Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzaz gain klasikoa eta garaikidea ere bultzatuko dira EAEko Musika eta Dantza Eskoletan
Euskal dantzari Klasikoa, Garaikidea eta "beste dantza batzuk" batu zaizkio onartu berri den Euskal Autonomia Erkidegoko Musika eta Dantza Eskolen dekretuan. Aurrez musika-eskolak arautzen zituen 1992ko dekretuak soilik euskal dantza jasotzen bazuen ("tradizioan oinarritutako musikatresnen musikako eta dantzako" adarrean zintzilik), orain dekretu berriarekin musikari dantza eremu zabalagoan gehitu zaio.
Jaurlaritzak maiatzaren 21ean eginiko bileran onartu duen dekretu berriarekin dantzak esparru propioa izango du, musika-eskola zirenak musika- eta dantza-eskola bilakatzeko aukera arautuz. Horrela, hiru motako eskolak arautzen dira, ematen dituzten irakaskuntzen arabera:
- Musika Eskolak
- Dantza Eskolak
- Musika eta Dantza Eskolak.
Zehazten diren espezialitateen artean, dantzari dagokionean honako hauek eskaini ahal izango dira: Klasikoa, Garaikidea, eta Euskal Dantza. Horiez gain "beste dantza batzuk" izeneko multzoa ere jasotzen du dekretuak, dantza urbanoak, flamenkoa, dantza soziala, jazza/klakea eta munduko edozein eskualde edo joeratako beste dantzei ere leku eginez.
Ikastetxe motaren arabera, dantza-eskolek gutxienez, Euskal Dantzaz gain, bi espezialitate gehiago eskaini beharko dituzte (hiru guztira), eta Musika eta Dantza Eskolek, berriz, gutxienez Euskal Dantza espezialitatea.
Azpiegituren ezaugarriei eta baldintzei dagokienean dantza eskolek gutxienez 70 metro karratuko bi dantza-gela (aurreko dekretuak 80 metro karratu jasotzen zituen dantza taldeentzat) izan beharko dituztela adierazten da, beti ere gutxienez 5 metro karratu pertsonako, jauzietarako egokitutako zoruarekin, bai eta ikasle kopuruaren araberako aldagelak ere.
Irakasleen titulazioari dagokionez, arau berriak gradu-titulazioa eskatzen badie ere, mantendu egiten da aurreko dekretuan zegoen ezohiko gaikuntza edo habilitazio prozedura goi-mailako titulaziorik ez duten espezialitateetarako. Ezohiko prozedura horri, ordea, ikasketa planak ezartzen direnetik zortzi urtera igaro arte eutsiko litzaioke dekretuaren arabera.
Iturria: Euskadiko musika eta dantza eskolen dekretu berria (Gobernu Bilera 2024-5-21)
Dekretu berriaren proiektua: 10_Aldez-aurretiko-onespena_Dekretua_Eus.docx
Orain arteko dekretua: 289/1992 Dekretua, urriaren 27koa
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Hezkuntza Dantzan
Jarriko dugu Hezkuntza Dantzan?