Dokumentuaren akzioak
Amaitu dira maskaradak, bukatu da bidaia
Atharratze-Alozeko maskaraden azken saioa, Gamere, 2022-04-17. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
“Ongi pasatu dugu eta gehienek berriro ere egingo genuke, baina esaten den bezala gauza on guztiek badute bukaera bat, Kautera aritu da Anna Iraola maskaradetan. Urtarrilaren 16an Atharratzen abiatu zituzten Atharratze-Alozeko maskaradak eta Gameren egin dute azken saioa. Hiru hilabetez Zuberoako hamahiru herri bisitatu dituzte. Nekea nabari dutela aitortu dute gazteek, baina penaz amaitu dituzte lanak, askorentzat lehen eta azken maskaradak izango baitira aurtengoak. Hiru hilabete, hamahiru herri eta hamaika esperientzia eta emozio: dantza, antzerkia, musika, euskara, belaunaldien arteko transmisioa eta gazteen arteko harremanak hartuta ardatz.
Zibozen egin zuten azken errepikan ezagutu nuen taldea. Elizaren alboko frontoi grisean dantzan aurkitu genituen eta segituan gonbidatu gintuzten entseguak egiten dituzten sabaira. Azken errepika behar den bezala egiten baitute, goizean barrikadak, jan-edana indarrak hartzeko eta arratsaldean jokoak. Eta mokadutxoari nola egin ba uko! Arizaleak maskaraden bidea hasteko gogotsu sumatu genituen, baina urduritasun puntua ere bazuten gainean. Normala, kasik jaio zirenetik garai honen zain!
Hiru hilabeteren ondoren, berriz hurbildu naiz Zuberoa aldera, eta, oraingoan, urduritasun txikienik ere ez inon. Eroso sumatu ditut dantzariak plazan, eta harro eta indartsu beltzeria; konfiantza handiz aritu dira bai gorriak bai beltzak. Azken horietan goizeko eta eguerdiko jan-edanaren hauspoa ere bazela esango nuke.
Gamereko plazako saioarekin amaitu dute urtarrilaren hasieran Atharratzen hasitako bidea, amaitu dira maskaradak, bukatu da bidaia. Hona protagonisten zenbait balorazio:
Txelina Aranzet: “Nahiko nuke hurrengo maskaradetan aitzindarietan aritzea”
Marexalaren papera bete du Txelina Aranzetek, arizale gaztetxoenetakoa da. Etxetik jaso du dantza, eta Antton anaiarekin aritu da maskaradetan; Zamaltzain papera bete du hark. Bi anai-arrebak Joimo aitaren begiradapean, bera ibili baita dantza-maisu eta errejent lanetan.
“Maitatu dut lagunekin herriz herri aritzea, beste jendeak gu ikustea”. Izugarri gustura aritu dela dio, ez zuela bukatzeko batere gogorik eta lasai jarraituko lukeela hurrengo asteburuetan ere. Oraindik gaztea denez, hurrengo maskaradetan parte hartuko du seguruenik; hala nahiko lukeela dio, orduan aitzindari gisa.
Bixente Baqué: “Nire gorputzak erraten du gelditzea, baina beste aldetik jarraituko nuke”
Bihurri eta bizi ibili da maskaradetan Bixente Baqué, Pitxuren rolak hala eskatzen baitu, nola bestela. Azaldu digu berak ez duela aukeratu papera, “mustrakak egin ditugu eta entseatuz ikusi dugu nork zer egiten ahal zuen eta bozkatu dugu elkarrekin”.
Dantzan ere zertxobait bazekiela igarri diot plazan eta baietz, txikitan aritutakoa dela, baina ahaztu zaiola. Hogeita bosta urte ditu, beraz, lehen eta azken maskaradak izango dira berarentzat. “Gozatu dut zinez, baina akidura igarri dut”. Alde batetik jarraituko lukeela dio, baina bestetik ezetz, gorputzak gelditzeko esaten omen dio.
Anna Iraola: “Garrantzitsua da erakustea belaunaldi berriek kultura aurrera eramaten dugula”
Kauteretan aritu den emakume bakarra da Anna Iraola, “hastapenean ez da izan erraza bakarrik mutikoak nituen inguruan, baina azkenean biziki ongi barneratua izan naiz jokoan eta biziki ongi pasatu dut”. Euskara menperatzen duenez proposatu zitzaion paper hori jokatzea, jokoetan hitz egiteko eta kantatzeko.
Biziki esperientzia ederra izan dela dio, bereziki, taldeko giroa bermatzeko eta batez ere kulturarekiko eta euskararekiko atxikimendua sendotzeko. Azken saioa penaz amaitu du, baina bukatu beharra dagoela dio eta hurrengoko herriari tokia egin. Lehenak eta behar bada azken maskaradak izango dira Iraolarentzat, baina hurrengoetan parte hartzeko itxaropena badu, “zergatik ez? Orain ere badira hogeita hamar urteko arizaleak!”
Maika Etxeberri: “Herria lotzeko eta gazteen artean elkartasun handitzeko balio izan du”
Laborariaren papera bete du Maika Etxeberrik, “ez nuen kargu handi bat hartu nahi, baina parte hartu nahi nuen”. Papera elkarbanatu du beste gazte batekin, beraz, ez zaio egokitu asteburu guztietan parte hartzea.
Hala ere, esperientzia eder eta handia izan dela dio, berriz egiteko modukoa. Harremanak sendotu dituztela dio, herria lotzeko eta gazteen artean elkartasun handitzeko balio izan duela argi ikusi du, baita beste herriko gazteekin egoteko ere.
Joimo Aranzet: “Gazteak kulturan eta euskaraz biziaraztea da helburua”
Gustura agertu da Joimo Aranzet, aurtengo errejenta eta dantza maisua, “Kontentu naiz talde ona baita, elkarrekin plazer hartu baitute dantzatzen, jokoetan eta festa egiten”. Irakaslearen helburua dantzariak prestatzea dela dio, baina baita gazteak kulturara eta euskara gerturatzea ere, “bazen jende bat sekula kulturaren bueltan aritu ez dena eta ederra izan da gazteak horretan ikustea”.
Aurretik hainbat maskaradetan parte hartua da Aranzet eta aurten begirale papera tokatzen bazitzaion ere plazara atera behar izan du arratsalde batez. Goiz batean entseinariak mina hartu eta bera ordezkatu behar izan zuen. Gaztetako arropa zaharrak hartu, sartzen zela frogatu eta han atera zen jende aurrera entseinari lanetan, “oroitzapen goxoa gordeko dut semearekin aritzearena dantzan eta berriz plazara ateratzearena”.
Jai giroan utzi genituen ostatu inguruan denak, plazako errituak bezainbesteko garrantzitsua baitu ondorengo festak ere. Gaua Atharratzen pasa eta hurrengo egunean Gamerera itzuli ginen inguruetatik bueltatxo bat egitera; bestondoa igartzen zen paisaian. Kotxe bakarren batzuk bide bazterrean utzita edo ahaztuta, eta botila eta godaletak han eta hemen. Batzuk ohean izango ziren gozo, baina beste batzuk goiz hasi ziren inguruak txukuntzen. Denak dira maskaradetako partaideak, hiru hilabeteko bidaia arizaleek eta beste askok osatzen baitute.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19