Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Inauteria sutan bukatuko duten panpinak

Dokumentuaren akzioak

Inauteria sutan bukatuko duten panpinak

2022/03/01 07:45
Inauteria sutan bukatuko duten panpinak

Lastozko gizona, Asparrena. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Urtean zehar gertatu diren txar guztiak irudikatzen dituen panpina epaitu, jipoitu, erre, zein ehortzita bukatu ohi dira inauteriak Euskal Herriko hainbat txokotan. Inauterietako azken egunean suntsitzen da panpina, gehienetan inauteri asteartean. Errauts bihurtuta bukatu ohi du, hain zuzen ere, Hausterre Egunaren bezperan. Herrian zehar paseatu ohi da askotan, segizioan tristura adierazten du panpinaren galderagatik edo inauterien bukaeragatik. Udaletxeko balkoian edota pikotan zintzilikatzen dute hainbat herritan erre aurretik. Erretzea garbiketa erritu moduan ulertzen da, panpinarekin batera txar guztiak suntsitu nahi baitira.

Miel Otxin, Markitos edota Zanpantzar dira, agian, gisa horretako panpina ezagunenak, baina paper antzekoa jokatzen duten beste hainbat izeneko eta formako panpinak aurki ditzakegu Euskal Herrian. Inauteriez aparte udako herriko jaietan ere ohitura da festetako panpinak irudikatzea eta Gabonetan Olentzerok ere inauterietako panpinen antzeko papera jokatzen du eta zenbait herritan erre ere egiten dute.

Sarrera honetan jaso ditugu inauterietan agertzen diren hainbat panpina:

Zalduondo: Markitos

Markitosen harrapaketa eta epaiketa antzezten dira Zalduondon (A) inauterietako igandean. Markitos bidelapurra da eta herriko txar eta gaiztakeria guztiak gorpuzten ditu. Goizean gurdian paseatzen dute, eta, ondoren, pikotan zintzilikatu. Bazkalondoan ere kalez kale ibiltzen dute eta iluntze aldera epaitu eta erre egiten dute..

Markitos
Markitos epailearekin, Zalduondo, 2009-02-22. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Markitos
Markitos pikotan zintzilik, Zalduondo, 2009-02-22. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Asparrena: Lastozko gizona

Ilarduia, Egino eta Andoin herrietako inauterietan lastozko gizona da protagonista. Gaitz guztien errua leporatzen zaio pertsonaia honi Asparreneko (A) herri hauetan. Jaien bukaeran panpina erretzen dute eta suaren inguruan dantzatzen dira.

Lastozko gizona
Lastozko gizona, Asparrena. Argazkia: Emilio Xabier Dueñas

Kanpezu: Toribio

Kanpezun (A) inaute asteartean ateratzen dute Toribio. Lastoz sortua den panpina da eta herriko gaitz guztien erruduna. Toribiorekin batera kalejira egiten dute eta ondoren epaitua izaten da. Erruduna denez, ibai ertzera eraman eta bertan itotzen dute.

Toribio
Toribio kaeljiran, Kanpezu, 2016-02-09. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - Dantzan CC-BY-SA

Toribio
Toribio ibai ertzera eramanda, Kanpezu, 2016-02-09. Argazkia: Olaiz Agirregabeña - Dantzan CC-BY-SA

Saratsu: Porreteroa

Inauterietako larunbatean Porretero izeneko pertsonaia agertzen da Saratsun (A). Lastozko panpina da eta herrian barrena ibiltzen dute gurdian jarrita etxez etxe eskean joateko. Gero, epaitu egiten dute eta ondoren jipoitu, garbitokiko teilatura bota arte.

Porreteroa
Porreteroa, Saratsu.

Amurrio: Kakarro

Kakarro da Amurrioko (A) inauterietako figura nagusia. Jatorria garai bateko Kakarro mozorroetan du panpinak. Gazteak kalera irteten ziren arropa ilunekin eta burua eta aurpegia zakuz estalita. Maskuriz eginiko puxikak eskuan herritarrak zirikatzen ibiltzen ziren inauteri igandez. Egun, asteartean ateratzen dute panpina eta inauteriak bukatzeko erre egiten dute.

