Dokumentuaren akzioak
Hamar omendu BDBren II. Dantza tradizionalaren Esker Onak ekitaldian
Begoña Arroio, Karmelo Barruetabeña, Zerutxu, Gerediaga, Ramon Garcia, 1978ko Dantzari Egunaren antolatzaileak eta Bihotz Alai dira gaur ospatuko den II. Dantza Tradizionalaren Esker Onak ekitaldian sarituko dituzten norbanako eta taldeak. Dantza tradizionalarekin eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin lotura duten pertsonei zein entitateei esker onak ematea helburu du BDBk bultzatu eta Deiak eta BBKk babestutako ekimenak. Gaur, abenduak 4, iluntzeko 20:00etan izango da eskertza ekitaldia Bilboko BBK Salan.
Euskal kulturan eta dantzan, modu isilean, lanean aritu diren eta diharduten taldeak eta pertsonak saritu eta eskertu nahi dituzte aurten bigarren aldiz. Aurreko urtean banatu ziren lehenengo aldiz Esker Onak sariak; orduan omenduak izan ziren Karmele Goñi, Iruñeko Gaiteroak, Lanestosako dantza taldea, Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketaren antolatzaileak, Fco. Javier Arriaga “Txebi”, Jon Pertika eta Amaia (Lutxana Barakaldo), Edurre (Basauri), Elai Alai (Gernika), Eusko Lorak (Sestao), Gaztedi (Santutxu-Bilbo) eta Laguntasuna (Donebikendi-Barakaldo) dantza taldeak.
Hemen dituzue gaur iluntzean sarituak izango diren protagonistak eta balioan jarri nahi zaizkien ekarpenak:
- Begoña Arroio. Dantza tradizionalean eta batez ere Salbatzaile dantza taldean egindako ibilbideagatik.
- Karmelo Barruetabeña. Musika tradizionalaren arloan egindako lanagatik, baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin eta Bizkaiko eta Euskal Herri osoko dantza taldeekiko kolaborazioagatik ere.
- Markinako Zerutxu dantza taldea. Haien herriko dantzak zaindu eta mantentzeagatik.
- Durangaldeko Gerediaga. Folklore alorrean eginiko lanagatik, batez ere, Durangaldeko dantza taldeei laguntza emateagatik eta Ezpatadantzari Eguna antolatzeagatik.
- Ramon Garcia. Bere lanagatik janzkeren arloan.
- Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarreko 1978ko batzordea. 1978an Euskal Herriko Dantzari Eguna antolatzeagatik.
- Deustuko Bihotz Alai dantza taldea. Euskal Herriko dantza tradizionalak plazaratzen eginiko 60 urte baino gehiagoko ibilbideagatik.
- Iñaki Irigoien, Felipe Amutxastegi eta Jose Javier Abasolo “Tiliño”. Euren dedikazio eta konpromisoa erabatekoa izan delako euskal dantza tradizionalarekin eta folklorearekin, baita euren borondatezko lan itzelagatik Bizkaiko Dantzarien Biltzarra zein Euskal Dantzarien Biltzarrean.
Dokumentuaren akzioak