Mintegia: Gipuzkoako dantzak (eta IV): Gipuzkoako dantzen sistema

2016/02/11
Mintegia: Gipuzkoako dantzak (eta IV): Gipuzkoako dantzen sistema

Goierritik abiatuta, baina Beterrin, Donostialdean edo Urolan agertzen diren pusketak baztertu gabe, dantzarako sistema zahar baten aztarnak bildu, eta horien egitura berrosatzen ahalegintzen ari da Mikel Sarriegi azken urteotan. Goizaldiren eredua hedatzerakoan, tokian-tokiko dantza-maisuak itzalean geratu ziren eta haien dantza moldea, gutxietsia maiz, galtzen joan da. Molde zaharrean ikasi zuten dantzari eta dantza-maisuen testigantzak jaso, eta puzzlea berregiteko piezak han eta hemen bildu eta Goierriko zein Gipuzkoako hainbat eskualdetako dantza-maisuek konpartitzen sistema osotasunean ulertzen saiatzen ari da Sarriegi.

Koreo-arkeolojikotzat jo daitekeen ikerketa eta berregite lan horren lehen emaitzak aurkeztuko ditu Mikel Sarriegik mintegi honetan. Goierriko, eta azken batean, Gipuzkoako dantzen sistema zaharrera lehen hurbilketa ahalegin bat izango da. Laugarren saio honekin osatuko dugu Gipuzkoako dantzei eskainitako ikastaro berezia.

Soka-dantza Zaldibian, XX. mende hasieran. Argazkia: Guregipuzkoa.net CC BY-SA

Mikel Sarriegi: Goierriko dantzen sistema

Aurreko hiru saioetan aztertutakoaren ondoren eta bertan ikusitako guztiaren laburpen modura, batez ere Goierriko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza hau aurkeztuko da. 2009an egindako Goierriko Dantzen Ikastaroan, dagoeneko ikusi genuen dantza-maisu goierritarren taula deitu genezakeenaren aurrerapen moduko bat. Oraingo honetan, modu konparatiboan ikusi ahal izango dira, gaur egun taula gimnastiko-koreografiko gisa ezagutzen den ereduarekiko berezitasunak zeintzu diren, eta xehetasun “ezezagun” horiei esker, Gipuzkoako dantzen dantzatzeko erak eta Iztuetaren ondare koreografikoak ezagutu dituzten eraldaketa horiei buruz atera daitezkeen ondorioen aurrerapen bat.

Mikel Sarriegi (Beasain, 1965), herriko tradizioan hasi zen dantzan 1972an, berehala, 1974an Salleko Adiskideak-en jarraitu zuen. 1979tik aurrera Aurtzaka dantza-taldean dihardu eta honen zuzendaria da gaur egun. Raimundo Gamayo, Martin Iraola eta Jesus Mari Garate dantza-maisuekin ikasia da. 1983-1989 bitartean, Madrileko Euskal-Etxeko taldeko dantza-maisua ere izan zen. Dantzari gisa ibilbide zabala du: Argia, Jakintza eta Ostadar taldeekin aritua; Arrateko Amaren eta Andoaingo Santakruz Kofradietako Ohorezko kidea; nazioarteko partaidetzak ("Lyongo Dantzaren 5. Biurtekoa", "La Habanako 11. Nazioarteko Ballet Jaialdia", "Reggio Emiliako Espainiar Dantzaren Gala 1988”); zazpi urtez Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelduna (1984-1991). Dantza-maisu bezala bultzatu ditu azken urte hauetan, besteak beste: Igartzako dantzarien Kofradia, Beasaingo Sanjoan neskatxen esku-dantza, Goierriko Agintarien soka-dantzak  eta Goierriko dantzen ikuskizuna. Joan den hamarkadan Gipuzkoako Goierri Behealdeko dantzen azterketa hasi zuen, eta hauen inguruko hainbat lan burutu ditu, bai argitalpen, artikulu, hitzaldi eta ikastaroetan. “Dantza Beasainen. Aurtzakak 25 urte” liburuan, “Beasaingo neskatxen San Joan esku-dantza. Naturarekin dantzan”. DVD-liburuskan, edota “Loinazko San Martin ezpata-dantza” artikulua Auñamendi Eusko Entziklopedian 2014, esate baterako.

Mintegia: Gipuzkoako dantzen sistema
Gidaria: Mikel Sarriegi - Aurtzaka dantza taldea
Data: 2016eko otsailak 20, larunbata
Ordutegia: 10:00–13.00
Lekua: Dantzagunea. Pelotari kalea, z/g (Niessen eraikina) 20100 Errenteria
Prezioa: 15 €

Izen-ematea eta informazioa