Dokumentuaren akzioak
Plazaratu dugu Iruñeko Ezpata-dantza
Fagurrin freskoak hostoak dantzan jarri ohi ditu udazken aldera. San Fermin Aldapakoaren egunarekin eguraldia lagun, Fagurrinaren beharrik gabe, dantzan hasi ginen Iruñeko Dantzariak txistu eta txintxarri hotsen artean.
Espero baino lehenago heldu zitzaigun eguna. Hilabeteetako lanaren ondoren izugarrizko abaila hartu zuten egunek azken asteetan eta konturatzerako irailaren 27a gainean genuen.
Goizean-goizik zita egin eta denborarik galdu gabe, janzten hasi ginen, edozein gauza gertatuta ere, lasai ibiltzeko. Egiaren aitortzeko, oraindik ere behin ere ez zuen inork Iruñeko Ezpata-dantzarion jantzia goitik-behera oso-osorik jantzi. Janzten lehena Mikel Tristan Zerbitzaria izan zen, dotore-dotore. Ondoren, tropeleko dantzariak: bat, lau, zazpi, hamaika... dantzatzen hasi gabe ere itxura ederra zuen egunak.
Hamaikak eta laurdenetarako denok ginen prest eta zintzarri hotsen erritmoan gurutzatu genuen Errotxapea auzoa, izen bereko zubiraino. Heldu ginenerako, dagoeneko jendea esperoan zen. Azkar-azkar atera genuen taldeko argazkia eta osatu genuen dantzarien tropela zubiaren beheko aldean.
Eiande Aranburuk, Iñaki Sagardoik eta Beñat Lopez-ek jotako Bandera-arbolaren doinuarekin abiatu genuen tradizio bihurtzea nahiko genukeen dantza hau. Angel Leza Banderazainak dantzarazi zuen bandera modu irmoan. Ondotik atabalaren arrada bizian dantzari guztiok banderaren azpiko korrikaldia egin genuen, berriz ere taldea formatu aitzin. Txistularien doinupean hasi zen dantzari taldea Santo Domingo aldapan gora.
San Ferminetako entzierroak hasten diren ikuilu parean hasi zuen tropelak bere zortzikoa eta San Fermini entzierroa hasi baino lehen abesten dioten hornazinan geratu zen taldea. Leire Leza, Xabier Adrian, Akier Percaz eta Joseba Lorenzo Kapitainek eta Aritz Ibañez Buruzagiak han dantzatu zuten lehenengo Bilantzikoa.
Biribilketa azkarrean egin genuen San Fermin Aldapakoaren elizarainoko bidea. Prozesioa hasteko zenbait minutu falta ziren oraindik eta indarrak berreskuratze aldera hamaiketako txikia egin genuen: Piperropilak eta Irunberriko moskatela. Elizatik jendea ateratzen hasi zelarik, taldea berriz osatu eta Kapitainek eta Buruzagiak Bilantzikoa dantzatu zioten San Ferminen irudiari.
Dantzaldiaren ostean, Zerbitzariak eskaintza egin zion San Fermini, Piperropila eskutik eskegiz.
Horren ondotik hasi zen prozesioa betiko ibilbidean barna: Maiatzaren 2a, Carmen, Aldapa, Mañueta, Mercaderes, Curia, Nabarreria, Carmen eta berriz ere Maiatzaren 2aren kaletik, Aldapako San Ferminen elizara heldu arte. Iruñeko erraldoien dantza artean eta gure ezpaten zubiaren azpitik sartu zen San Fermin bere elizan, heldu den urterarte.
Elizatik abiatu eta Udal plazarainoko bidea azkar samar egin genuen. Calceteros kaletik sartu ginen udal plaza goitik-behera zeharkatzeko. Kalearen iskinari buelta eman eta plazan sartu ginelarik, oilo ipurdia jarri zitzaion bati baino gehiagori. Hura jendetza! Plaza lepo beteta zegoen. Ikusleek egindako bide estuan barrena sartu ginen plaza erdira. Dantzarako plaza ederra osatu ziguten bertan pilatutakoek!
