Dokumentuaren akzioak
Inauteriei buruzko 10 kontu harrigarri eta jakingarri
Joana Artza
Inauteriak mozorro dibertimenduak izateaz gainera, sinbolo eta misterio harrigarrien gordailu ere dira badira. Maskaren atzean mendeetako sinboloak, errituak eta komunitate-harremanak transmititzen dira. Tokian tokiko izenak, formak eta funtzioak izan arren, jakinekoa da ez direla Euskal Herrira mugatzen: antzeko irudiak, errituak eta sinboloak Europako eta munduko beste inauteri askotan ere agertzen dira. Izan ere, inauterien mugak lausoak dira, eta herrien arteko loturak, transmisioak eta iruditeria partekatuak etengabe gurutzatzen dira.
Hona hemen Inauterien erritu, mozorro eta ohituretan aurki daitezkeen 10 kontu harrigarri eta jakingarri:
1. Hartza iratzarri da
Kandelario egunean bere puzkerrarekin esnatu da Hartza, neguaren amaiera eta ziklo berriaren hasiera iragarri du. Inauteriaren sinbolo nagusietakoa da Hartza, ele zaharren protagonista, erakarmena eta beldurra eragiten dituen piztia, natura eta kultura lotzen dituen animalia totemikoa.
2. Mozorro izenen inauteria
Hartzaren iratzartzearekin, mozorroen mundua ireki da: mozorro, zomorro, momotxorro, kokomorro... izenek erakusten dute euskarak mozorroak izendatzeko duen aberastasun zoragarria.
3. Baserriz baserri eskean
Eta baserriz baserri, etxerik etxe eta kalez kale egiten diren puska-biltzeek festa komunitatea saretzera eramaten dute; dantza, kantua eta jan-edanaren bidez belaunaldi arteko harremanak, gure komunitateen geografien ezagutza eta kaletar eta baserritarren arteko elkar-igurtzia bultzatzen da.
4. Natura mozorro
Batzuek gorputza landarez estaltzen dute, belar, hosto, goroldio zein sastrakaz. Mozorro begetalak bitxiak bezain ikusgarriak dira:
5. Bide-garbitzaileak
Ixipuak eta erratzak eskuan dituzten mozorroek bidea garbitzen dute inauteriak bere bidea egin dezan:
6. Gora ezkonberriak!
Ezkonberrien irudikapenek, berriz, bizitza berriaren promesa dakarte, askotan umorez eta genero-rolen trukeekin.
7. Ttuntturroa jantzita beti asmatuko duzu
Kapela konikoak, txano puntadunak, kapiroteak edo ttuntturroak inauterietako mozorroen buruko apaingarri ohikoak dira. Aste santuan jartzen dute nazarenoek, inkisizioak jartzen zien epaituei eta arrazismoaren ikurtzat zerabilten AEBtan, baina inauterien testuinguruan mozorroen ikur dira ttuntturroak joaldunekin hasi eta Miel Otxineraino.
8. Ipurditik kea dariola
Ipurdian sua piztea jolas bitxia da, eta are harrigarriagoa da ohartuta han eta hemen ospatzen dela erritualki irri-dantza hori.
9. Hildakoak berpizteko KITa
Hil eta berpiztea erligioaren mito nagusietakoa da, baina inauterian ere, hartza, pitxu zein bizarginaren bezeroa, ohituta daude urtero erritualean hil eta berpiztera.
10. Panpina errudun
Panpinak agertzen dira han eta hemen inauterien azken txanpan. Gaitz guztien erantzule, tiroz zein sutan amaitzen dute panpinek beren agerraldia. Zaharra erreta, txarra suntsituta, bizitza ziklo berriari atea irekitzen dio heriotzak.
Dokumentuaren akzioak


