Dokumentuaren akzioak
Koldobika Jauregi artista eta Dantza filmaren diseinatzaile artistikoa zendu da
Alkizako artistak eskulturan eta arte plastikoetan ibilbide garrantzitsua egin du eta dantzaren eremura ere iritsi da bere eragina, hain zuzen Telmo Esnalek zuzenduta eta Juan Antonio Urbeltzen dantzaren ikuspegi koreografiko eta sinbolikoa zinera eraman zuen Dantza filmaren diseinu artistikoaren arduradun izan baitzen. Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959-2024) 64 urterekin hil da, hain zuzen bere hainbat garaitako lanak biltzen dituen erakusketa Soraluzen inauguratu duen asteburu berean.
Euskal tradizioa eta naturak pisu handia izan dute bere ibilbidean eta naturarekiko lotura hori bere lanetan presentzia handiz agertzen da. Bere bikote Elena Cajaraville bitxi-diseinatzailearekin batera Ur Mara gunea zuzendu dute Alkizan azken 12 urteotan, artea, etnografia eta natura uztartuz bertan egindako erakusketa eta ekimen ugarietan.
Dantza: sinboloa eta estetika
Telmo Esnal eta Urbeltzekin batera Dantza filma sostengatu zuten hiru hanketako bat izan zen Koldobika Jauregi. Urbeltzek dantzetan iradokitako mundu sinbolikoak txunditzen zuen Jauregi eta esana zuen Urbeltzen irakurketa sinbolikoak ezagutu ondoren inoiz ez zuela dantza berdin ikusi. Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregik sortu zituzten filmaren atrezzoa, jantzien planteamendua zein dantzarien apaingarriak ere.
Dantza filmaren estreinaldia inguruan Maite Artolak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan tradizioaz galdetu zion eta kezka erakutsi zuen Jauregik horren inguruan:
Dantza da hizkuntza
"Dantza zen azken finean hizkuntza", zioen Jauregik dantza filmaz galdetuta. "Oinarri oinarrian pelikula honetan dantza dago, izenburua duena, eta hori aldarrikatu nahi zen, dantza". Dantza filmaren inguruan Telmo Esnal eta Koldobika Jauregiri Euskonews-en egindako elkarrizketan ere tradizioaren gaiari begiratu zion Jauregik.
Ikusten da halako gutxiespen bat izaten dala tradiziozko dantzarekin eta badirudi modernoak garela halako nahasketak egiten ditugunean. Dantzan aspaldi ari gara ikusten halako nahasketa batzuk, hibridoak, erdi transgeniko batzuk, ez direnak batere naturalak, erabat ez dutela konektatzen... Erakutsi nahi genuen betiko dantzarekin, ondo dantzatuz gero, lortu zitekeela halako indar bat eta presentzia bat.
Euskadi Irratiko elkarrizketan azaldu zuen zein zaila gertatu zen Dantza pelikula egiteko finantzazioa lortzea, "ez baitzen konsideratzen pelikula euskalduna zenik". Bultzada ekonomiko handiena Madriletik etorri zela eta euskal erakundeen babes urria mingarri zitzaion. "Guk ez dugu liburutegi nazionalik. Guk ez dugu dantza zentro nazionalik. Gauza asko daude falta zaizkigunak."
Dokumentuaren akzioak