Dokumentuaren akzioak
Sorgin, txino eta kerestu: dantza komikoaren aldaerak
Sorgin-dantza, txino-dantza, kerestuen dantza... ohartuta al zeundeten denak doinu beraren bueltan dabiltzala dantzan? Musika ez ezik dantzaren egitura eta mugimenduak ere tankerakoak dira batean eta bestean. Lasarte-Oria, Antzuola, Bergara, Aretxabaleta eta Zuberoan dantzatzen dira aire eta mimika honekin, baina baita Euskal Herritik kanpo ere: Biarno, Okzitania, Katalunia, Norvegian... Bikoteen artean antzerki komiko bat errepresentatzen da dantza honek dituen tokian tokiko hainbat aldaeretan.
Sorgin-dantza dantzatzen da Lasarte-Oria, Bergara eta Antzuolan eta txino-dantza Aretxabaletan. Oso antzerako dantzak dira, bi ilaratan kokatzen dira eta hainbat mugimendu eta keinurekin jolasten dira. Zuberoako maskaradetan, berriz, bi kerestuek dantzatzen dute zamaltzaina zikiratu aurretik. Jauzien maneran dantzatzen dute, baina borobilean beharrean aurrez aurre, eta modu irrigarrian: sudurretik tira, belarrietatik tira, zaplaztekoak, bultzakadak... Esan bezala, gure mugetatik kanpo ere aurki dezakegu doinu eta gisa horretan dantzatutako dantza. Biarnon eta Okzitanian ezagutu izan den fricassee dantza. Kataluniako Bages eskualdeko Callús herriko bastonersek, berriz, makila-dantza egiten dute. Eta Norvegiako Oxdans dantzan ere bikoteen arteko mimika jokoa dantzatzen dute, polka zatiekin txandakatuta.
Ikusi 2013an Ezpalak Jaialdian antolatutako Sorgin-dantza eta enbor bereko ezpalen emanaldi osoak hemen.
Sorgin, txino eta kerestu: dantza komikoaren aldaerak, 2025-02-21.
Etiketak
- fricassee
- katalunia
- txino-dantza
- ezpalak
- irri-dantzak
- norvegia
- biarno
- tradizionala
- oxdans
- zuberoa
- sorgin-dantza
- lasarte-oria
- okzitania
- kautera-dantza
- bergara
- antzuola
- jostaketa-dantzak
Dokumentuaren akzioak
Dantza genero honen aspaldiko erreferentzia da Thoinot Arbeauk "Orchesographie" dantza tratatuan (1589) jaso zuen Les Bouffons dantza. Izenak berak ematen digu komikotasunaren lorratza. Eta ohar bedi, gaur egun ezagutzen ditugun aldaera ia guztiek gordetzen dutela oraindik oinarrizko mugimendu moduan sinplea edo sentzilloa (gure zortziko-sentzilloa Sorgin-dantzen kasuan, eta lekualdatzekoa besteetan).
Ikus Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak... (418. or.) (barkatu autoaipamena):
"... Gertuko kidetasun horren froga da ezagutzen ditugun “fricassée” generoko aldaera gehienetan mugimendu horrek duen protagonismoa, dantzaren oinarrizko mugimendu gisa: Thoinot Arbeau beraren “Les Bouffons” dantzak eta Oriako Sorgin-dantzak, “fricassée” motako doinuarekin egiten direnak izanik, biek erabiltzen dute “fleuret” edo Arineko zortziko-sentzilloa, oso egikera berdinarekin, bat bera dela ere esango genuke. Alde horretatik, interesgarria deritzogu Guilcherrek jaso zuen Biarnoko “La Fricassée” izeneko dantzak ere “simple” bat oinarri izateak erakusten duen hurbiltasunari[...]
Thoinot Arbeau-ren Orchesographien jasotzen den Les Bouffons dantzaren tabulazioak neurri bitarrean egiten ziren “fleuret”ak erakusten ditu. Oinarrizko mugimendu horiekin batera, zenbait ezpata-joko egiten dira bikote bakoitzak eskuan daraman ezpatarekin."
Ikus bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=bX8bdTAaSl8
Guilcherrek Parisko saloi-dantza moduan aipatzen du 1772 inguruan eta handik dozena bat urtez antzokietan arrakasta handia izan zuen bertsio komikoa jotzen du ondoren Europa osoan zabaltzearen errudun. Garbi dago gurera ere era batera ala bestera iritsi zela eta arrakastaz jarraitzen duela oraindik ere!