoa.

Nola dantzatu behar den plazan jakitea oso garrantzitsua dela diozu; nola dantzatu behar da ba?
Plazan helburua da ondo pasatzea, eta ondo pasatzeko zure ondokoak ez du lotsa pasatu behar zuk "ondo" egiten duzulako dantzan, eta berak ez hain "ondo". Begira, nik hemen erakusten ditut fandangoa egiteko bederatzi pausu. Nik beti esaten diet plazan errazenak dantzatzeko. Nire helburua da jendeak dantza egitea plazan, eta nik egiten baditut urrats zailenak, jendea joan egingo da, lekuz kanpo sentituko baita. Eszenatoki batean exijitu behar diogu dantzariei eman dezaten ahal duten guztia, baina zuk dantzari moduan jakin behar duzu plazan zaudenean nola egin behar duzun.

Jon Fernandez Biharamuneko soka-dantzan
Jon Fernandez Biharamuneko soka-dantzan, aurretik Patxi Laborda eta atzetik Pedro Elosegi dituela. Eibar, 2022-04-21. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Akademian garbi duzue gure gorputz hizkuntza eta gure soinu hizkuntza zein diren eta horiek lantzen dituzue.
Berez logikoa izan beharko luke, baina ez da ohikoa. Gu gaude eskola batean, eta dantza dago bere ingurune naturalean, bere betiko tresnekin. Hori inportantea da. Harremana zuzena da. Txistulariek badakite jotzen dantzarako, eta dantzariok badakigu dantzatzen txistulariek jotzen dutena edo gaiteroek jotzen dutena. Pribilegiatua izan naiz, baina ze pena pribilegiatua sentitu beharra gure lurraldean gurean aritzeagatik. Betiko erronka edo betiko helburua da, gure dantzak irakatsiko dituzten irakasleentzako karrera bat sortzea. Ze euskal dantza irakasleen formazioa ez izateak laster arazoak ekarriko ditu. Musika Eskola eta Dantza Eskolen dekretu berriak tituludun dantza irakasleak eskatzen ditu Dantza eta Musika Eskoletan euskal dantzako klaseak emateko, baina ez dago euskal dantza irakasleen titulurik. Nola ulertzen da hori?

Beharbada askok ez diote gure gorputz hizkuntza horri behar zaion balioa ematen, ezta?
Nik beti adibide bera erabiltzen dut: norbaitek Gasteizko Katedral zaharreko horma esprai batekin margotzen badu fusilatu egiten dute”; baina hemen etortzen da edonor, hartzen du gure dantza bat, egiten du nahi duena dantza horrekin, eta, gainera, ETBn agertzen da.

Hor agertzen dira askoren konplexuak, ezta?
Argi eta garbi, jendeak konplexua dauka geurea dena egiteko, erakusteko. Kanpora bidaltzen ditugu dantzari, bertsolari “modernoak”. Baina ez du zentzurik, “moderno” hori  kanpoan badaukate, ikusi nahi dutena gurea da. Erakutsi zuk daukazuna eta zaindu zuk daukazuna. Ni oso pesimista naiz, ikusten dut aspalditik hau pikutara doala, eta guk daukagula errua, eta batez ere agintariek. Zergatik ez daukagu hemen Kultur Sailean, kultura tradizionalari loturiko departamendu bat? Aurreko lehendakariak, adibidez, uko egin zion soka-dantza batean dantzatzeari, uko egin zion gure gorputz hizkuntzan adierazteari. Zer espero dugu, orduan?

Arabako Errioxako dantzen ikastaroa
Jon Fernandez, Elena Gonzalez de Artaza, Amagoia Egiluz eta Pedro Elosegi Dantzan Ikasik antolatutako Arabako Errioxako dantzen ikastaroa ematen. Donostia, Dantzagunea, 2010-05-15. Argazkia: Oier Araolaza.

