Dokumentuaren akzioak
San Fermin'07
Uztailaren 6an Iruñea eta iruñerriko talde guztiok zita genuen foruen plazan. Dantza emanaldi hau San Ferminetako lehen ekitaldi ofiziala dela errepikatzea gustuko izaten dugu dantzariok. Ba hoixe, aipatua geratu da. Lehen ekitaldia edo ez, polita da emanaldia. Aurten gainera, sekulako eguraldia egin zuen, beroegia aukeran.
Programan hiru dantza: Monteagudoko dantzak (Kalejira, Zinta-dantza, Arku-dantza eta Makil-dantza), Ballestas eta Tuterako jota. Guk lehena eta azkena egin genituen. Monteagudoko dantzak mutilek egin izan dituzte tradizioz. Duela urte batzuk neskak ere hasi dira makila-dantzan eta guk ere hala egin genuen zikloa. Txupinazoa ospatzeko edandako txanpaina izerditu genuela esan beharriz ez da.
Uztailaren 7an, San Fermin-en omenezko prozesioan parte hartu genuen urtero bezala. Xabier Adrian-ek egin zituen buruzagi lanak. Egun horretan ere, bero. Egun luzea izaten da gainera: 10etan Udal plazan hasi eta katedralera. Katedraletik San Lorenzoko elizaraino, han gordetzen baitute San Fermin-en irudia. Santua kalera atera eta San Zernin-go burgo frankoan zehar prozesioa, berriz ere San Lorenzo-ko parrokian bukatzeko. Orduan meza (hamaiketakoa guretzat). Meza bukatuta, San Lorenzo-tik Katedraleraino, eta handik berriz, udaletxera. 5 orduko paseoa. Aurten azken zatia jan egin zuten agintariek Curia kalean jende asko baitzegoen haiei txistu egiteko prest eta lehenxeago bukatu zen dena.
Prozesioa bukatutakoan, gertatutakoagatik nahiko giro arraroan, emanaldia egin genuen udal plazan: Gipuzkoako Arku-dantza eta Cortes-eko dantzak.
7tik 14ra "atseden" hartzeko tartea izaten dugu. Ez ordea dantza taldeko txikiek. Uztailaren 10ean txikien eguna ospatzen da eta eguerdi partean egiten den kalejiran parte hartu zuten. Ondoren, dantza emanaldia gazteluko plazan.
Ta konturatu gabe uztailaren 14a. Zortziurrenaren eguna. Egun horretan egiten den prozesioa askoz motzagoa izaten da, San Fermin ez baita kalera irteten. Ziargi Etxarte izan zen buruzagi. Prozesioaren ostean la Pamplonesa musika banda eta Erraldoien eta Kilikien konpartsarekin batera "La Dominguera" jota dantzatu zuten taldeko neskek. Badirudi hau ere tradizio bihurtzen ari dela pixkanaka. Horren ondotik, Larrain-dantza Iruñeko gaitarien eta Valentziako musika bandaren doinupean.
Eta horrekin eman genien amaiera aurtengo San Fermin-ei. Gutxiago falta da heldu den urtekoetarako!
(Aurten eskerrak -haiek badakite zergatik- Kezka, Oberena eta Montegudoko dantza taldeei).
Uztailak 6ko argazkiak hemen.
Uztailak 7ko argazkiak hemen.
Uztailak 14ko argazkiak hemen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
PD. Makaleko lana ematen ari zait captcha madarikatu hau. Ea hirugarrengoan asmatzen dudan.
"La dominguera" tartean baltsa duen jota horietakoa da, "La Pamplonesa" musika bandak aspalditik jotzen duena. Erraldoiak hasten dira dantzan jota erritmoan. Balts erritmoa heltzen delarik, erraldoiak geratu eta kilikiak eta neskak erraldoien erdira sartzen dira oinez, eta "agarrau" dantzatzen hasten dira (balts normal bat, lerroan). Ondoren erraldoiak hasten dira dantzan, jota erritmoarekin berriz. Uztailaren 14an egiten dugu soilik.
Egia esan ez dakit zehazki noiz hasi ginen jota hau horrela dantzatzen, baina badira urte batzuk. Erraldoi eta kilikien konpartsakoen ideia izan zen. Kasualitatez hasi, eta gaur arte,... Begiratu eta esanen dizut noiztik egiten dugun.
Nere memoria oker ez badago, Domingueran neskak lehenengoz 90. h hamarkadaren erdialdera sartzen hasi ziren, 95 edo96 an, prozesioaren kultur arloko talde guztien batura izan daitekeen dantza-musikaren pean. Orduan BaxeNafarroako jantzia erabiltzen zen, neskak ez bait zuten prozesioan parte hartzen....
Pieza hau Iruñeko musika bandak aspalditik jotzen du (Greatest hits horietakoa da), eta Silvano Cervantes Iñigo, bandaren lehen zuzendariaren lana da.
Hona hemen musika.