Dokumentuaren akzioak
Bideoak
Aiziritze 1989 Gau-ainerak
Aiziritzen grabatu zituen Claude Iruretagoienak honako irudiok, zenbait egun geroago Burgaintzi taldeak emango zuen kabalkadaren aitzindari gisa. Aitzakia hartuta apropos dantzari beteranoekin egin zen bazkariaren osteko irudiak ditugu eta gau ainerak jauzia dantzatzen ikus ditzakegu.
Jauziaren izenari dagokionez Gau-aiñerak izena darabil Sagasetak bere Luzaideko ddantzak liburuan baina Gay-engnera, Gau-hagnerac, Gaou-anheia edo Gau-ignera izenak ere jasotzen ditu iturriaren arabera. Guilcherrek berriz Gau-ainera jasotzen du, guk hemen egin bezala. Bertsioak bat baino gehiago jaso izan diren arren gehien errepikatzen den egitura hamar esaldiz osatutakoa omen da, hemen ikus eta entzun daitekeenaren antzera. Sagasetak jasotako bertsioan (urratsak izendatzeko aldaerak alde batera utzita) bada alderik hemen ikus daitekeenaren aldean: bigarren esaldian pika-xinple-ebats (zote-erdizka-ebats) jasotzen du; aitzina pika beharrean aitzina egiteko beste bariante bat jasotzen du, zote eta hiru alegia; bosgarren esaldiko xinple-ebats berriz biga-ebats (pika-ebats) bihurtzen da hark jasotako partituran. Hamar esaldiz osatutako neurri bereko doinua da biak bietara.
Dantzakerari erreparatuta berriz, pikak edo zote/doblak bueltan ematen dituztela ikus daiteke eta hartara aitzina pika ere bi urrats eman ostean bueltan ematen dutela. Oro har urratsen bukaerako korta edo ixteko urratsa atzera ematen dute.
Grabazioan jauzia markatua —hala nola— entzun daitekeen bezala jaso dugu. Tarteka ez da ongi aditzen markatutako urratsa eta bestetan aldiz esataria bera nahasi egiten dela ematen du berdinak beharko luketen esaldi musikal beraren errepikapenak desberdin markatzen baititu. Erdibideko transkripzioa da honako hau, Sagasetak jasotzen duen Amikuze inguruko bertsioan eta Guilcherrek La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français liburuan jasotakoan oinarrituta:
- Biga-xinple-pika-ebats X2
- Xinple-pika-ebats X2
- Aitzina pika X4
- Biga-xinple-biga-akaba X2
- Xinple-ebats X4
- Pika-xinple-pika-ebats X2
- Xinple lauetan
- Pika-xinple-pika-akaba X2
- Xinple lauetan
- Pika-ezker-eskuin-hirur ezker-akaba-pika* X2
*Bigarren errepikapenean antrexatak eta jauzi!
Bideo hau Maritzuli konpainiako Claude Iruretagoienak 1989an Aiziritzen grabaturiko irudien sortako bat da. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik diska-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean. Orain liburu-diska-dvd horretako edukiak bere webgunean sareratzen hasi da Aiko Taldea, eta bideoak ere bertan argitaratuko ditu.
Irudiak: Claude Iruretagoiena / Maritzuli. Aiziritze, Gau-ainerak 1989-01-15.
Dokumentuaren akzioak