Dokumentuaren akzioak
Sanjoanak dantzan, astebururako zenbait gomendio
Udan sartu berri gara, atzo iluntzeko 22:51ean, hain zuzen ere; eta udako solstizioarekin batera ospatzen dira gurean San Joan dantzak, festak eta errituak. Uda dantzan hastea baino modu hoberik bururatzen? Horretarako sarrera honetan jaso ditugu datozen egunetarako zenbait gomendio.
Sanjoanak Dantzan 2024
Ekainak 22 larunbata
Larunbatean, ekainaren 22an, Nafarroa da helmuga. Bi aukera dituzue: Torralba del Rio edo Tutera.
Torralba del Rio: Juan Loboren harrapaketa eta Baltsaren dantza
Aurpegia baltzituta eta landarediaz gorputza estalita ihes egiten saiatzen den gaizkilea omen da Juan Lobo edo Moro Juan. San Joan jaietan Juan Loboren legendan oinarritutako antzezpen erritua eta dantzak egiten dituzte. Aurten ekainaren 22an ospatuko dute jaia. Urtero legez, gaizkileak ihes egingo du, baina San Joan kofradiako kideek harrapatu eta jarraian jota dantzatuko dute. Baltsatik herrira eraman eta Juan Lobo epaitu eta heriotz zigorra ezarrita tiroz hilko dute. Ondoren, Francisco Beruetek koreografiatutako Baltsaren dantza plazaratuko da.
Tutera: San Joan Batailatzailearen Paloteadoa
Tuterako Lurdesko auzoko San Joan jaietan San Joan Batailatzailearen dantza taldeak Paloteadoa eskainiko du. Ospakizuna ostiralean hasten da bezperako kalejirarekin, baina egun nagusia larunbatekoa da. Dantzariak mezaren ondoren 19:00etan prozesioan agertzen dira. Santuaren irudiari harrera egiten zaio bandera-dantzarekin eta dantzarien kortesiekin. Jarraian, Perrinche plazara abiatzen dira segizioan eta bertan paloteadoa antzezten dute. Nafarroako Erriberako paloteadoetan ohikoa den gisa, pertsonaien antzezpenak eta dantzan plazaratzen dira: bandera-dantza, harrera kortesiak, balsa, zinta-dantza sinplea, kortesiak, arku-dantza, zinta-dantza bikoitza eta jota.
- 18:00 Torralba del Rio: Juan Loboren harrapaketa eta Baltsaren dantza
- 20:00 Tutera: San Joan Batailatzailearen Paloteadoa
Ekainak 23 igandea: San Joan bezpera
Igandez, San Joan bezperan, Euskal Herriko herri guztietan piztuko dira suak. Hainbat mendietan ere suaren inguruan dantzan arituko dira, urteko gaurik laburrenean eta herri askotan soka-dantzak plazaratuko dituzte. San Joan bezperan eta egunean hamaika aurresku plazaratzen dira Euskal Herrian. Udari suaren bueltan eskuz asku dantzan egin ohi zaio ongi-etorria honako herrietan: Abaltzisketa, Andoain, Antzuola, Eibar, Errenteria-Orereta, Hernani, Irun, Iruñea, Lasarte-Oria, Lezo, Pasai Antxo, Trintxerpe...
Hemen dituzue 2022ko sanjoanetan plazaratu ziren zenbait aurresku:
Baina San Joan bezperan badira bestelako errituak ere; Urdiaingo San Joan kantaita eta Arizkungo ezpata-dantza, esaterako.
Urdiain: San Joan kantaita
San Joan bezperan kantatzen eta dantzatzen dute San Joan Kantaita Urdiainen herriko neska gazteek. Bazkalostean elkartuko dira eta azken ensaioak egin ondoren, jantzi eta San Joango ermitara abiatuko dira, bertan, meza ostean dantzatu eta kantatzeko. Hemen dituzuela duela 10 urteko irudiak, 2014an jasoak:
Arizkun: Ezpata-dantza
2022an plazaratu zuten lehen aldiz Arizkunen ezpata-dantza. Plazan eta karriketan aritzen dira Arizkungo ezpata-dantzariak suak piztu aurretik. Euskal Herriko eta nazioarteko osagai koreografikoak eta Baztango musika doinuak baliatuz moldatu dute ezpata-dantza. Gero, suak pizten dituzte karriketan, kasik etxe atari bakoitzean bat. Sanjoanak Arizkungo jai nagusiak dira, beraz, Baztango jaietan ohikoa den legez, mutil-dantzak ere plazaratzen dira iluntzeetan eta San Joan Egunean baita eguerdian ere.
