Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Ikusleek Lucia Lakarra saritu dute San Petersburgon
Lucia Lakarra dantzari zumaiarrak Ikuslearen saria jaso du joan den apirilaren 4ean San Petersburgoko Dance Open jaialdian. Antolatzaileek eskatuta dantzari zumaiarrak "Thais" lana interpretatu du aurten berriro ere. Lehengo urtean San Petersburgon bertan "Grand Premioa" eman baizioten Lucia Lakarrari saio honegatik.
Herriz herri dantzan
Aikotarrok hainbat herritan ari gara dantzan, eta horrekin batera dantza-zaletasunak gero eta muga gehiago gainditzen ditu. Durango izan da gure elkartzeko lekua baina iazko maiatzean Zaratamon ere elkartu ginen eguraldi petralari ere aurre eginez. Aurtengo “Interpueblos” honetan, udaberrirako proposamen birekin gatoz elkar ezagutu eta ondo pasatzeko. Bakoitzak antolatu beza plana bere neurrira, goizean txangoarekin hasi, bazkaltzera hurbildu ala bazkalondoko dantzaldira etorri.
2011ko Dantzaren Hilabetea
Apirilaren 29a, Jean-Georges Noverre (1727-1810) koreografoa, dantza modernoaren aitzindaria, jaio zen eguna, aukeratu zuen 1982an UNESCOk Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Erakunde horrek munduko herrialde guztietako dantza mota guztiak babesten ditu modu ofizialean, Dantzaren Nazioarteko Batzordearen bidez. 1996tik, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak jaiegun hori oroitzeko ekitaldiak antolatu ditu; horrenbestez, aurtengoa izango da jardueren egitaraua antolatzen dugun hamaseigarren aldia, beren lanbidea omentzeko helburua duena.
La Pulga-ren flamenko saioa eta ikastaroa Putzuzulon
Igande honetan, apirilaren 10ean, Askoa Etxebarrieta "La Pulga" gisa ezagun den flamenko dantzariak dantza-saioa eskainiko ditu Zarautzeko Putzuzulo gaztetxean arratsaldeko 20:00etan Rosa Lahoz eta Vanesa Monterorekin batera. Ziurrenik, datorren asteburuan, apirilaren 16 eta 17an flamenko ikastaro intentsibo bat eskainiko du La Pulga berak toki berberan.
Apur batean soka-dantza, Festimatge 2011 jaialdian
Iñaki San Martin, Soarte gisa ezagun den argazkilari elgoibartarraren "Apur batean soka-dantza" argazki eta margolan erakusketa Festimatge 2011 jaialdian erakusgai jartzeko aukeratua izan da. Horren ondorio, soka-dantza gaitzat duten lan horiek Calella-ko La Fabrica erakusketa gelan izango dira datorren apirilaren 9tik maiatzaren 1a bitarte.
Alurr dantza taldea Zaldibian
Zaldibiko dantzariekin batera, ordubeteko emanaldia egingo dute pilotalekuan eta kaleetan, apirilaren 9an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Dantzaz Blai, IV. Gazte Balleten Topaketak
Apirilaren 1ean hasi ziren Dantzaz Blai, IV. Gazte Balleten Topaketak. Luhuso eta Donostian ospatzen ari diren topaketa hauek hilaren 10ean amaituko dira. Aurten, Ingalaterrako Verve eta Suitzako La Marchepied konpainiak etorriko dira gurera, Dantza konpainiari esker.
Etxea bikotearen Exstrada kale ikuskizuna
Exstrada kale ikuskizuna aurkeztu du duela gutxi Etxea dantza bikoteak. Azken lan horrek egunerokotasuna hautsi nahi du gorputz espresio eta inprobisazioaren bidez momentuan kalean dabiltzan pertsonekin elkareragiten. Frédéric Etcheverry eta Gloria Arasek osatzen duen Etxea bikoteak hainbat alditan eskainiko du Exstrada kale ikuskizuna datozen hilabeteetan.
Still standing you, La Fundicionen
Datorren apirilaren 9 eta 10ean, arratseko 20:00etan hasita Pieter Ampe eta Guilherme Garrido dantzari eta koreografoek euren "Still standing you" lana eskainiko dute La Fundicion aretoan. Ikuskizun hori "18 urte gorakoentzat" programaren barruan dago kokatua.
Verdini Donostiako giza eskubideen zinemaldian
Verdini Dantza Taldeak, Donostiako hiritar merituaren domina duenak, 2010. urtean estrenatutako bere zazpigarren ikuskizuna, Dantzaria naiz, aurkeztuko du datorren apirilaren 9an, arratsaldeko 16:30etan, Victoria Eugenia antzokian. Ikuskizuna Donostiako Giza Eskubideen bederatzigarren zinemaldiaren programa barruan aurkeztuko da.
Dokumentuaren akzioak