Askotan egiten diogu uko gureari, ez?
Begira, Bastidan sortu zituzten dantza batzuk egiteko data zehatz batean, eta duela urte bat edo, dantza horiek egin beharrean banangoa eta ez dakit zer egin zituzten. Eta bueno, zer egingo diogu ba? Altxatu nahi duzue hanka? Arabarrona ez da hori, gurea da beste gauza bat. Eta hori egin nahi baduzu egin, baina ez jaietan, ez egun horretan. Egun horretarako prestatu dituzue, sortu dituzue dantza batzuk, zergatik aldatu orain? Zertarako sortu dituzue dantza horiek? Ondo dago beste dantza molde batzuk, ikusgarritasuna dutenak ikastea, baina norberarena baztertu gabe.

Errepertorioaz eta dantzakeraz ere ari zara, ezta?
Txapelketetako eredua ere hor dago eta ze kaltea egiten duen, jendea saiatzen baita haiek bezala dantzatzen. Lehenengo eta behin, horrela ez da dantzatu inoiz Euskal Herrian. Eta bigarrena, hori egiteko behar duzu teknika bat. Baina EITBk Segurako txapelketa emititzen du, hori da erakusten digutena. Eta gero, egun batean damutuko gara, ezta? Damutuko dira gure identitatea galduta egongo denean. Gure kultura izango da Berlinen edo Londresen egiten den bezalakoa. Zer gelditzen zaigu, egunero sushi jatea marmitakoaren ordez? Ba, nik nahiago dut marmitakoa.

Gure kultura zaindu eta transmititzeko beharra diozu. Horretan ere egin duzue ahalegina, ezta?
Hasi ginen irakurtzen, eta hasi ginen ikusten Gasteizen pasatzen ziren bidaiariek esaten zutela dantzatzen zela Zortziko de la Blanca, eta handik abiatu ginen. Pedro Elosegik egin zuen lan handia. Hor hartu zituen udal txistu bandaren errepertoriotik musikak eta egin genuen soka-dantza moduko zerbait. 1987an sortu genuen eta 2004. urtean eraman genuen Plaza Berrira. Horrez gain, Eltziegoko makila-dantzak eta Lantziegoko makila-jota ere osatu ditugu, haiek eskatuta. Horrelako kontuekin ere aritzen gara.

Gasteizko zortzikoa
Gasteizko zortzikoa, 2008-08-05. Argazkia: Iñaki Zugasti-Dantzan CC-BY-SA

Eta orain Zortzikoa Gasteizko festetako momentu garrantzitsu bat bihurtu dela diozu.
Duela urte batzuk sortu genuen dantza eta gaur egun galdetzen baduzu noiztik dantzatzen den, betidanik egiten dela erantzungo dizuete. Hori da lorpena. Eta hori lortzen baduzu dantza batekin, esan nahi du dantza hori herrian dagoela jadanik. Baina azkenengo urteetan egiten diren gauza moderno horiek herrian daude?

Orduan, zein dira dantza batek funtzionatzeko giltzak?
Sortzerakoan lehenengo gauza kontutan hartzen duguna da zer dagoen inguruan. Adibidez, gu ezin gara joan Errioxara eta muntatu dantza bat Gipuzkoan dantzatzen den moduan, zeren haientzat hori ez da beren dantza. Bere sentituko dute, adibidez, alboko herrikoek egiten dutenaren antzeko ezaugarriak dituena. Gero guk beti esaten diegu herritarrei sortu berri dugun dantza hori jada beraiena dela. Eta ardura dutela mantentzekoa. Dantza bat mantentzeko herriak bereganatu behar du. Eta hori nola lortzen da? Ba herri horretako herritarrek edo dantzarientzat egokitua izatea, beraiek dantzatzeko modukoa izatea.  

