Dokumentuaren akzioak
Bizar-dantza, hartzaren dantza, heriotza eta berpiztea
Lapurdin, eztei eta festatan egiten omen zen bizar-dantza XX. mende hasiera arte. 1933. urtean, Aita Donostiak Uztaritzen jaso zuen dantza honen berri. Dantzaren berri eman zionak Arbonan ikasi omen zuen 1913an. 1960ko hamarkadan, Jean Michel Guilcherrek Iparraldea arakatu zuenean dantzak ikertuz, ez zuen bizar-dantzaren berri zeukan inor aurkitu.
Heriotza eta berpiztea antzezten
Bi pertsonaia dira Lapurdiko bizar-dantzaren protagonistak: bizargina eta bezeroa. Doinuak ere bi zati bereizi ditu. A zatian, bizarginak bezeroaren inguruan dantzatu ohi du. B zatian, bizarra mozteko zatiak antzezten ditu bizarginak bezeroarekin. Xaboia eman, labana zorroztu, bizarra moztu,... Halako batean, istripuz, bizarginak lepoa mozten dio bezeroari. Bezeroa zerraldo erortzen da lurrera. Bizarginak, negarrez, bezeroaren oin bat, esku bat, e.a. altxatzen ditu, hilda dagoela frogatuz. Auspoa ipurditik sartu eta puzten hasten da, eta horrela lortzen du bezeroa berpiztea. Biak altxatu, besarkatu eta elkarrekin dantzatzuz bukatzen da dantza. Beskoitzen bizar-dantzak 2012ko inauterietan:
Pitxu, hil eta berpiztu
Maskaradetan, kauterek jaunaren pertzak "konpondu" ondoren, jaunak txanpon batzuk jaurtitzen dizkie. Kaueterak, txanponak hartzeko zapalapartan, Pitxuren gainera erori eta hau hilik gertatu ohi da. Bedezia (medikua) etorri, eta ebakuntza larri eta aringarriaren ondoren (esteak eta beste mila kontu ateratzen baitizkio sabeletik), Pitxu berpiztu egiten da.
Hartzaren dantzak
Ele zaharrek diote, hartzak, naturak bezala, neguan hil eta berpiztu egiten dela. Lozorroan sartu eta hila egongo balitz bezala izaten da hartza, Kandelaria egunak (otsailak 2) iragartzen duen inauterien hasiera iritsi eta berpiztu arte. Galiziatik Bulgariara, Hartza hainbat eta hainbat inauteritan ageri zaigu eta askotan hil eta berpiztu egiten da, maskaradetako Pitxu eta bizar-dantzako bezeroa bezala. Adibidez, Hüttenberg-en, Austrian, meatzarien dantza honetan, buruzagiak egiten dio bizarra buffoiari, eta ohi bezala, hil eta berpiztu egiten da.
Charles Chaplinen bizar-dantza
Non bukatzen da bizar-dantza eta non hasten dira bizargilearen pantomimak? Sevillako bizargileak zer zerikusirik du guzti honekin? Ez da erraza mugak jartzea. Cantinflasen bizargilearen eszena gogoangarria albo batera utziko dugu, mexikarra dantzari aparta bazen ere. Chaplinen bizargilearen eszena jasoko dugu ordea. Ez zen heriotzera iritsi, baina berezoaren iritziz nahiko gertu ibili zen, Diktadorea filmean, bizargilearen eszena famatu honetan. Brahms-en 5. Hungariar dantzaren doinura, bizar-dantza zoragarria egiten du Chaplin-ek.
Saint-Sylvestreko Hartzaren dantza
Europan ohikoak dira inauterietan hartzarekin lotutako dantzak eta festak. Baina hemengo hau itsasoaren bestaldetik dator. Saint-Sylvestre, Quebec-eko herri txiki bat da. Bertan, Ferland familiak egindako "Guige d l'ours dansée par l'homme sauvage" izeneko dantzaren testigantza harrigarria grabatu zuen Philippe Lavalettek 1979. urtean. Hartzaren giga, gizon basatiak (Basajaunek?) dantzatua. Bi gizonek egiten dute dantza, batak ehiztariaren paperean eta besteak hartzarenean. Umeek txakurren papera egiten dute. Bideoan ehiztariak dantzaren keinuak azaldu eta bakoitzaren esanahiak ematen ditu.
Danse du barbier
Kanadan bizar-dantza eszenatokietara ere iritsi da eta bertako folk musika eta dantza biziaren laguntzarekin zuku handia ateratzen asmatu dute. Honako hau Sept-Iles-ko Tam Ti Delam Folk dantza taldearen bizar-dantza da, Mario Boucherren koreografia eta Johanne Pourier-en egokitzapenaren aurkezten dute:
Dokumentuaren akzioak