Hemen estreinekoz ezpata-dantza dantzatu zuteneko irudiak:
- 10:00 Donibane Lohizune: Ezpata-dantza eta aurreskua
- 13:00 Guardia: Guardiako dantzak
- 13:00 Auritz: Ingurutxoa
- 10:00 Hernani: Gazteen azeri-dantza
- 18:00 Agurain: Lezeako zortzikoa
- 19:00 Euskal Herriko mendiak: Jondane Johane Udaburuko Suak
- 19:30 Iruñea: Soka-dantza
- 19:45 Arizkun: Ezpata-dantza eta mutil-dantzak
- 20:00 Trintxerpe: Aurreskua
- 20:15 Andoain: Soka-dantza
- 20:30 Iruñea: Arrosadiko soka-dantza
- 20:30 Arbizu: Zortzikoa
- 20:45 Irun: Aurreskua
- 21:00 Hernani: Aurreskua eta San Juan Kantaita
- 21:00 Lasarte-Oria: Soka-dantza
- 22:00 Lezo: Soka-dantza
- 22:00 Beasain: San Joan esku-dantza
- 22:00 Errenteria: Soka-dantza
- 20:00 Antzuola: Soka-dantza
- 20:30 Urdiain: San Juanen kantaita
- 20:00 Itsaso: Isats-dantza
- 21:00 Arrasate: Errementari-dantza
- 21:30 Abaltzisketa: Soka-dantza
- 22:30 Pasai Antxo: Aurreskua
Ekainak 24 astelehena: San Joan Eguna
San Joan egunean, berriz, Tolosa, Laguardia eta Andoain ipiniko ditugu jomugan. Hiru herrietako jaiak dira sanjoanak eta dantzek protagonismo berezia hartzen dute ekainaren 24an egiten dituzten ospakizunetan.
Guardia: Guardiako-dantzak
Guardiako dantzariak San Joan bezperan eta San Joan egunean atera ohi dira kalera segizioan. Prozesioan laguntzen dute herriko dantzariek katximorro buru dutela. Loreak banatzen dituzte eta alkatea eta erregidore-sindikoari etxe laguntzeak egiten dizkiete. Aipatzekoa da baita ere Guardiako bandera-dantza, erregidore-sindikoak dantzatzen du bi egunetan.
Tolosa: Bordon-dantza eta soka-dantza
Lizar-adarrez apaindutako kaleak, danborrak, txilibituak, eskopetarien kargak, txistularien eta herriko bandaren doinuak... Tolosan, San Joan egunean egun osoko lana izan ohi dute bordon-dantzariek. Prozesioa eta alardea egiten dira eta dantzariak bordon-dantzan joaten dira segizioan eskopetarien tiro hotsak lagun. Egunean zehar, hainbat geldialditan San Joan zortzikoa dantzatzen dute eta aurreskuarekin borobiltzen dute.
Andoain: Axeri-dantza eta soka-dantza
Andoaingo axeri-dantzariek mahai bueltan hasten dute San Joan eguna. Goizean elkartu eta elkarrekin gosaldu ondoren, 12:00etan hartuko dute plaza. Axeri-dantza hainbat irri-dantzek osatzen duten zikloa da. Honako jokoak dantzatuko dituzte: paseoa, aitarena, axeri-dantza, orratzarena, illentiarena, perra jartzea eta dorrea. Axeri-dantza borobiltzeko aurreskua plazaratuko dute. Hemen aurreko urteko axeri-dantzako irudiak, inoizko jendetsuena izan zen.
- 10:00 Tolosa: Bordon-dantza eta soka-dantza
- 11:30 Guardia: Guardiako dantzak
- 12:00 Andoain: Axeri-dantza eta soka-dantza
- 13:30 Uharte-Arakil: Zortzikoa
- 19:30 Burlata: Burlatako ezpata-dantza
- 20:00 Altsasu: Zortzikoa
- 23:30 Eibar: San Joan Aurreskua
Udako solstizioa eta sanjoanak dantzan ospatzeko asmoa duzue? Hala bada, gustu handiz jasoko ditugu zuen dantza irudiak; bidali dantzari@dantzan.com-era. Asko eskatzea ez bada horizontalean grabatuta. Gozatu asteburuaz!
Dokumentuaren akzioak