Gaztemundu dantzan 02: Lesakan San Fermin egunean
Uztailak 7, San Fermin, eta Gaztemundu 2014 taldea Lesakan, bertako dantzak, bere egunean eta bertako dantzarien eskutik ikusten. Pozez gainezka ibili dira diasporako dantza irakasleak.
Ez da harritzekoa, Lesakako San Fermin eguna euskal tradizio koreografikoen artean ederrenetarikoa izateaz gainera, bereziki Ipar Amerikako euskaldunentzat toki kuttuna da, asko izan baitira bertatik Ameriketara artzain joandakoak. Eta Lesakako dantzak ohikoak dira dantzari euskal-amerikar askoren errepertorioan.
Goizean goizetik, Amaia Telletxea lesakarra gidari izan dute San Fermin egunaren nondik norakoak jarraitzeko. Kalejira, joan-etorri, makil-gurutze, ziharkako eta nola ez, zubigaineko ikusgarriaz gozatzeko aukera izan dute.
Zubigainekoa eguneko une berezienetakoa izaten bada, aurtengoa zer esanik ez, dantzariak Onin errekaren ertzetara igo diren unean, euriak gogotik ekin baitio, eta lehendik nahikoa emozio izan ohi duen dantzak, oraindik gehiago izan du aurtengoan.
Mutil-dantza, eta arratsaldeko aurresku ederrarekin borobildu da Lesakan pasako egun hunkigarria.


