Dokumentuaren akzioak
Sorgin-dantza, fricassee-ak eta oxdans-ak 2013ko Ezpalak jaialdian
Urtero gai baten inguruan antolatzen da Ezpalak, dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia. Folkloreak herrialdeak bereiztu ordez nola batzen, nola berdintzen gaituen erakutsi nahi izaten du jaialdi honek. Europako kultura fondo komun bat badela, eta horren aztarnak ageri zaizkigula kultura tradizionalean, eta horrenbestez, gure dantzetan. Zortzigarren jaialdia dugu aurtengoa eta aurretik ezpata-dantzak, arku-dantzak, makila-dantzak, karaktere-dantzak, dantza-jauziak, dantza soltea eta zinta-dantzak izan ditugu. Flandesetik, Portugaletik, Transilvaniatik edo Ingalaterratik etorritako taldeen dantzetan beti aurkitzen dugu gureen oso antzekoak diren aireak, zaporeak, koreografiak...
Sorgin-dantza eta enbor bereko ezpalak
Frantzian, mimo-dantzen artean bada bat, fricassee izenekoa. Bikoteka egiten da, eta oinak, eskuak, sudurrak, belarriak, eta abar elkar ukitu eta kolpatuz doaz, besarkada batekin bukatzen duten arte. Proventzan, Sarthen eta Okzitanian dantzatu izan da. Ondoko bideoan Languedoc-Roussillon-eko adibide bat ikus daiteke.
Biarnon, Baigts herrian bildu zuen dantza bera Jean MIchel Guilcherrek. Ondoko irudiotan Sarthen, Gustave Fleuriot musikari eta dantzaria, adinean aurrera dagoela, ageri da fricasseea dantzatzen:
Euskal Herrian Oriako sorgin-dantzan aurki dezakegu dantza horren arrasto sakonena. Sorgin-dantza garai batean Zarautzen, Azkoitian, Mutrikun, Antzuolan eta Bergaran dantzatu izan da, baina soilik Orian eutsi zion bizirik dantzak. Bergarako langile talde bat Oriara joan omen zen Brunet familiaren kotoi lantegian lan egitera, eta haien eskutik dantzatuz iraun omen zuen. Orain 23 urte Antzuolan Oriako sorgin-dantza ikasi eta inauteri igandetan egiten hasi ziren berriz, garai bateko oroitzapenetan aipatzen zen tximino eta domatzailea ere taldean sartuz.
Inauteriei lotuta ere, Aretxabaletan, txino-dantza izeneko dantza bitxi bat egiten da. 1934 inguruan galdu zen eta 1975ean berreskuratu zuten berriz. Zuberoako maskaradetan, kerestuek egiten duten dantzan aire eta joko bera antzeman ditzakegu. Norvegian oxdans izenarekin dantzatzen dute oso antzeko doinua erabiliz, eta bikote jokoa eginez, besteetan bezala.
Juan Antonio Urbeltzek ezagutzera eman duenez, Iberiar Penintsulan makila-dantzetan ageri da maiz doinu hau, Katalunian, Valentzian, Errioxan eta Kantabrian, besteak beste. Katalunian, Ball de San Ferriol izenarekin, fricasseearen oso antzeko dantza egiten da, eta zenbait herritan, zaldikoek, cavallets-ek dantzatzen dute doinu horrekin beren herriko festetan.
Iruñean eta Eibarren
Norvegia, Okzitania eta Kataluniako taldeak izango ditugu Ezpalak jaialdian Zuberoa, Oria, Antzuola eta Aretxabaletakoekin batera, eta denek beren herrietan egiten den sorgin-dantza, fricassee, oxdans, Ball de san Ferriol eta familia bereko dantzak eskainiko dituzte. Maiatzaren 25ean, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, Iruñeko Burgoen plazan, eta maiatzaren 26an, igandean, eguerdiko 12:30etan, Eibarko Untzaga plazan buruko da Ezpalak jaialdia.
Informazioa: 2013ko Ezpalak jaialdiaren egitaraua
Dokumentuaren akzioak