Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Festak ez dira ospatu, baina alkate-dantza egin dute Lakuntzan

2021/01/22

San Saastin jaiak bertan behera gelditu dira Lakuntzan, baina kintoek alkate-dantza dantzatzeko ohitura ez etetea erabaki dute. Hori horrela, San Sebastian egunean, arratsaldeko 18:30ak aldera plazaratu dira neska-mutil gazteak. Dantzari segida emateko erabakia hartu dute, baina osasun neurriak kon...

Gehiago irakurri

Zumarraga: Santa Isabel 1948 ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria

2021/01/21

Orain 70 urte pasako Santa Isabel festa Zumarragan, ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria barne, erakusten duten filmazio ederra ezagutzera eman du Jose Busca Otaegiren (1907) familiak. Hain zuzen, Jose Busca Otaegik 1948 urte inguruan egindako grabaketen artean, urte horretakoa izan daitekeen Santa Isabel eguneko ospakizunak ere ageri dira. Familiak gordeta zituen zintak Euskal Filmategira eraman, bertan digitalizatu eta bueltan eskuratu dituztenean ezagutzera eman dituzte.

Santa Isabel eguna Zumarragan

Jakina da festa egun handia dela Zumarragan Santa Isabel, uztailaren 2a. Goizean abiatzen dira ezpata-dantzariak, udal-agintariak eta herritarrak, herritik aparte, mendi-aldera dagoen Antioko baselizarantz belarrezko alfonbra berdez estalitako kaleetan barrena. Baselizen katedraltzat jotzen den Antioko baseliza ederraren aldare aurrean dantzatzen dute ezpata-dantza eta kanpoaldean jarraitzen du dantzak eta festak, horren ondotik etortzen den erromeriarekin. Egun hori 1948ean nola ospatu zen ikusteko aukera eskaintzen du filmazioak, eta beraz, bai festa, bai dantzan urteotan izan diren aldaketak antzemateko modua ere.

Udaletxetik elizara, elizatik baselizara

Ezpata-dantzari dagokionez 0:25ean ageri dira dantzariak lehen aldiz, txistulariak aurretik dituztela udaletxetik irteten. Udaletxetik elizara sartzen dira (0:47), Buscaren esanetan "Ama Birjinari baimena eskatzeko gora igotzeko". Elizatik irteeran (01:01) txistulari, ezpata-dantzari, monagillo eta apaiz, udal-agintari eta Guardia Zibilek osatutako segizioak Antiorako bidea hartzen du, aguazilak atzetik dituztela suziriekin.  

Zumarragako irudi panoramikoak erakusten ditu Buscaren begiradak ondoko planoetan (01:23-02:03): Elizaren kanpandorrea, herriaren ikusmira, baserri baten ataria eta herritarrak Antiorako malda igotzen. Antioko baseliza barrutik ikusten ditu kamerak (02:05) ezpata-dantzariak iristen. Elizatik irteeran (02:17), Ama Birjina ateratzen dute prozesiora, ezpata-dantzariak aurretik dituztela. Kanpoaldean gero eta animazio handiagoa antzematen da (03:17).

Aurreskua

Eliza barruan argi nahikorik ez zuen izango agian eta horregatik kanpoko dantza-irudiak ageri dira nagusiki filmean. Aurreskuaren zenbait pasarte ikus daitezke (03:30). Hasieratik deigarria gertatzen dena da dantzariek aurreskua dantzatzerakoan egiten dituzten desplazamendu zabalak. Garai horretako beste filmaketa batzuetan ere ikusten da hori. Dantzari bat sokan dantzan ikusteko aukera dago (03:40), eta hor agerikoa da zangoak gora altxatzerakoan ez direla belaunak luze jartzen gaur egun egiten den modura. Zerbitzariek gonbidatu bat sokaren erdira ekarri (03:48) eta aurreskuak agurra dantzatzen dion unea ere ikusten da, eta ondoren beste horrenbeste atzeskuari aurkezten dioten bigarren gonbidatuarekin (04:02). Berriz ere sokan dantzan (04:16) eta aurreskua eta atzeskuaren arteko desafioa (04:21) joan-etorri luzeekin eta elkar gurutzatuz joan-etorri horietan. Kalejirarekin (04:38) bukatzen da zinta bobina. 

