German Aldekoa San Lorenzo taldearekin 2014ko Ezpalak jaialdian, Iruñea, 2014-05-24. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA
German Aldekoa Arriaga (Berriz, 1953-2024), Alejandro Aldekoa eta Maria Arriagaren semea, eta aitaren danbolintero eta dantza-maisu lanei jarraipena eman ziena zendu da 71 urterekin. Hain zuzen, oraindik bizi den ama Mariak 101 urte bete dituen egunean hil da hiru seme-alaben arteko nagusia (Jon eta Amaia dira beste biak).
Aitarekin ikasi zuen txistua jotzen, bai dantzan ere eta San Lorenzo dantza taldean aritu ziren dantzan bi anaiak, German eta Jon, bai eta txistulari lanetan ere aita zendu geroztik. Berrizko udaleko txistulari lanetan aitaren segida hartu zuen baita ere Germanek eta dantzari-dantza eta erregelen ezagutza eta transmisioan aritu da, aurretik aitak hainbat urtez egin zuen moduan.
Txistularia eta dantza-maisua
Alejandro Aldekoa bere aitaren inguruan Sabin Bikandik egindako doktore-tesian erakutsi bezala, dantza eta txistua jardun beraren bi alderditzat zituen danbolintero-dantza-maisu eredu baten segidakoa izan da German Aldekoa. Dantzariei jotzeko dantzan jakitea ezinbestekotzat zuen Germanek. Honela zioen elkarrizketa batean:
Zuk txistua jo eta erne jarraitzen diezu dantzariei dantzan ari direla.
Dantzariei begira egoten naiz. Bata da bizkorragoa, bestea pixka bat geldoagoa. Dantzariak artazia bota eta nik itxoin egin behar, horrelako gauzak pasatzen dira. Musikari jarraitzeko belarria izango dute, baina beti du tankera batak edo besteak bizkorrago edo astiroago egiteko. Ni begira egoten naiz, bakoitzari segitzen.
Berria, 2005-07-01
Dantzarien jarduna xehe-xehe behatzen zuen eta kritikoa zen dantzaeran gertatzen ari zen eraldaketarekin.
Urteekin dantza egiteko modua aldatu da?
Aldatu da, bai, dantza egiteko modua, ohitura txarrak hartu direlako. Grabilletearekin pasatzen da, artaziarekin ere bai. Artazia egiteko hemen, Berrizen, ostikoa izan behar dela esaten da. Hau da, hanka lehenengo jaso belauneraino, eta gero belaunetik ostikoarekin punta gora kolpe batean. Noski, hori minbera da, izterrarentzat gogorra da. Batzuek ohitura dute zuzen-zuzen, hasi barrenetik eta belaun eta guzti puntara zuzen jasotzeko. Hori ez da izan horrela lehen hemen, baina orain batzuk horrela ohitu dira eta ez zaie esaten ezer. Noski badaude ostikoarekin, ondo, egiten dutenak ere. Gogorragoa da. Ni egonda nago izter dena beltz-beltz eginda eta herrenka. Orain berotu egiten dute, izterra eta hankak osorik, baina gure sasoian ez zegoen horrelakorik. Jantzi, txilinak ipini, hartu makila eta ezpata, plazara irten eta gora hanka! Normala horrelakoak pasatzea. Orain beroketak egiten dituzte eta eskerrak.