Dokumentuaren akzioak
Salvador Martinez, Lizarrako gaiteroa hil da
Salvador Martinez, bere azken emanaldietako batean, Torralba del rion, 2024-06-22. Argazkia: Maddi Alberdi
Lizarrako gaiteroen musikari garrantzitsuenetako bat, Salvador Martinez Garate (1957-2024) hil da 67 urterekin, San Martzial egunez, hain zuzen urtero jo ohi duten Bergarako San Martzial erromerian jotzekotan zela. Ibilbide luze eta oparoko musikaria, 44 urtez Juan Carlos Duñabeitiarekin osatu duen gaitero taldea Lizarraldeko zein Euskal Herriko hainbat festatako ezinbesteko osagai izan da, bai eta hainbat tradizio aberatsen zaindaria.
Lau hamarkadako ibilbide profesionala
Salvador Martinezek ondoren bere taldekide izango zuen Juan Carlos Duñabeitia izan zuen gaita irakasle, Lizarran bertan, 1979 urtean. 1981ean egin zuten estreinaldia talde moduan, Martinez eta Duñabeitiarekin Eduardo Peral danborreroak osatutako hirukotean. "Gaiteros de Estella-Lizarrako Gaiteroak" izendapenarekin hainbat belaunalditako leinuari jarraipena eman diote, bai emanaldiak eginez, bai irakasle lanetan, bai musika-tresnak eginez, beti Duñabeitia eta Martinez gaita-jotzaile moduan, Salvador-en alaba Izar Martinez-ekin ere bai tarteka, eta Gorka Sarasa eta Raul Mercero danborrarekin gehienetan.
1983an Ibai-Ega dantza taldearen eskariz Lizarrako udalak martxan jarritako gaita eta danbor eskolan irakasle hasi zen Duñabeitia eta urtebete beranduago Martinez bera ere bai. Lizarrako udalaren gaitero talde ofiziala izendatu zituzten eta 1986an “Gaiteros de Estella-Lizarrako Gaiteroak” elkarte moduan erregistratu zuten. Gaitari eskaintzen zioten dedikazioa gero eta handiago zenez profesionalki horretara jarri ziren eta ikerketa eta gaitaren jardun-eremuen berreskuratzen lanetan ere aritu dira.
Kale-girotze, kontzertu eta dantzara begira
Lizarrako Musika Bandako sorrera-kide izan dira Duñabeitia eta Martinez, txistulariekin hamaika emanalditan kolaboratu izan dute, bai eta Enrike Zelaia, Txamendi-Larralde edo Egan taldearekin ere. Los Ministriles del Rey Teobaldo antzinako musika-taldea sortu zuten hainbat emanaldi eta lankidetza eginez han hemen.
2003an Lizarrako gaiteroek eta Ibai Ega dantza taldeak "Lizarrako Larraindantza. Hiru mende dantzan" DVDa argitaratu zuten eta bertan, larrain-dantzaren historia, urratsak eta koreografia azaltdu zituzten. Honako bideoa DVD horren parte da.
Gaitero erraldoiak
Lizarratik kanpo gero eta emanaldi gehiago joan dira izaten hamarkadaz harmakada: Deba, Zarautz eta Torralba, adibidez, oso garrantzitsuak izan dira haien ibilbidean. Deban San Roke jaietan jotzeaz gainera, Musika Eskolan irakasle aritu da Salvador Martinez eta Debako erraldoi bikote bat Duñabeitia eta Martinez-en tankerakoak eginak dituzte.
Urtetik urtera hazten joan da Lizarrako gaiteroen eragin esparrua: Bergara, Eibar... Azken honetan Lizarrako gaiteroak festaren protagonista nagusiak izaten dira, gaiteroen etorrerakin abiatzen dira festak, eskultura bat dago haiei eskainia eta urtetik urtera hazten jarraitu du Lizarrako gaiteroekiko miresmenak. Eibarren jasotzen duten berotasuna eskertu nahirik, 2024ko San Juan festetan Arratera igo eta Arrateko Amari eskainitako esker-oneko pieza hau eskaini diote Salvador Martinez-ek eta Juan Carlos Duñabeitiak.
Dokumentuaren akzioak