Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

libertimendua etiketa duten bideoak

Baigorri: Libertimendua 2023 Gabota

Baigorriko libertimenduan Arrola dantza taldeko bolant-dantzariek plazaratutako gabota dantza-jauzia jaso dugu bideo honetan. Zuberoako maskaradetako dantza ezaguna da gabota, baina Nafarroa Beherean eta Lapurdin ere dantzatzen da. Baita gure mugetatik kanpo ere, Proventzan esaterako. Eremu geografikoaren arabera musikaren airea eta dantzatzeko era aldatzen da. Gehienetan borobilean plazaratzen da, dantza-jauzi gisara, baina ilaran ere ohikoa da eta Zuberoan bi eratara edo bien arteko uztarketa eginda ikustea ohikoa da. Migel Angel Sagasetak bere liburuan jasotzen du Pedro Juan Etxamendik dantza honen airearen edo musikaren bi idazkera ezberdin eman zizkiola: Luzaidekoa eta Zuberoakoa; azken hori xirulaz eta motelago jotzen dela adierazten zion. Sagasetak gabota dantza izendatzeko erabili diren modu ezberdinak ere jaso ditu: Gavòta, La Gabota, Lagabota, Lagabotta, La Gabotte, Gavotte, La Gavotte, La Gabote...

Jean Michel Guilcherrek dio antzinako teatro eta jauregi-dantzetan ohikoa zela doinu hau, Gavotte de Vestris deiturikoa, hain zuzen ere. Eta Erregimen Zaharraren gainbeherarekin ez zela galdu, hain justu, XIX. mendean indar handia hartu omen zuen. Ikuskizun bihurtu zen eta balleteko urratsez baliatuta arrakasta ikaragarria lortzen omen zuen nonahi. Dantza-maisuen eta musikarien artean melodiak bizirik jarraitu zuela dio.

Zuberoako maskaradetako dantzen jatorriari tiraka aritu izan da Jon Iruretagoiena eta dantza horien jatorri militarra azaltzerakoan ere agertzen zaigu gabota dantza. Akademia militarretan dantza-instrukzioa jasotzen zen eta dantza agiriak lortzeko azterketan hautagaiek Vestrisen gabota dantzatu behar izaten zuten. Hain justu, dantza era hura gogoratuz, duela urtebete dantzatu zuen Maritzuli konpainiako Jon Olazkuagak Vestrisen gabota Arte Ederretako Akademian. Iruretagoienak uste du Zuberoara XX. mende hasieran heldu zela, 1900-1914 bitartean. 

Libertimendua, gabota, Baigorri, 2023-03-05.

Dokumentuaren akzioak