Dokumentuaren akzioak
Lekeitio 2018 eguzki-dantza
Lekeition eguzki-dantza San Juan egunean dantzatu dute, bere jatorrizko egunean. Garai batean egiten zen moduan, ekainaren 24an hiru aldiz dantzatu dute, egunsentian, eguerdian eta iluntzean. Irudietan 20:00etan, eguzkia ezkutatzerakoan, dantzatu zuten eguneko azken aurreskua duzue. Maiteder Erkiagak, Etorkizuna dantza taldeko lehenengo belaunaldiko dantzariak, eman dizkigu aurreskuaren inguruko hainbat azalpen; urratsak ere dantzatu dizkigu. Hasieran plazara sartzekoa deitzen diotena egiten dute, aurrena aurreskuak eta gero atzeskuak. Gero, doinua aldatu egiten da eta aurreskua sokan dantzan dabilela, gizonezko bat ateratzen dute plazara. Aurreskuak mutilen aurrekoa deitzen diotena dantzatzen dio gizonari; atzeskuak berdina egiten du. Atzeskuak gizonen aurrekoa amaitutakoan, doinu berak jarraitzen du eta sokan dauden emakume guztientzat gizon bana ateratzen dute plazara, bitartean aurreskuak dantzan jarraitzen du. Emakumezkoak eta gizonezkoak parez pare jarri eta sueltoan egiten dute, gero, biribilketan irteten dira plazatik.
Garai batean eguzki-dantza dantzatzen zuen emakumea izendatua izaten zela azaldu digu Erkiagak eta urteetan emakume berak dantzatzen zuela. Luzaroan Luisatxu Kaiganekoak dantzatu izan zuen, baina senarra eta semea itsasoan galdu eta dantzatzeari utzi zion. Orduan Mari Prenterori erakutsi zion eta horrela, eskurik esku elkarri erakusten hasi ziren emakumeak. 1936ko gerran galdu egin zen dantzatzeko ohitura eta 1974an Markinako Zerutxu dantza taldeari esker berreskuratu zen. Maiteder Erkiagak 1978an dantzatu zuen, urteetan dantzatu gabe egon ondoren, atzokoan bere garaiko dantzariekin batera berriro irten da plazara.
Irudiak: Eire Vila. Eguzki-dantza, Lekeitio, 2018-06-24.
Etiketak
- tokian-tokikoa
- aurreskua
- maiteder-erkiaga
- 2018
- lekeitio
- bideo-tutoriala
- andreen-aurreskua
- tradizionala
- eguzki-dantza
- tutoriala
- bizkaia
- san-juan
Dokumentuaren akzioak