Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Olentzerok ez du zertan gizonezkoa izan beharrik

Dokumentuaren akzioak

Olentzerok ez du zertan gizonezkoa izan beharrik

2019/12/19 08:45
Olentzerok ez du zertan gizonezkoa izan beharrik

Olentzero Donostian, 1931. urtean. Argazkia: Guregipuzkoa.eus

Lizarraldeko Kotarro aldizkarirako Olentzero eta Eguberrien inguruko elkarrizketa egin didate. Hona elkarrizketa:

Hasteko, zerk bultzatu zintuen eguberrietako sinbolo nagusien inguruko gogoeta burutzera?

Dantzaria naiz, euskal dantzaria, eta zer dantzatzen dugun jakin nahian gure festa, tradizio eta errituak ezagutzen saiatzen naiz. Bestalde, azken hamarkadetan hainbat festa eta tradizioren inguruan gertatutako aldaketak deigarriak egin zitzaizkidan, eta aurreko sinboloak hobeto ezagutzen jakin-mina areagotu zitzaidan.

Zein dira, zure ustez, gogoetaren ondorio nagusiak?

Festak eta tradizioak etengabe aldatzen doazela, baina askotan herritarrok aldaketa horien norabidearen kontrola galtzen dugula, eta ez-jakintasunagatik ala utzikeriagatik, interes ekonomikoei erantzuten dieten aldaketak onartu eta gure egiten ditugula.

Olentzero Oiartzun
Olentzero, Oiartzun. Argazkia: Bernardo Oñatibia - Guregipuzkoa.net

Euskal Herrian eguberrietako ospakizunaren zenbait elementuren bilakaera historikoa azaltzerik izango zenuke? Esaterako, kristautasunaren eraginarengatik, kapitalismoan kontsumismoaren eraginarengatik...

Une honetan deigarriena Olentzeroren bilakaera izan daiteke. Eguberriak ospatzeko etxe eta baserrietako su-baxuetarako menditik ekartzen zen enbor eder bat zen Olentzero-enbor edo Olentzero-mokorra. Enbor hori panpina arlote eta izaki beldurgarri bihurtuta kantuan eta eskean ibiltzeko laguntzaile izan dugu euskaldunok, neguko festetan ohikoak diren eske-erronda eta kuestazioetan. Azken hamarkadetan Olentzero beldurgarri, basati eta pizti hori erabat eraldatu da, eta otzanduta eta goxatuta papanoelizatuta ageri zaigu, ume txikienei, eta batez ere, kontsumoari begira diseinatutako produktu komertzial bat bihurtuta.

Olentzero bizar-zuri

Zein harreman dago tradizioari loturiko ospakizun desberdinetan erabiltzen ditugun sinbolo, mezu eta ekimenak eta gizartean hegemonikoak diren pentsatzeko moduen artean? Emakumeak gizartean jasaten duen genero zapalkuntzari lotuta, Olentzero, Santa Claus, Erregeak... gizonak izatea ez da kasualitatea izango, ezta?

Olentzero enbor batetik sortutako panpina dela kontuan hartzen badugu, enbor eta panpina horrek ez dute zertan beti gizonezko izan, ez eta sexu kategoria jakinik ere. Olentzero gizonak ohikoak izan badira ere azken 40 urteetan, hori ez zen beti horrela, Olentzero emakumeak, eta batez ere, Olentzero Queer-ak, eta oro har, genero marka jakinik gabekoak edo hainbat genero markadunak, alegia, anitzak, ohikoak baitziren.

Leitza 1986 Orantzaroa
Orantzaroa Leitzan, 1986.

Erregeen inguruan ere esan behar da XIV. eta XV. mendeetan arrunta izan zela artean hiru erregeetako bat emakumezko moduan irudikatzea. Beraz, hirurak gizonezko moduan agertzea beranduago gertatutako kontua izan zen, eta gaur egun arraroa eta ezezaguna bada ere, Europako museo nagusietan dauden margo-lanetan emakumeak ikus daitezke errege mago moduan.

Errege magoak emakumea anonimo italiarra 1400
Magoen adorazioa, italiar anonimoa, 1400.

Zure ustez, ospakizun hauetan erabiltzen ditugun sinbolo, mezu eta ekimenak gizartearen isla izan behar dute ala gizartean eragiteko tresna?

Gizartean eragiteko tresna izan behar dira, guk baliatzen ez baditugu beste batzuk baliatuko dutelako, baina ez guretzat egoki den norabidean, baizik eta beste interes batzuen mesedetan.

Zeintzuk uste duzu direla aurrera begirako gakoak gure herriak dituen ospakizunari loturiko ohiturak modu egokian mantentzeko?

Festen jatorrizko zentzua eta denbora izandako bilakaeran ezagutzeak asko laguntzen du ospakizunen kontrola berreskuratu eta egokien deritzogun norabidean bultza egiteko. Ezjakintasunak eta utzikeriak gure festen eta tradizioen kontrola galtzera eramaten gaitu, eta gureak ziren festak beste interesen batzuen mesedetan erabiltzen ikustera kondenatuko gaitu.