Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Inauteritako puska-biltzeak; festa, dantza eta jan-edana

Dokumentuaren akzioak

Inauteritako puska-biltzeak; festa, dantza eta jan-edana

2023/02/20 08:20
Inauteritako puska-biltzeak; festa, dantza eta jan-edana

Txantxoak, Abaltzisketa, 2005-02-06. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Baserriz baserri eta etxez etxe ibili ohi dira Euskal Herriko hainbat mozorro dantzan eta kantuan, trukean zerbait jasoko duten itxaropenez. Atea jo eta ezkaratzeetan egin ohi da festa. Askotan atarian ez ezik etxe barruetaraino sartzen dira mozorroak eta mahai bueltan egiten dute jaia. Jan-edanik ez da falta inauterietan; zenbait kasutan dirua batzen dute edo gosari, hamaiketako eta askariekin egiten diete ongietorria. Poltsa, otarra, ziri edo gerrenetan ere hainbat produktu jaso ohi dira: arrautzak, fruituak, oilaskoak, txorixoak...

Festen oinarrian harremanak daude, komunitate barrukoak zein kanpokoak; bisitak ere ohikoak dira jai giroan. Baserrietan, adibidez, oso presente dago oraindik bisitariari harrera beroa egiteko ohitura. Neguko jaien ezaugarrietako bat dira bisita eta eskea. Domu Santu egunarekin (Halloween-en ere bai) hasten dira eskeak, San Martin eta San Nikolas-ekin jarraitzen dira eta Gabonetako kantari eta Olentzero taldeak etortzen dira urte amaieran. Ezagunena ziur aski Santa Ageda bezperako eskea da. Inauteriekin, ordea, ez dugu lotzen kuestazio, puska biltze edo eske-erronden ohitura, baina oso ohikoa, errotua eta zabaldua da, eta horri begiratuko zaio sarrera honetan.

Lapurdi: Kaskarotak

Inauteri garaiarekin batera Lapurdiko herrietan kaskaroten festara irteten dira. Urtarrileko, otsaileko eta martxoko zenbait asteburutan han eta hemen ibiltzen dira etxez etxe eta kalez kale eskean eta dantzan.

Beskoitze kaskarotak
Inauteriak, kaskarotak, Beskoitze, 2019-02-16.Argazkiak: Jokin Artola - Dantzan

Beskoitze kaskarotak
Inauteriak, kaskarotak, Beskoitze, 2019-02-16.Argazkiak: Jokin Artola - Dantzan

Kaskarotak, Luhuoso, 2000. urte inguruan.
Kaskarotak, Luhuoso, 2000. urte inguruan. Argazkia: Thierry Truffaut.

Zuberoa: Maskaradetako barrikadak

Maskaradak ospatzen dira Zuberoan urtarriletik apirilerako asteburutan. Goizean zehar barrikadak deituriko bisitak egiten dituzte arizaleek. Herriko bost-sei bat txoko edo auzotara joaten dira dantzan, kantuan eta barrabaskeriatan eta bertakoek harrera egiten diete hainbat janari eta edariekin. Egun ongietorri abegikorra egiten zaie arizaleei, baina garai batean litzateke esaten denez garai batean herrian sartzea eragozteko barrikadak jartzen zizkieten maskaradariei, hortik barrikada izena.

Maskaradetako barrikada
Maskaradetako barrikada, Idauze-Mendi, 2015-01-18. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Maskaradetako barrikada
Maskaradetako barrikada, Idauze-Mendi, 2015-01-18. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Maskaradetako barrikada
Maskaradetako barrikada, Idauze-Mendi, 2018-01-07. Argazkia: Aritz Ibañez - Dantzan CC-BY-SA

Arantza: Mozorro zuriak

Arantzako inauterietan, goiztiarrenak gehienetan, mozorro zuriak puska biltzan ateratzen dira baserriz-baserri eta jatekoaren truke dantza eskaintzen diete baserritarrei, tartean, Arantzako zortzikoa.

Mozorro zuriak
Arantzako mozorro zuriak etxe atarian dantzan, Arantza, 2011-02-17. Argazkia: Eire Vila - Dantzan

Andoain: Axeriak

Andoaingo baserrietan eskean eta dantzan ibiltzen dira goiz osoan zehar axeriak eta axeri-dantzako hainbat joko dantzatzen dituzte.

Axerien puska-biltzea
Axerien puska-biltzea, Andoain, 2013-01-26.

