Mikel Sarriegi: "Funtsezkoak eta oinarrizkoak diren mugimenduak ezkutatu eta ahaztu ditugu"
Hizkuntza idatzian bezala, dantzan ere beharrezkotzat jotzen du mugimenduak izendatu, antolatu eta hizkuntza komuna jasotzea. Dantzen sistematizazioa izan du hizketa gai Mikel Sarriegi Aurtzaka dantza taldeko kideak Dantzan Ikasi topaketetan; eta puntu, aldaira, printzipio eta erregelei buruz aritu da. Azken urteetan Gipuzkoako dantza sistema ikertzen ari da Sarriegi, eta iritsi zaigun dantza sistema xehatzen eta oinarriari erreparatzen dabil. Horrela, gurearen eta Europako dantzaren historiako beste zenbait dantza sistemen arteko antzekotasun argiak ikusi ditu.
Dantza maisuen terminologia
Dantzen sistematizazio lehen saioak dantza maisuen agerpenarekin lotzen ditu, eta horretarako Berpizkundera jo behar dugu. XV. mendean ordura arte trobadoreek eta juglareek betetzen zuten funtzioa, ahozko tradizioz transmititzen zena, dantza maisuek ordezkatu zuten. Eta idatzizko transmisioa ziurtatze aldera dantza-tratatuak agertzen hasi ziren.
Beraz, transmisioa idatziz egiten hasten da. Berpizkundea sustatutako arrazionalismoak bultzatu zuen sistematizazio ariketa egitea, eta Europako dantza maisuak mugimenduak arautzen eta egituratzen hasi ziren pixkanaka, "Lehenengo mugimenduak deskribatzen dira unitate bezala, eta unitate horiekin osatzen dira dantzak". Italian arauen edo erregelen beharra agertzen da eta gero, Frantzian "printzipioak" erabiliko dira. Gurean, adibidez, Belako Zaldunak, Mauleko Jauntxoak, utzi zituen eskuizkribuen artean printzipioen edo arauen bidez jauziak, muxikoak, kontrapasak... nola erakusten ziren jaso zuen; baita Guilcherrek ere, azaldu zuen nola antzerki-dantzetatik Frantziako armadara migratu zuten "dantza-puntuek" eta nola gero Zuberoara iritsi ziren. Aldi berean, Espainian Esquivel Navarrok "danzas de cuenta" terminoa erabili zuen.
Iztuetak ze termino erabiltzen du?
"Iztuetak gure dantza tratatua idatzi zuen eta Europako mapan kokatu gintuen", Sarriegiren iritziz hainbat kontu eztabaidagarriak izan daitezke lan horretan, baina koreologikoki kalitate handiko testua dela dio. Zaldibiako dantza maisuak "instrukzioak" edo “irakasteak” erabili zituen erregelak edo printzipioak izendatzeko, eta horren barruan "aldairek" dute protagonismoa dio Sarriegik. Iztuetaren izendegian lotura zuzenak ikus daitezke terminologikoki Europako beste aurrekariekin. Urratsen mugimenduak deskribatzeko "mugiretan" eta "kolpeetan" oinarritu zen. Horrela, "Oso oinarrizkoak ziren mugimenduak izendatzen zituen eta horien baturaz dauzkagu aldairak".
Eta puntua?
Dantzan eta beste zenbait adierazpenetan "puntua" asko erabili ohi da neurri modura; Iztuetak puntua konpas musikal bezala erabiltzen du, soinu zaharrak zatikatuta puntuetan deskribatu zituen. Sarriegik erakutsi digu Euskaltzaindiak egin zuen dantzako urrats kontzeptuaren izendapenari buruzko bilketa etnolinguistikoa: "paso de baile" edo "dantzako urratsa" nola esaten den Euskal Herriko hainbat eremutan jaso zuen mapan. Ikusten da erabiltzen dela "pauso" edo "pausu" Hegoaldean, "urrats" Iparraldean eta "puntu" Euskal Herri osoan.
Landa lana egiterakoan ikusi du Sarriegik dantza maisu zaharren hiztegian “puntu” kontzeptua nagusitzen dela Gipuzkoa osoan. "Puntua dantza elementu bezala berreskuratu beharko genukeen terminoa da", Gipuzkoako urrastegia eta sistema esplikatzeko lagungarria dela dio eta tradizioarekin lotua, gainera.
Gipuzkoako dantza sistema osatua
Iztuetaren arabera, XVIII. mendean, Gipuzkoan bazegoela dantzen sistema sendoa azaldu du Sarriegik. XIX. mendean hainbat mugimendu, Iztuetak deskribatuak eta gabeak, galdu egin dira, baina XIX-XX. mendeetan Gipuzkoako dantzen sistema oso bat garatu da, azpisistemaz osatua. Ardatza Goierriko azpisistema izango litzateke, beste azpisistema batzuekin bizikidetzan: Antzuola, Oñati, Berastegi, Markina, Lesaka... Pixkanaka Goierrikoa iturburu hartuta Donostiako azpisistema sortu zen, Goizaldik garatu duena XX. mendean zehar, "Hori da zabaldu dena Gipuzkoako sistema ofizial modura". Bi mendeetan zehar zegoen sistema berrosatzen saiatu dela dio Sarriegik, Goizaldiren bidez etorri zenera mugatu gabe.
"Azpisistema guztietako mugimenduak beste era batera antolatzeko beharra ikusi dugu", eta "puntuetan" eta “aldairetan” oinarritzen den antolaketa bat proposatu nahi du, dantza-mugimenduen aberastasun ahalik eta handienak bere balioa eta lekua izan dezan.
Sistematizazioaren beharra?
Dantzen sistematizazioaren beharra eztabaidagarria izan daitekeela ulertzen du Sarriegik, zurruntasunean erortzeko arriskua ikusten baitu, baina, minimo batzuen barruan "edozein hizkuntzatan bezala, dantzan ere badago beharra denok hizkuntza bertsua hitz egitekoa".
"Funtsezkoak eta oinarrizkoak diren mugimenduak ezkutatu eta ahaztu ditugu" Sarriegiren iritziz, beti esan da Gipuzkoako dantzak oso teknikoak eta zailtasun handikoak direla, baina hori ez dela horrela dio. Hori guri iritsi zaigun sistemaren irudia da, apaingarriz eta adornuz beterikoa, "Horiek kendu edo biluzten baditugu, funtsean mugimendu oso sinpleak daude eta gainera oraindik tradizioan bizirik mantentzen direnak". Horiek azaleratzea garrantzitsua dela dio, azpian dagoen sistema ongi ulertzeko eta dantzen irakaskuntza egokiagoa egiten lagungarria izateko.
Dantzan Ikasi Topaketak 2021
- Iñaki Arregi: “Dantzari onak teknika ahazten du”
- Maitane Eyheramonho: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu"
-
Patxi Laborda: "Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez"
-
Jon Iruretagoiena: “saltoan atez ere lurreko fase guztia da garrantzitsua”
-
Maite Irizar: "Aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea"
-
Kronika orokorra: Dantzaren transmisioan dihardutenen biltoki izan dira Dantzan Ikasi Topaketak
