Gaztemundu 12: Erromerien bidaiak eta Erriberako dantzak

2014/07/29
Gaztemundu 12: Erromerien bidaiak eta Erriberako dantzak

Azken ikastaro eguna. Errenteriara joan eta Dantzagunean Aiko taldeko Patxi Laborda zuten zain Gaztemunduko eta Dantzan Ikasiko ikasleek. Azken bi mendeetan erromerietako dantzetan izan den bilakaera elkarrekin egitera gonbidatu zituen Patxi Labordak.

Soka-dantza eta jigekin hasi, ipurkaden arrastoa antzeman, eta ingurutxoetatik pasaz XIX. mendeko dantza lotu, dantza solte eta kontra-dantzetara iritsi ziren, garai bakoitzak moda musikal eta koreografikoak utzi dizkigun aztarnak azaleratuz. Urrats beretsuak erritmo desberdinetara egokitzerakoan sortzen diren formekin jolasean aritu ondoren, dantzan lotuan egiteko debekuak eta horren inguruko gora-beheretaz arituko zen. 

Kontra-dantzen eraginez eta kontra-dantzak dantzatzeko sistemaz aritu zen Patxi Laborda, eta Faustin Bentaberrik plazako emanaldietan kontra-dantzak antolatzeko eta gidatzeko zuen modua eta figurak ezagutzeko aukeran izan genuen. Dantza taldeen sorrera, taldeek ekarritako errepertorio berriak eta akademizaziorako joerak, eta erromeria eredu aldaketaz hitz egin zigun Patxi Labordak, eta esaldi batean laburbildu zuen bilakaera honen ondorioa: erromerietan dantzan egitetik dantzak egitera pasatu garela ibilbide horretan. 

Azkenik gaur egungo erromeria eta dantzaldi gidatuen errepertorio eta ezaugarriak agertzen joan zen Patxi Laborda, guztia dantzatuz eta dantzaraziz. Akademizazioa, konkursoak eta guzti horien eragina erromerietan, eta larrain-dantzaren papera eta gaur egun larrain-dantzak duen status bereziaren nondik norakoak agertu zituen Labordak.

Erromeria askean, dantzarietako batek egiten duena jarraituz edo jarraitu gabe, dantzatzearen plazeraz transmitituz bukatu zuen erromerien dantzetan barrena egindako ibilbidea Patxi Labordak. 

Erriberako dantzak

Laya elkarteko Iñigo Castellano eta Patxi Laborda bera izan genituen irakasle arratsaldeko saioan. Nafarroako Erriberako dantzen ezaugarriak eta paloteadoaren azalpena eskaini zuten lehenengo. Paloteadoa orokorrean zer den ulertu, eta hor ageri diren material koreografikoen lagin bat ikasi eta lantzeko aukera eskaini zuten. 

Hasteko Cortes-eko paseoa egin eta segidan Monteagudoko "El quemao" makila-dantza ikasi genuen. Ondoren Cortes-eko bi zinta-dantzak, trenzado simple eta trenzado doble delakoak landu genituen.

Erriberako zenbait paloteadotan egiten diren giza-dorreak probatu ondoren, Cabanillasko paloteado berrirako sortu berri duten mazurka, arku-dantza moduan dantzatua irakatsi zuten Iñigo Castellanok eta Patxi Labordak. Bukatzeko, Tuterako jotarekin borobildu zuten Laya elkarteko kideek Erriberako dantzetan egindako zizka-mizka saioa.