Dantzaren bilakaera ikusteko interesgarria da Zumarragako ezpata-dantzaren eta aurreskuaren batzuetako irudiak ikusi eta haiekin konparatzea, hala nola, 1920ko hamarkadan Manuel Intxaustik egindako ezpata-dantzaren eta aurreskuaren filmaketak, edo 1974an Raices programarako egindakoa.

Erromeria

1948ko erromeriako irudi ederrak ikus daitezke filmaren ondoko minutuetan. Lagunartean jatorduak (4:50), mahaikada handiak, lagun-taldeak hizketa alaian, eta erromeriako dantzak. Taberna ondoan korro txiki bat dantza-soltean (05:35), oholtza txikiaren gainean musikariak (5:40): bi soinujole, dultzainero bat eta atabalaria. Inguruan herri oso bat dantza eta festan, borobil txikietan. Festaren, erromeriaren irudiek osatzen dituzte ondoko minutuak (06:00-08:12), horietako asko nobedadea zen kameraren aurrean posatzen herritarrak. Arratsaldean (08:13) Antio utzi eta Zumarragara jaisten dira herritarrak. Festetako ohiko kalejirak, batzuk sokan eta besteak lagun-taldeak elkarri besotik helduta saltoka dabiltzala ikus daitezke (08:33). 

Grabaketen data

Jose Busca Otaegiren biloba Fernando Álvarez Buscak eraman ditu filmak Euskal Filmategira, eta mp4 formatuan bueltan ekarritakoan eman ditu ezagutzera. Gotzon Aranbururen bidez jaso du Jonmikel Intsaustik eta honek helarazi digu Dantzan.eus-era. Irudien data eta xehetasunak biltzeko Jose Busca Otaegiren seme den Jose Ignaciorekin hitz egin dugu. Jose Ignacio Busca 1952an jaio zen, eta, beraz, bera jaio aurreko urteetan egin zituen bere aitak grabaketak.

Tomabistasa zeukan Jose Buscak eta bi urteko epean zenbait grabaketa egin zituen horrekin, adibidez, 1948ko jaunartzea, urte hartan Zumarragan jaunartzea egin zuten ume guztiak ageri direlarik. Horretan oinarrituta sumatzen du Jose Ignacio Buscak Santa Isabel eguneko filmaketa 1948koa izan daitekeela, eta hori ez bada gehienez urtebete lehenago edo urtebete beranduagokoa. Data hori bat dator Euskal Filmategian egotzi diotenarekin. Filmategiko kontserbazio zuzendari den Ion Lopez-ek azaldu digunez, Buscak egindako beste grabazioetako batean auto baten matrikula ikusten da eta Filmategiko teknikariek ikusi zuten auto hori 1944 eta 1951 bitartean izan zela zirkulazioan.

Irudietan ageri direnetako batzuk

Bera jaio aurretik egindako grabazioa izan arren, Jose Ignacio Buscak irudietan ageri direnetako batzuk ezagutu ditu. Dantzarien artean bi aipatu dizkigu: Inixio Zaldua eta Imanol Apaolaza. Inixio Zaldua Alzueta (1928-2018) galtza gorriekin ageri den dantzarietako bat da, kapitainetako bat da, beraz, eta aurreskua dantzatzen ageri da filmean. Hogei urteko gaztea izango zen dantzan ageri den unean. Imanol Apaolaza Auzmendi (1930-2008), berriz, galtza zuriz jantzita, ezpata-dantzaren eta aurreskuaren sokan ageri da. Apaolaza bitxi eta erloju-dendakoa, Juanita alarguna 90 urterekin bizi duela argitu digu Jose Ignacio Buscak, eta agian berak eman ditzakeela argibide gehiago irudietan ageri direnez.