Lizartza: Puska-biltzea

Inaute larunbata baino astebete lehenago ospatzen dituzte inauteriak Lizartzan. Asteburu osoan zehar kuestazioan aritzen dira dantzan. Larunbatean egun osoan zehar baserrietan eta igande goizean kalean.

Lizartzako inauteriak 6
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Lizartzako ihauteriak 2004-0518
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Igantzi: mozorroak

Inauteri nagusiak baina astebete lehenagoko larunbatean eta igandean puska-biltzean aritzen dira Igantziko mozorroak. Larunbatean herriko txokoak eta Berrizaun, Frain eta Sarrola auzoak pasako dituzte dantzan. Igande goizean, mozorroak eskean abiatuko dira herriko etxe eta baserrietarra.

Mozorroak Igantzi
Mozorroak puska-biltzean, Igantzi. Argazkia: Erran

Arano: Zomorroak

Inauteri nagusietako aurreko larunbatean irteten dira zomorroak Aranon. Goizean goiz herriko plazatik abiatu eta baserriz baserri joaten dira fandango eta arin-arina dantzatuz.

Arano Zomorroak
Zomorroak Aranoko baserrietan dantzan 2011an. Argazkia: Jon Iraola, Dantzan CC BY-SA

Arano Zomorroak
Zomorroak Aranoko baserrietan dantzan 2011an. Argazkia: Jon Iraola, Dantzan CC BY-SA

Oiartzun: Intxixuak eta sorginak

Inaute larunbata baino astebete lehenago ospatzen dira ihoteak Oiartzunen. Garai bateko ohitura berreskuratuta, egun, larunbat goizean baserriz baserri kuestazioa egiten du ihote taldeak, eta fandango eta balsa dantzatzen dituzte baserri bakoitzaren aurrean.

Oiartzun Ihoteak
Ihoteak, intxixuak eta sorginak eskean, Oiartzun, 2017-02-18. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Oiartzun Ihoteak
Ihoteak, intxixuak eta sorginak eskean, Oiartzun, 2017-02-18. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Oiartzun Ihoteak
Ihoteak, intxixuak eta sorginak eskean, Oiartzun, 2017-02-18. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Eibar: Koko-eskea

Koko-eskea eta koko-dantzak egiten dituzte inauterietan Eibarko baserrietan. Koko-marruak eta koko-dantzariak baserriz baserri ibiltzen dira dantzan, kantuan eta eskean goizean goizetik. Koko-eskean aritzeko Eibarren erabiltzen den kantua erabiltzen dute: "Koko-moko, saria bete moko, gibel-gibel afaritarako, dirua baneuka patrikarako".

koko2019-Areeta-abeletxe-fr
Argazkia: Areeta- Abeletxe baserria. Fernando Retolaza- dantzan CC BY-SA

Koko-dantzak
Koko eskea, Eibar, 2013-02-02. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC BY-SA

Koko-dantzak
Koko eskea, Eibar, 2013-02-02. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC BY-SA

 

Bakaiku: Kamarroak

Inaute larunbatean ateratzen dira Kamarroak Bakaikun. Herriko elkartean elkarrekin bazkaldu ondoren, mozorrotu eta etxez etxe abiatzen dira goldea garraiatuz eta hautsak botaz.

Bakaiku Kamarroak
Kamarroak Bakaikun 2015. Argazkia: Eire Vila - dantzan.eus CC BY-SA

 

Bakaiku Kamarroak
Kamarroak Bakaikun 2015. Argazkia: Eire Vila - dantzan.eus CC BY-SA

Behobia: Eraiki dantza taldea

Zaldunita bezperan, goizeko 9:00ak aldera abiatzen dira Eraiki Dantza Taldeko kideak baserriz baserri. Etxe guztietan fandango eta arin-arina dantzatzen dute dantzariek, ondoren, ordain-saria jasotzeko.

Behobia puska-biltzea
Puska-biltzea, Eraiki dantza taldea, Behobia, 2011-03-05. Irudiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Behobia puska-biltzea
Puska-biltzea, Eraiki dantza taldea, Behobia, 2011-03-05. Irudiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Hondarribia: Meaka dantza taldea

Irungo Meaka dantza taldeko kideek puska-biltzea egiten dute inauterietan. Inaute larunbat eta igande goizean Irungo Meaka auzoan baserriz baserri aritzen dira gazteak eta helduak, eta larunbat arratsaldean aldiz, Hondarribian, Jaizkibel azpian egiten dute kuestazioa.

