Dokumentuaren akzioak
449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan
EAEko 111 herritako ia 500 fitxaz osatuko dantza tradizionalen katalogoa osatzeko lanak amaitzear dira. Jaurlaritzaren ondare immaterialaren inbentariatze lanetan kokatutako proiektuaren ardura Zatak elkarteak izan du eta Dantzan-ek ere parte hartu du 23 ikertzailek osatutako lantalde zabalean.
2015 eta 2020 bitartean egin da ikerketa eta EAEko 111 herritako dantzak jaso dira; Arabako 18, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako 48. Guztira 449 fitxa egin dira, baina azken kontaketaren arabera 474 egitea aurreikusten zen. Alegia, 25 elementu jasotzeko gelditu dira. Beraz, lana ez da bukatu. Gainera, ondare immateriala ondare bizia denez hemendik urte batzuetara jasotako elementuak errepasatu beharko dira.
Ikertzaile taldea Emilio Xabier Dueñas Zatak elkarteko lehendakariaren gidaritzapean aritu da. Landa lana, dokumentazio bilketa, deskribapenak, erredakzioa eta itzulpenak egin dituzte. Hau da, dantza bakoitza bere jatorrizko tokian eta festan behatu dute ikertzaileek, eta elkarrizketen eta idatziko dokumentazioan jasotako informazioa kontrastatu dute ohiturarekin berarekin.
EAEko dantzak zenbakitan
Datu basean jasotako fitxetatik hainbat ondorio atera ditu Emilio Xabier Dueñas proiektuaren gidariak eta arduradunak. Adibidez, elementu koreografikoei buruzko informazioaren zati bat zenbakitan adierazi digu:
-
38 dantza egiten dira erremintekin (ezpatak, makilak, brokelak, zumeak, arkuak eta alabardak): Araba: 3. Bizkaia: 14. Gipuzkoa: 21.
-
63 herritan dantzatzen da aurreskua, erregelak, dantza-soka edo soka-dantza: Araba: 6. Bizkaia: 20. Gipuzkoa: 37. Horiei Ingurutxoa gehitu behar zaie. Gipuzkoa: 2
-
43 herritan dantzatzen da ohorezko aurreskua, agurra edo aurreskuaren banakako zatiak: Araba: 6. Bizkaia: 24. Gipuzkoa: 13.
-
15 herritan banderak dantzatzen dituzte: Araba: 4. Bizkaia: 9. Gipuzkoa: 2.
-
3 herritan giza gazteluak egiten dituzte; hirurak Arabakoak dira.
-
55 herritan erraldoien dantzak egiten dituzte: Araba: 5. Bizkaia: 18. Gipuzkoa: 32.
-
2 herritan buruhandiak dantzatzen dira; biak Gipuzkoan dira.
Jasotako dantza eta errituetan parte hartzen duten pertsonak izendatzeko hainbat modu erabiltzen direla adierazi du Dueñasek. Dantzan egiten duten pertsonak dantzari moduan izendatzen dira herri euskaldunetan, baina eremu ez euskaldunetan danzante, danzarin edo danzador ere erabiltzen da. Dantzetan badira kargu aipagarriak: kapitaina, buruzagia, aurreskua edo aurreskularia, atzeskua edo atzeskularia, bandereroa edo abanderadoa, zerbitzaria, txantxoa... Eta pertsonaia edo mozorroak ere bai: artzaina, Katximorro, Katxi, buruhandia...
Musikariei dagokionez honakoak dira katalogoan jaso diren dantza eta errituetan parte hartu ohi dutenak: txistularia, txistulari banda klasikoa edo txistulari taldea, gaitero taldea (hiru edo gehiago), txaranga edo fanfarrea, trikitilari taldea (akordeoi diatoniko eta panderoa) eta musika banda.
Ikerketan jasotakoa sarean
Zatak elkarteak azken bost urteetan eginiko euskal dantzen bilketa lanaren zati bat publikoarentzat ikusgai ipintzen hasi da Jaurlaritzako Ondare Saila. Izan ere, EAEko Ondarearen webgunea berritu du Jaurlaritzak, eta horrekin batera, ondare immaterialari dagokion atala gehitu du; hain zuzen ere, Euskal Herriko dantza tradizionalen katalogoa.
Egindako datu basearen zati txiki bat hasi dira sareratzen, baina ez katalogo osoa. Oraingoz dantzen deskribapen orokorrak publikatu dira; elementuaren atal historikoari dagokion zatia. Argazkiak ere ikusgai daude.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Dantzan
Dantzan elkartea 2002an sortu zen dantzan.eus (dantzan.com hasieran) kudeatzeko. Gaur egun euskal dantzaren inguruko informazioa, albisteak, bideoak, agenda eta bestelakoak sareratzen dituen dantzan.eus webguneaz gain, dantzaren lotutako beste zenbait jarduera burutzen dira elkarte honetatik, adibidez:
- Formazioa. Euskal dantza irakasleen formaziorako jarduerak antolatu eta eskaintzen ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzan Ikasi programaren bidez.
- Kudeaketa. Gipuzkoako Dantzagunearen kudeaketan parte hartzen dugu Dantzaz elkartearekin eta Eragin enpresarekin batera osatzen dugun Ondare2.0 Aldi Baterako Enpresa Elkartearen bidez.
- Dokumentazioa. Euskal dantzaren artxibora begira euskal dantzaren milatik gora bideo-zinta digitalizatu eta dokumentatu ditugu.
- Ondare immateriala inbentariatzeko lanetan euskal dantzen fitxak egiten parte hartu dugu Zatak elkartearekin lankidetzan.
- Hitzaldiak. Euskal dantza eta kultura tradizionalaren inguruko hitzaldiak eskaintzen ditugu.
- Dantza ekitaldiak. Hainbat dantza ekitaldiren antolaketa eta kudeaketan parte hartzen dugu, hala nola Gipuzkoako Urrezko Dominaren ezpata-dantza Gipuzkoako Diputazioaren eskariz eta Ikerfolk elkartearekin elkarlanean edo Gaztemundu Dantzan programa, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, besteak beste.
- Aholkularitza. Dantzarekin lotutako aholkularitza, informazio eta dokumentazio zerbitzua eskaintzen dugu, bai emailez, bai telefonoz (943 53 04 40), bai Eibarren (Ubitxa 16 behea) dugun bulego nagusian.
- Komunikazioa. Dantzanen jarduerak oihartzuna du beste eremu eta medioetan, eta besteak beste Irulegi irratiarekin lankidetzan aritzen gara dantza-kontuan uhinetan zabaltzen.
- Dantzan. Dantzan elkartea 2020an: dantza sustatu eta hedatzeko lanak
- Marka. Dantzan markaren irudiak eta logoak.
- Dantzan.eus. Azken berrikuntza teknikoak eta aldaketak webgunean.
Dantzan
Ubitxa 16-18, behea // 20600 Eibar (kokapena)
+34 943 53 04 40
dantzari@dantzan.com