Irudietan ageri diren beste zenbait herritar ere aipatu dizkigu Jose Ignacio Buscak. Filmeko lehen irudietan (0:00-0:15) plaza hutsaren erdian bi gizon ageri dira, etxaferoak edo suziriak botatzen: Prontxio eta Timoteo dira, aguazilak. Ondoren (0:15-0:20) beste bi gizon ageri dira zaldi bat laguntzen. Buscaren iritziz Iburreta tabernakoak izan daitezke horiek, erromeriarako Antion taberna jartzen zuten eta trasteak igotzeko erabiltzen zuten zaldia. Filmean zehar ageri dira ere beste zenbait herritar ezagun, hala nola, Don Domingo parrokoa, edo Jose Maria Busca Isusi gastronomo ezaguna. 

Irudiak: Jose Busca Otaegi. Ezpata-dantza, aurreskua eta erromeria, Zumarraga, 1948-07-02.

Lakuntza: San Saastin 2021 Alkate-dantza

2021/01/21

San Saastin jaiak ez dituzte ospatu Lakuntzan, baina kintoek alkate-dantza plazaratu dute. Hemezortzi urte bueltako gazteek erabaki dute alkate-dantza dantzatzeko ohiturari jarraipena eman behar zitzaiola, eta baimen eta neurriak kontutan hartuta neska-mutil taldea atera da plazara dantzara. San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, arratsaldeko 18:30ak aldera egin dute alkate-dantza. Ohiturari eutsi diote lakuntzarrek musukoak soinean eta eskuetatik heldu beharrean zapiak hartuta. Lakuntzan kintoak San Sebastian egunez atera dira dantzara aurten lehen aldiz, eta gauzak ondo bidean, Korpusetan eta Lakuntzako Pertzaren Egunean ere dantzatuko dira. Alkate-dantza, San Saastin, Lakuntza, 2021-01-20.

Inauteri ofizialik ez dirudi izango denik aurten

2021/01/19

Sunbilla, Leitza eta Malerrekako inauteriak izaten dira lehenak, eta udalek bertan behera utzi dituzte inauteri festak ofizialki. Urteko lehen inauteriak, ofizialki behintzat, ez dira ospatuko, eta otsaileko inauteriekin gerta daitekeenaren iragarpena izan daiteke.  2020an inauteri gehienak just...

Gehiago irakurri

Sabino Arana saria Juan Antonio Urbeltzi

2021/01/15

Sabino Arana Fundazioak 2020ko sariak zeintzuk diren jakinarazi du eta Juan Antonio Urbeltz folklorista da saria jasoko duenetako bat. Honakoak dira beste sarituak: Remei Sipi, Jose Barreira, Amaia Gorostiza eta Bilboko Mediku Zientzien fakultatea. 50 urteko ibilbidea sarituta Juan Antonio Ur...

Gehiago irakurri

Ondarroa: Euskal Jaia 1974

2021/01/15

1970eko hamarkadan oso ohikoak izan ziren Euskal Jaien erakusgarri ona da honako filmazio hau. Albert Cariauxek 1974an Ondarroan ospatu zen Euskal Jaian grabatutako dantzak ikus daitezke bideo honetan. "Haurren Euskal Jaiak" izaten ziren maiz. Hainbat herritatik bildutako ume eta gaztetxoen dantzari taldeak batu, herrian barrena kalejirak egin eta dantza emanaldiak izaten ziren egitarauaren ardatza. Dantza saio hauetako ohiko errepertorioaren erakusgarri da grabazioa, zehazki hauek ageri dira bideoan: banangoa (00:10), makila txikiena (00:42), txotxongilo (01:37), arku-dantza (02:21), zapi-dantza (03:18), San Petrike (04:07), kalejira (05:38), zinta-dantza (06:25), arin-arina (06:44), banangoa (07:46), txotxongilo (08:09), arku-dantza (08:40), makila txikiena (08:55), desafioa (09:16). Irudiak: Albert Cariaux. Euskal Jaia, Ondarroa, 1974.

Dantza taldeen entseguak baimendu dituzte EAEn

2021/01/12

Dantza talde ez profesionalen entseguak baimendu ditu Eusko Jaurlaritzak neurri berriekin . Azaroaren 6an "dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez profesionalak" bertan behera gelditu ziren . Orain, dantza talde ez profesionalek entseatzeko aukera izango dutela diote neurri berriek, hon...