Kakarro Amurrio
Kakarro, Amurrio. Argazkia: Patrimonio de Alava

Zanpantzar

Zanpantzar jaiak inauterietako azken egunetan antolatu ohi dira Lapurdiko hainbat herritan, hala nola. Baiona, Donibana Lohizune, Ziburu, Hendaia, Uztaritze, Sara, Lekorne edota Makean. Zanpantzar edo Saint Pansard, panpina edo antzezle batek irudikatuta, kalean zehar segizioan erakusten dute, eta, ondoren, plazan epaitzen dute. Momentu horretan herriari, politikari, moralari edota elkarbizitzari lotutako zenbait kontu plazara ateratzen dituzte, eta ezbehar eta zoritxar guztien errua Zanpantzarri botatzen diote. Azkenean, plazan kondenatu eta erre egiten dute. Zanpantzar izenaren jatorrian "San tripontzi" moduko zerbait legoke, frentsesez "pansard" hitzak panza edo tripa esan nahi baitu.

Mikel Aranburuk eta ¿Olentzero es Saint-Pansard /Zanpantzar? artikuluan eta Carlos Irujok idatzitako Zanpantzar izenburukoan pertsonaia honi buruzko azalen gehiago jasotzen dituzte.

Orotariko hiztegian Zanpantzar inauterietako pertsonaia moduan edo inauterietako egun moduan jasotzen da. Honako esamoldea ere irakur daiteke bertan: "Gaur dala Maria kale, biar dala zanpantzart, egin dezagun-arte tripan larruak zart".

Zanpantzar
Zanpantzar, Uztaritze, 2019. Argazkia: Thierry Truffaut
Zanpantzar, Sara, 2008.
Saint Pansard , Sara, 2008. Argazkia: Thierry Truffaut.
Zanpantzar
Zanpantzar, Mendionde, 2007. Argazkia: Thierry Truffaut
Zanpantzar, Makea, 2007.
Saint Pansard, Makea, 2007. Argazkia: Thierry Truffaut
Zanpantzar
Zanpantzar jaun-andereak, Baiona, 1914. Argazkia: Thierry Truffauten bilduma

Lantz: Miel Otxin

Lantzeko (N) inauterietako panpina. Hiru bat metroko erraldoia da eta mozorroekin batera herrian zehar paseatzen dute musikaren erritmoan. Panpinaren ipurdia bere eramailearen bi sorbaldatan jarrita eta izterretatik helduta ibiltzen dute segizioan. Astelehen eta astearte inautean ateratzen dute kalera, eta, azken egunean, Miel Otxin epaitu eta erre egiten dute.

Lantz inauteriak
Inauteriak, Lantz, 2016-02-09. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - Dantzan CC-BY-S

2011-03-07_Lantz-inauteria-JI-560
Miel Otxin, Lantz, 2011-03-07. Argazkia: Jon Iraola - Dantzan CC-BY-SA

Miel-Otxin y el Xaldico rodeados de chachos (1945)
Miel-Otxin y el Xaldico rodeados de chachos (1945)

Lekunberri: Aittezarko

Inaute aurreko ostiralean eta larunbatean ateratzen dute Lekunberrin (N) panpina hau. Herriko gauza eta kontu negatiboak pertsonifikatzen ditu eta kalez kale ibili ondoren erre egiten dute.

AIttezarko
Aittezarko, Lekunberri. Argazkia: Lekunberriko Udala

Etxauri: Gerexipot

Etxauriko (N) inauterietan Gerixipot gerezi lapurra da, gaizkia eta lurren kutsadura irudikatzen dituena. Inauterietako aurreko larunbatean ospatzen dituzte Etxaurin inauteriak. Gerexipot harrapatu eta epaitu egiten dute hainbat mozorrok.

Gerexipot
Gerexipot harrapatuta eta lotuta daramate, Etxauro. Argazkia: Federico Alegria

Iruñea: Mari Trapu

Iruñeko (N) Alde Zaharreko inauterietako panpina da Mari Trapu. XVII. mendean Nabarreriako Burgoa sakeatu zuen frankoen nagusia irudikatzen du. Inauterietan Nabarreriako iturriaren puntan zintzilikatzen dute eta jaien bukaeran, inaute astelehenean, erre egiten dute.

Mari Trapu
Mari Trapu, Iruñea.

Tafalla: Lagunero

Lagunero panpinarekin errondan ibiltzen dira astearte inauterian Tafallan (N), eta, ondoren, erre egiten dute. Jose Lagunero y Guijarro koronel liberala irudikatzen dute panpinarekin eta zorigaitzaren ikur gisa ulertzen da. Izan ere, 1869ko errepresiozko gau bortitz batean tafallar guztien buruan oroitzapen tristea utzi zuen koronelak.

Lagunero Tafalla
Tafallako inauterietako Lagunero panpina. Argazkia: Tafallako Udala

Izaba: Amanditxarko

Amanditxarko panpina udaletxeko leihotik zintzilikatzen dutenean hasten dira inauteriak Izaban (N) eta festak amaitzeko jipoitu eta erre egiten dute. Inauterietako larunbat eguerdian ateratzen dute kalera Zarratrako mozorroekin batera eta iluntzean erretzen dute.