Hondarribia puska-biltzea
Puska biltzea, Meaka dantza taldea, Hondarribia, 2017-02-25. Irudiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Hondarribia puska-biltzea
Puska biltzea, Meaka dantza taldea, Hondarribia, 2017-02-25. Irudiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Hondarribia puska-biltzea
Puska biltzea, Meaka dantza taldea, Hondarribia, 2017-02-25. Irudiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Abaltzisketa: Txantxoak

Inauterietako igande edo Zaldunitan ateratzen dira Abaltzisketako txantxoak, mozorroa, zesteroa eta soinujolea puska biltzean baserrietan eta herrian zehar. Etxe bakoitzaren atarian erratza pasa eta txantxoen makila-dantza eskaintzen dute.

Txantxoak
Txantxoak, Abaltzisketa, 2005-02-06. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Txantxoak
Txantxoen zesteroa eta soinujolea, Abaltzisketa, 2005-02-06. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Amezketa: Talai-dantzariak

Inauterietako larunbat eta igandean ateratzen dira Amezketako talai-dantzariak eskean. Baserriz baserri eta etxez etxe aritzen dira atarietan talai-dantza izena ematen dioten makila-dantza eginez.

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 2018-02-10. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 2018-02-10. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 2018-02-10. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Ihabar: Moxorroak

Inauteri larunbatean goizeko 11:00ak aldera, baserritarrez jantzitako gazteek puska-biltzea egiten dute herrian barna. Arratsaldean, berriz, moxorroak etxez etxeko errondan hasiko dira. Haiekin topo egiten duenak zigor kolperik jaso nahi ez badu, korrika ihes egin beharko du.

Ihabar moxorroak
Puska-biltzea, Ihabar, 2015-02-21. Argazkia: Maialen Astigarraga - Dantzan CC-BY-SA

Ihabar moxorroak
Moxorroen puska-biltzea, Ihabar, 2015-02-21. Argazkia: Maialen Astigarraga - Dantzan CC-BY-SA

Lesaka: Goitarrak

Inauteri igandean, Goitarrak baserriz baserri dantzan eta arraultze-arraultze puska biltzea egiten. Jotak dantzatzen dituzte baserrien aurrean.

Goitarrak
Goitarren arrautze-eskea, Lesaka, 2010-02-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

 

Goitarrak
Goitarren arrautze-eskea, Lesaka, 2010-02-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Bera: Zingar-arraultze eskea

Astelenitan zingar-arrautze eskea egiten da goizez Beran. Koadrilek euren mozorroak jantzi eta baserriz baserri aritzen dira. Baserri guztien aurrean "Zingar-arrautze, zingar-arrautze bat ez bada bertze, bertze!" kantatzen dute eta horrela lortzen dute egun horretako saria.

 

Zingar arrautze eskea
Zingar arrautze eskea, Bera, 2011-03-07. Argazkia: Jon Iraola, Dantzan CC BY-SA

Zingar arrautze eskea
Zingar arrautze eskea, Bera, 2011-03-07. Argazkia: Jon Iraola, Dantzan CC BY-SA

Lesaka: Fraindarrak arraultze-eskean

Lesakako Fraindarrak, inaute astelehen eta asteartean ateratzen dira Lesakako Frain auzoan puska biltzean. Musikak irauten duen bitartean dantzan aritu behar dutenekin batera musikariak, arrautzak eta dirua biltzeko ardura dutenak eta erratza astintzen dutenek osatzen dute Fraindarren taldea.

Fraindarrak
Fraindarrak puska-biltzean, Lesaka, 2015-02-16. Argazkia: Eire Vila, Dantzan CC BY-SA

Goizueta: Puska-biltzea baserrietan

Mozorroak inauterietako asteleheneko egun osoan zehar puska-biltzean ibiltzen dira baserrietan. Asteartean, berriz, arratsaldeko zahagi-dantzatren aurretik goizean kalean ibiltzen dira eskean.

Goizueta
Mozorroen puska-biltzea, Goizueta, 2022-03-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Puska-biltzea
Mozorroen puska-biltzea, Goizueta, 2022-03-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Erratzu: Damak

Inaute asteartean ateratzen da Damen desfilea Erratzun. Damak kalez kale eta atariz atari aritzen dira bonboekin soinu erritmikoak jotzen. Zenbait ataritan ongietorria egiten diete jan-edanarekin.

Damak
Damak, Erratzu, 2020-02-25. Argazkia: Maite Eizagirre - Dantzan CC-BY-SA

Damak
Damak, Erratzu, 2020-02-25. Argazkia: Maite Eizagirre - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.