Hasieran aipatzen zenuen, azken aldian sumatu duzula gazte askok ez dutela dantzatu nahi herriko jaietan.
Gasteizen aspaldi sufritu dut hori. Ez dakit zergatik. Gasteizko jaietan ez dute dantza egin nahi, parrandagatik izan daiteke? Hor arazoa sortzen da, zuk zure betebeharra ez baduzu betetzen, nork egingo dugu eta nola? Prestigio kontuak ere sartzen dira hor.

Jon Fernandez Arabako dantzak erakusten
Jon Fernandez Arabako dantzak erakusten Gaztemundu programan Diasporako irakasleei, Donostia, 2014-07-15. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Zuk, ordea, garbi daukazu dantzak herriko festetan zentralitatea eduki behar duela.
Bai, hori lortu genuen. Lortu genuen 2004an sartzea Gasteizko zortzikoa festaren erdian, egun nagusian, eguerdian, Plaza Berrian, eta lortu genuen Udal Batza hor egotea.

Folklore Akademiako lanpostua utziko duzu, baina zure ordez etorriko da besteren bat, eta zure lankideak hemen geldituko dira. Zure ustez, zein izango dira beraientzako datozen urteetako erronkak?
Momentuz matrikulak izatea. Azken aldian eskaintza asko dago eta jaiotza tasa ere txikia da. Hori ikastetxeetan ere eragiten ari da eta hemen ere nabaritzen da. Hori izango da erronka handiena. Ea zer eragin daukan, dauzkagun matrikulek, behintzat, ea ez duten behera egiten.

Udal Folklore Akademia Musika Eskolaren barruan sartzeak ere kezkatzen zaituela entzun izan dizut.
Fusionatu egin gara Musika Eskolarekin. Eusko Jaurlaritzaren Dantza eta Musika Eskolen dekretu berriak Musika Eskolak behartzen ditu tradizionaleko adar bat ikasgai bezala sartzera. Udalak bazeukan Musika Eskola, baina ez adar tradizionala. Orduan, Folklore Akademia bertan integratu dute. Momentuz guk hemen jarraituko dugu, baina ez gara autonomoak. Ea zer gertatzen den, momentuz badirudi ez dela ezer aldatuko, baina badut kezka, bai. Gainera, Folklore Akademia publikoa da, ordaindu egin behar da, baina badaude laguntza ekonomikoak. Musika Eskolako matrikulazioa askoz ere gehiago ordaintzen da. Orduan ez dakigu nola egingo duten, zer egingo duten, eta ez dakigu zer eragina izango duten gure matrikulan.

Jon Fernandez
Jon Fernandez, Gasteiz, 2025-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Hemen gelditzen direnei aholkuren bat, edo bai ala bai borrokatu beharreko zerbait?
Borrokak izan behar du konbentzitzea kultur politikoak hau beharrezkoa dela, beharrezkoa ez, funtsezkoa. Jokatzen ari gara gure kulturarekin, gure identitatearekin, eta kendu egin behar ditugu konplexuak. Zer da modernoa izatea? Besteek egiten dutena kopiatzea, edo zurea, propioa egitea?

Lanpostutik jubilatuko zara, baina dantzatik guztiz ez, hala?
Ez, ez, ez. Aipatu ditut zenbait dantza birsortu izan ditugula eta beste batzuk ere baditugu buruan, lan horiek ez ditut utziko. Dantzan Topaketetako ere lanen bat edo beste egiteko ardura hartu dut. Arabako dantza taldeen inguruko diagnosia ere ari gara egiten eta jarraituko dut, asmoa da dantza taldeak elkarrizketatzea. Eta txistuan ere apuntatu naiz, hemen Folklore Akademian. Ez dakit hartuko nauten ala ez, zozketa egiten baita izena ematen dutenen artean. Mundu honetan ibiliko naiz. Dantzanek antolatzen dituen Dantzan Ikasiko ikastaroetara joaten jarraituko dut. Eta Dantzanen lan bat egiteko ez baduzue astirik, bidali niri eta nik egingo dut gustura. [Azken eskaintza hori ondo kontutan hartuko dugu]

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.