Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Moltes gràcies, Bastoners de Terrassa

Dokumentuaren akzioak

Moltes gràcies, Bastoners de Terrassa

Asteburu bizia bizi izan dugu Katalunia aldean apirilaren 25ean eta 26an, Bastoners de Terrassak gonbidatuta, "XXVIII Diada dels Bastoners de Terrassa" jaialdian parte hartzen . Duela bi urte izan genuen lehen harremana haiekin, 2007ko Ezpalak jaialdira etorri zirenean. Guk harreman berezia izan dugu bastoners horietako batekin, Adrià Mas-ekin, izan ere Iruñera ikastera etorri eta urtebetez aritu zelako gurekin dantzan. Harreman hori tarteko, aurten bisita bueltatzeko aukera izan dugu Eibarko Kezka dantza taldeak eta Iruñeko Duguna dantza taldeak.

Apirilaren 24ean, gauean heldu ginen Terrassara. Hurrengo egunean, goizean-goiz jaiki eta Terrassako eraikin modernistak erakutsi zizkiguten. Bazkalostean, harrera egin ziguten Terrassako udaletxean, alkateak eta talde guztietako ordezkariek. Esker on hitzen ondotik, opari trukaketa egin genuen.

Lehenbiziko emanaldia harrera horren ondotik egin genuen Terrassako udal plazan bertan. Bastoners de Terrassa, Kezka dantza taldea eta Duguna dantza taldea aritu ginen. Terrassakoak izan ziren lehenbizikoak dantzan. Hainbat ball de bastons egin ostean Eibartarren txanda heldu zen. Arrateko ezpata-dantza ikusgarriarekin ikusleak txunditu zituzten. Ondoren Dugunakoon tartea heldu zen. Nafarroako dantzak eraman genituen Katalunia aldera eta Jaurrietako Neska-dantza eta Otsagabiko dantzak egin genituen. Boboak pañuelo-dantzan egurra eman zien lehen ilaretakoei eta dantzariei eta hori ere gustuko izan omen zuten ikusleek.





Terrassakoen txanda heldu zen gero eta beste zenbait makila-dantza egin zituzten. Kezkakoek Durangaldeko Dantzari-dantzako ezpata-joko nagusia, binangoa eta txontxongilo, Kaskarots eta Arratiako jota eta porrua egin zituzten. Luzaideko dantzak eginez eman genion bukaera gure saioari. Bastoners de Terrassa izan ziren emanaldia itxi zutenak.



Gauean afaria eta afalostean giro bikaina Terrassako, Eibarko eta Iruñeko musikarien eskutik. Ordu txikitan bukatu zen musikaz eta dantzaz beteriko emanaldi inprobisatua.

Igandean are goizago jaiki ginen, gosaria baikenuen Sant Pere-ko auzoan. Indarrak berreskuratu eta kalejirarako janztera abiatu ginenean sekulako eurijasa bota zuen eta La Vedruna eskolara abiatu behar izan ginen, goizeko emanaldia estalpean egitera. Hainbat bastoners talde bildu zen bertan: Bastoners de Sant Pere, Bastoners d’Esplugues de Llobregat, Bastoners de Moià, Bastoners del Raval, Bastoners de Sabadell, Bastoners de La Palma, Terrassakoekin, Eibarkoekin eta iruindarrokin batera. Dantzan hasi ginelarik eguzkia atera zen berriz eta hartara, Plaça Vella-ra abiatu ginen emanaldi laburtua egiteko bertan. Luzaideko dantzak aukeratu genituen saio horretarako.



Bazkaldu ondoren, trasteak bildu, maletak prestatu eta Iruñeranzko bidea hartu genuen, nekatuta baina pozik.

Eskerrak hemendik bidaiean laguntzera etorri diren Antsoain eta Ablitas-eko gaitariei eta Gari Otamendiri eta Kezka dantza taldekoi. Eta nola ez, moltes grácies Bastoners de Terrassa taldeari.

Diadari buruz Kataluniako prentsan agertutakoak hemen, hemen eta hemen.
















Asteburuko argazki guztiak hemen.


Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.