Dantzarien tropelak ganbarak osatu eta Kapitainak azpitik pasata plazaren aurrekaldean kokatu ziren, Banderazaina, Zerbitzaria eta txistulariak bezala. Orduan, Buruzagiak gidatuta, dantzarien tropela zintzarria eraikitzen hasi zen. Ezpaten parrila-ren gainean goratu zuten Buruzagia, Banderazainak berriz ere Bande-arbola egiten zuen bitartean. Kapitainen txanda heldu zen gero. Haien hirugarren eta azken Bilantzikoa dantzatu zuten zintzarriaren inguruan. Hitzekin bainoago, akaso irudiz azaltzea izanen da egokiago:
Plazako emanaldia amaitu eta Nabarreriako gure egoitzarutz abiatu ginen, han baitzen amaitzekoa eguneko protokoloa. Atarian, Ezpata-dantzariek halako plaza inprobisatua egin zuten eta Aritz Ibañez Buruzagiak eta Mikel Tristan 12 urteko Zerbitzariak azken bilantzikoa dantzatu zuten. Mikelek erakutsi zuen harrobirik ez zaiela falta Iruñeko Ezpata-dantzariei!
Bazkaria eta bazkalostekoak
Egun argitsua, berezia, zirraragarria, majikoa... bizi izan genuen eta ezin ospatzeke utzi. Beraz, mahaiaren bueltan bildu ginen Iruñeko Ezpata-dantzaren estreinaldia lagunekin ospatzeko asmoz. Dantzariez gain gurera elkartu ziren horrenbeste lagundu gaituzten Ikerfolk-eko lagunak: Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal. Eibarko Kezka dantza taldetik ere lagun mordoa etorri zitzaigun, Oier Araolaza, Ainhoa Larrañaga, Ane Sarasketa, Enrike Izagirre, Arantza Uriguen eta Iñaki Zugasti. Añorgako Arkaitz-etik Jokin eta Gari Otamendi. Egunean zehar ere lagun izan genituen Eibarko Kezkako beste zenbait dantzari eta baita Andoaingo Urkikoak ere. Mila esker denoi!
Bazkalostean Kofradiaren liburuan idatzitakoak irakurri zituen Martxelo Sotes idazkariak eta ondoren, parte hartzaile guztiok sinatu genuen bertan:
Aritz Ibañez, Leire Leza, Akier Perkaz, Joseba Lorenzo, Xabier Adrian, Julen Fagoaga, Iñaki Iribertegi, Martxelo Sotes, Xabier Garin, Maitane Algarra, Aitor Arana, Iñaki Dominguez, Ioseba Morales, Gaizka Garde, Mikel Larunbe, Gustavo Valencia, Amaia Irigoien, Edurne Irigoien, Miguel Angel Goikoetxea, Igor Campos, Oihane Perkaz, Leire Garrues, Ainara Ranera, Leticia Esain, Marisa Azparren, Javier Urtasun, Hasier Moreno, Mikel Irure, Amaia Visus, Joseba Goñi, Myriam Monente, Bea Martinez, Gurutze de La Mota, Mikel Tristan, Angel Leza, Iñaki Sagardoi, Eiande Aranburu, Ainara Ibañez, Enneko Ganboa, Veronica Ferreira eta Beñat Lopez.
Liburua itxi eta heldu den urtean zabalduko dugu ostera, zalantzarik gabe, bertan egun eder honen testigantza berria uzteko.
- Josu Santestebanek eta Juan Minondok ateratako argazki sorta ederra hemen duzue ikusgai.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
Ederra!!!
Esker mila!!!!
Bai polita, Iruñan izan nintzan ikusten eta oso giro polita izan zan.
Lagun batek esan dit, musika muthiko alaiaken taldeana dala. Izan ahal da posible???.
Aurrera Duguna!!
Mila esker zure hitzengatik.
Ezpata dantzaren musika Nafarroa iparraldeko hainbat tradizioetatik hartutako melodiekin atondu dugu, eta gure taldeko txistulariek jo zuten.