 

Amanditxarko Izaba
Amanditxarko, Izabako inauterietako panpina, 2012.

Agoitz: Ziriko eta Kapusai

Larunbatean eta asteartean ospatzen dira Agoitzen (N) inauteriak. Bi pertsonaia nagusi dituzte: Maskaritak eta Kaskaboboak. Mozorroek kalejiran bi lastozko panpina ateratzen dituzte, Ziriko eta Kapusai, eta astearte arratsaldean, su ematen diete herriko plazan.

Ziriko eta Kapusai
Ziriko eta Kapusai panpinak, Agoitz. Argazkia: Tutoberri

Ezkaroze: Baluxan

Baluxan panpina paseatzen dute Ezkarozen (N) kalez kale; panpinarekin batera irteten dira Mumuzarkoak eta Zarratrakoak. Puska-biltzea egiten dute herritarrek goizean zehar eta denek batera bazkaltzen dute. Iluntze aldera Baluxan panpina erretzen dute plazan.

Baluxan Ezkaroze
Ezkarozeko mozorroak Baluxan panpinarekin kalejiran. Argazkia: Elinberri

Burlata: Aierbeko Lukas

Burlatako (N) inauteriak Martingala izenez ezagutzen dira eta jaietako panpina Aierbeko Lukas da. Tolosarra jaiotzez, Atarrabian bizi izan zen, eta Burlatan sorginkeria batzuk egin omen zituen. Izpiritu gaiztoak kanporatzeaz gain, sendagile ere ba omen zen. Inauteri astelehenean Aierbeko Lukas harrapatu eta atxilotu eta astearte iluntzean erretzen dute.

Aierbeko Lukas Burlata
Aierbeko Lukas da Aierbeko Martingala inauterietako panpina. Argazkia: Ermitaberri ikastetxea

Galdakao: Mozolloker

Galdakaoko (B) gaitz guztien erruduna da Mozolloker panpina. Inauterietan ordena hankaz gora ipini eta herrian gertatutako gauza txarren erantzulea topatzen da. Mozollokerrek ordainduko du guztia eta astearte inauterian erreko dute bizi-ziklo berria garbi has dezaten galdakoztarrek.

Mozolloker Galdakao
Mozolloker, Galdakao. Argazkia: Galdakaoko Udala

Ondarroa: Akuli

Inauterietako asteartean Akuli panpina ateratzen dute Ondarroan (B), orratz arrainaren itxura duena. Kalez kale ibiltzen dute eta Zubi Zaharrera heltzean, apaiz mozorrotuak sermoia botatzen du, herriko eta munduko gertakarien inguruko kritika eginez. Azkenean, Akuli uretara botatzen dute eta inauteriak amaitzen dira.

Akula Ondarroa
Akula orratz arraina, Ondarroako inauterietako panpina. Argazkia: Lea-Artibaiko Hitza.

Donostia, Bilbo, Hernani, Tolosa, Orereta, Arrasate, Irun, Eibar: Sardina

Sardinaren hileta, ehorzketa edo erreketarekin amaitzen dituzte inauteriak Euskal Herriko zenbait hiritan eta herritan. Sardinaren formako panpinaren atzetik segizioa egiten dute, triste, negarrez, festak amaitzear baitira eta, amaieran, lurperatu edota erre egiten dute arraina.

Sardina Errenteria
Sardinaren ehorzketa, Errenteria. Argazkia: Ereintza dantza taldea

Sardina Hernani
Sardinaren ehorzketa, Hernani, 2019. Argazkia: Kronika

Sardina Donostia
Sardinaren ehorzketa, Donostia, 2018. Argazkia: EITB

Sardina Arrasate
Sardinaren ehorzketa, Arrasate, 2018. Argazkia: Oliden / Diario Vasco

 

Euskal Herriko mugaz gaindi

Europako hainbat tokitan ere ageri dira inauteri bukaeran erretzen dituzten panpinak.

Lastovo (Kroazia): Poklad

Poklad Lastovo
Kroaziako Lastovo herriko Pklad inauterietako panpina.

Poklad Lastovo
Kroaziako Lastovo herriko Poklad inauterietako panpina asto gainean, 1924. Irudia: Frantisek Pospisil.

 

Roca Grimaldan (Italia): La Lachera

Lachera inauterietako panpina
Italiako Roca Grimalda herriko Lachera inauterietako panpina. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.