Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Aiziritze: kabalkada 1989 Gau ainerak

Dokumentuaren akzioak

Aiziritze: kabalkada 1989 Gau ainerak

2014/11/11 11:05

Burgaintzi taldeak 1989an emandako kabalkadan gau ainerak dantza-jauzia dantzatzen ikus ditzakegu bideo honetan, neska zein mutil: bolantak, basa-andereak, gorriak eta gona luze, brusa eta gerruntzez jantzitako neskatoak. Dantzaren erdi aldera (1:04) gauza bitxi bat gertatzen da: jauzia markatzen ari dena erratu eta zote eta hiru jarraipena datorren lekuan erdizka bat markatzen du. Berehala zuzentzen ahalegintzen da egindako akatsa baina ordurako dantzariak beharko lukeenaren kontrako aldera hasiak dira mugitzen eta taldea ez da gai aurrera egin ahala nahastea zuzentzeko: zoteak ezker aldera dantzatzen dituzte, doblak bueltan berriz eskuinera (berez bueltadun zote bat markatuz beraz) eta erdizkak lauetan ere eskuin aldera edo erlojuaren orratzen norabidean hasiko dituzte. Dantzak aurrera egin ahala, ordea, bigarren bitxikeria gehitzen zaio grabaketari: dantzariak aldrebes dabiltzalakoari eutsi ezinda publikotik gizonezko batek korrora salto egin eta jauziak behar duen moduan markatzen eta dantzatzen hasten da besoekin dantzariei norabide zuzena adierazten saiatzen den bitartean (2:32). Bideoan ikus daitekeen bezala bere ahaleginek ez dute ezertarako balio eta ahaleginak ahalegin, ez da gai taldearen inertzia zuzentzeko.

Dantzakerari dagokionez estilo desberdinak antzeman daitezke dantzarien artean. Urratsa airean markatzen dute lurrean barik, batzuek besteek baino nabarmenago zangoa bestearen kontra sartzen dutelarik eta erdizkak muxeta eta tombé batez egiten dituzte, besteak urratsak lurrean, urraska markatuz. Baina lehen aipatutako bitxikeriek, dantzakeren desberdintasunez ohartarazteko parada ematen dute. Denboran kointziditzen duten belaunaldien arteko estiloen arteko aldea nabarmena da Burgaintziko dantzari eta publikotik sartutakoaren artean: gizonezko tematiak darabilen besoen mugimendu eta gorputzaren jarrera berezia, gazteenen estilo oro har luzatu eta ia hanka-puntetakoaren aldean, edo lehenengoaren bueltaz loratutako bai zote eta bai dobla, taldearen bakarrik doblaren aldeko buelta zurrunagoaren ondoan.

Hona hemen gau ainerak jauziaren urratsak dantza jarrai dezazuen (hadi pika eta erdizkadun segidaren osteari! 1:04):

  • Pika-erdizka-dobla-ebats X2
  • Zote-erdizka-ebats X2
  • Zote eta hiru X4
  • Pika-erdizka X2
  • Pika-erdizka X2
  • Zote eta hiru X4
  • Pika-erdizka X2
  • Pika-erdizka X2
  • Erdizka-ebats X4
  • Zote-erdizka-dobla-ebats X2
  • Erdizka lauetan
  • Zote-erdizka-dobla-erdizka X2
  • Erdizka lauetan
  • Zote-ezker-eskuin-ezker eta hiru-erdizka-zote* X2

*Bigarren errepikapenean antrexatak eta jauzi!

Bideo hau Maritzuli konpainiako Claude Iruretagoienak 1989an Aiziritzen grabaturiko irudien sortako bat da. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik diska-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean. Orain liburu-diska-dvd horretako edukiak bere webgunean sareratzen hasi da Aiko Taldea, eta bideoak ere bertan argitaratuko ditu.

Irudiak: Claude Iruretagoiena / Maritzuli. Aiziritze, kabalkada, gau ainerak,1989-02-12.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.