Dokumentuaren akzioak
Arranotsa atera gura neunke “Arratiako jotea”-ren alde
Jotearen historia luzea eta zabala da, dokumentuak ikustea baino ez dago, baina historian zehar kultura batzuk beste kultura batzuen eragina izatea bidezkoa da. Euskaldunon kasuan, euskaldun egiten gaituan kulturaz gain, beste kultura batzuetatik be hartu dogu zeozer edo zeozer baino gehiago, baina geure nortasuna galdu barik, euskaldun izaten jarraituz.
Arratiako jotea dala eta, Aingeru Berguices Lausoro jaunak dino ez zala “Arratiako jota” berezirik egon. Horrenbeste badakigu, jakina. Baina, Arratiako euskera, Arratiako ohiturak, Arratiako kantak eta beste abar luze baten antzera, Arratiako joteak be, bere bereiztasunak ditu eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak izen hori erabiltzea legezkoa da herri ohituraren bidean.
Aiko; lekuko izan nintzan, harako Galdakaoko Andra Mari taldeak, Galdakaoko plazan Arratiako jotea deitu danaren dantza-grabaketa egin ebanean.
Han eragoioen dantzan Bartolo Lasak, Intxaurraga anajeak, Pablok, Miguelek, Modestok, eta jotalari gehiagok, pausuotsean.
Ondo gogoan daukat, dantzan ebizela atzerik hara egin zan komentarioa. Hauxe: “ zer dantza-klase da horreina?” Beraz, zeozer igarri eben ikusleek. Zer? Ba, horixe, jotearen barruan, bereiztasun batzuk. Horixe da Arratiako jotea eta horrexegatik deritzo Arratiako jotea.
Hori argituta gero, goazen barriro Aingeru Berguices Lausoro jaunaren artikulura. Artikukuaren argumentuetariko batean Bartolo Lasa aipatzen da “Galdakaoko Andra Mari dantza-taldearentzat irudi erreferentea”, bezala eta jarraian Uriondo auzunekoa zala esaten da, gero Ugao eta inguruko industrializazioa eta abar aipatuz.
Egiaren bidean, Bartolo Lasa, ez zan Uriondokoa, Zeberioko Sautuolako Bengoetxe baserrikoa baino. Beraz, Sautuola eta Uriondo, bata besteagandik urrun dagoz. Gainera, garai haretan, Uriondora ez egoan kaminorik eta distantzia handiagoa zan oinez egin behar zalako bide arlo handi bat, bai Artzubitik, Altzagatik edo Arbildutik, eta bide luzeagoa Elorribitatik.
Hau, holan izanik, artikuluan emoten dan Uriondoko argumentu horrek ez dau balio atera diran ondorioak aterateko. Ez danik ez da esan behar eta gitxiago, hain kategorikoki idatzi.
Beste alde batetik, Aingeru Berguices Lausoro jaunak, “Dantza publikoen alegatuak” aipatzen ditu Areatzako ( garai haretan Villaro ) Artzapeztegitik harako presioak dirala eta.
Jotea zein beste dantza klase askoren inguruan, danok dakigu Eleizeak eukan jokabidea; trikitixari “inpernuko auspoa” deitzeraino heldu zen eta baltseoa guztiz debekatuta egoan. Kasu honetan be, eta ez dago Bilboko La Casillara joan beharrik argumentu bila, gure Arratiako jendeak bere bideak egin ebazan baltseoaren inguruan. Aitu; nire etnografiako lanetan herririk hara jasotzen dodan lez, Gorbeian, Zeanuri eta Orozkoko linderoan, Sastegin, esaterako, erromerian jotea eta baltseoa egiten ziranean, jotea Zeanuri partean egiten zan eta baltseoa Orozko partean Zeanuriko abade-agintariek galazota eukielako baltseoa egitea, ostera, Orozko partean libre jotea zein baltseoa. Leku gehiagotan be egiten zan hori fetxoria hori, esaterako, Dima eta Zeanuri biartean dagoan San Blas ermitako erromerian, Dima partera pasetan ziran baltseoa egiten, Diman be libre egoalako baltseoa egitea. Ubide herrian Arabako linderoaren bestaldera joaten ziran gauza berbera egiteko, Ubidekoa abadeek be, Zeanurikoek legez, galazo egiten ebelako baltseoa egitea.
Beste gauza gehiago be aipatu leikez artikulu horri buruz, baina ez dau merezi. Artikulisteak argiago jarri behar leuke zer lortu gura izan dauan era honetako baieztapenakaz eta, horretarako, ezer baino lehen, ondo informatu behar da, iturriak, zorionez, badagoz egon be eta oraindino.
Arratiak edo/eta Gorbeialdeak, bere nortasuna dauka bere kulturan eta hori altxor hori argumentu barik kritikatu beharrean, promozionatu egin behar dala uste dot eta horixe egin deusku Galdakaoko Andra Mari dantza-taldeak, besteak beste, Arratiako joteagaz. Aurrera Arratiako jotea eta gainetiko kultura guztia, asko eta ona da eta. Bai horixe!
*Juan Manuel Etxebarria Ayesta: Euskal Filologian Doktorea; D.Jose Miguel Barandiaranen Etnografiako “Bizkaiko Etniker” taldekidea; Euskaltzaindiakoa; Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea Euskal Filologian; BHI-ko katedratikoa Euskal Hizkuntza eta Literaturan; Idazlea.
Dokumentuaren akzioak