Gehiago irakurri 6

Ana Santa Coloma Beti Jai Alaiko kide historikoa hil da

2021/01/08

Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldean  hainbat hamarkadaz aritutako Ana Santa Coloma hil da. Gaztetan Sección Femeninan aritu zen dantzan, baina dantzaren munduan buru-belarri Beti Jai Alai dantza taldean murgildu zen, taldeko  jantzitegiaren a rduradun eta jostun lanetan bereziki. Lantalde ...

Gehiago irakurri

Baztandarrak 2020: Xoxuaine

2021/01/07

Xoxuaine mutil-dantza dantzatzen ari dira Baztandarrak dantza eskolako kideak. 2020ko Euskal Herriko dantzari egunerako prestatutako bideoa da, Elbeteko eliza aurreko plazan grabatua. Dantza hau izendatzeko hainbat modu daude: Xoxuaine, Zozuarena, Zozoarena... Baztango mutil-dantza honek generoko beste dantza batzuetan ohikoa den egitura du: bi puntu egitura, txandaka egiten direnak, eta eskaileran gora eta behera eginez, bostera igo eta jaitsi, bakoitietan egitura bat eta bikoitietan beste bat dantzatzen da.

Dantzarako erabili ohi diren urratsen zerrenda ikus dezakezue azpian, Patxi Larraldek izendatu ohi dituen moduan.

 

1 (1)

  • Erdizke, eskuin, puntu bat (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker batekin, gibelat pasa, eskuin, puntu bat (X2)

2 (2)

  • Erdie piketue, bi puntu (G), erdie piketue, bi puntu (A) (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker, bi puntu (G), gibelat pasa, eskuin, bi puntu (A) (X2)

3 (3)

  • Erdizke eta hiru, eskuin, hiru puntu (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker batekin eta hiru, gibelat pasa, eskuin, hiru puntu (X2)

4 (4)

  • Erdie piketue, lau puntu (G), erdie piketue, lau puntu (A) (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker, lau puntu (G), gibelat pasa, eskuin, lau puntu (A) (X2)

5 (5)

  • Erdizke eta bost, eskuin, bost puntu (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker batekin eta bost, gibelat pasa, eskuin, bost puntu (X2)

6 (4)

  • Erdie piketue, lau puntu (G), erdie piketue, lau puntu (A) (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker, lau puntu (G), gibelat pasa, eskuin, lau puntu (A) (X2)

7 (3)

  • Erdizke eta hiru, eskuin, hiru puntu (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker batekin eta hiru, gibelat pasa, eskuin, hiru puntu (X2)

8 (2)

  • Erdie piketue, bi puntu (G), erdie piketue, bi puntu (A) (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker, bi puntu (G), gibelat pasa, eskuin, bi puntu (A) (X2)

9 (1)

  • Erdizke, eskuin, puntu bat (X2)
  • Aintzinet pasa (bg), ezker batekin, gibelat pasa, eskuin, puntu bat (X2)

 

 Mutil-dantzak, Xoxuaine, Baztandarrak dantza eskola, Joalajo, 2020-10-03.

Zubieta: Joaldun txikiak errege bezperan 2021

2021/01/05

Zubietan lau gaztetxo kalera atera dira joareekin. Malerrekan errege bezperan entzun ohi dira urteko lehen joare soinuak. Haur eta gaztetxoek urtarrilaren 5ean astintzen dituzte lehen aldiz joareak. Kalean gora eta behera aritu ohi dira, erritmoa eta joare jotzea ikasten, edo dagoeneko ikasita dutenek inauterietan ateratzeko prest daudela erakusten. Zubietan goizean goiz elkartu ohi dira gazteak eta puska-biltzean aritzen dira. Aurten beste urteetan baino joaldun gutxiago elkartu dira, eta ez dira eskean ibili. Herriari buelta ematearekin konformatu behar izan dute. Berez, jai egun eta parranda gaua izaten da errege bezperakoa Malerrekan. Egunean zehar joaldun txikiak aritzen dira festan eta iluntze aldera helduen txanda iristen da. Lagunarteko afariak egin eta ondoren joareak soinean, Zubietako, Aurtitzeko eta Iturengo joaldunak elkar bisitatzen dira. Irudiak: Igor Babaze. Joaldun txikiak errege bezperan, Zubieta, 2021-01-05.

 

Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com