Dokumentuaren akzioak
Emilio Xabier Dueñas: "Ondare izendapenaren alde positiboak eta negatiboak ondo aztertu behar dira"
Dantza, festa eta kultur ondareari buruzko jardunaldia antolatu dute Zatak, Dantzan eta Soinuenea elkarteek urriaren 12an Beasainen. Emilio Xabier Dueñas Zatak elkarteko lehendakaria eta jardunaldiko hizlarietako bat dugu; larunbat honetan Igartza Jauregian jasoko dugunaren aurrerapentxoa eskatu diogu.
Zein da "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiaren helburua?
Ikusita aurtengo maiatzean euskal kultur ondarearen lege berria argitaratu dela eta Ondarearen Europako Jardunaldiak urrian izaten direla aitzakiatzat hartuta, gaiaren inguruan sakontzeko une egokia dela pentsatu dugu. Jardunaldiaren bidez dantza taldeetako kideak edo ondarearen eta festen inguruan lanean dabiltzan herritarrak kontzientziatu nahi ditugu badela lege bat beren herrietako dantzak, edo festak babestu ditzakeena.
Eta horretarako gaia gertuko zaizuen hainbat pertsonek hartuko duzue hitza, ezta?
Bai, hori da. Imanol Agote, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Saileko aholkularia da; ondarearen lege berriaren osaketan eta erredakzioan parte hartu du; legearen nondik norakoak azalduko dizkigu. Bestetik, Isabel Hernando dugu, EHUko Zuzenbideko irakaslea da eta ondareari loturiko hainbat lege ederki ezagutzen ditu. Elementu kultural baten ondare izendapena lortu nahi izanez gero eman beharreko pausoak edo lege aldetik zerekin topatu gaitezkeen kontatuko digu, besteak beste. Horiez gain, Iparraldean, Nafarroan eta EAEn ondare kulturalaren bilketan gabiltzan hiru proiektuetako kideek hartuko dugu hitza; Thierry Truffautek, Terexa Lekunberrik, Karlos Irujok eta ni neuk.
Horiek lehenengo mahai inguruan, eta bigarrenean?
Bigarrenean dantzak eta festak lehenengo pertsonan bizi dituzten dantzariei emango diegu erreleboa. Gurekin izango dira Jon Arrikaberri eta Gabriel Urtasun Luzaideko bolantak, Oñatz dantza taldeko Maite Irizar, Andoaingo axeri-dantza elkarteko Izaskun Beraza eta Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegi. Beraien urte osoko lanaz eta festa eguneko antolakuntzaz arituko dira. Bestalde, gonbidatuen artean Luzaideko bolantak dira jada interes kulturaleko ondare izendapena duten bakarrak eta beraien esperientzia kontatzeko eskatuko diegu, esplika dezatela ea nola eragin dien izendapenak.
Luzaideko bolant-dantzak al dira ondare izendapena jasota duten Euskal Herriko dantza bakarrak?
Ez, Nafarroan badira izendapen gehiago. Lantzeko inauteriak, Zubietako eta Iturengo joaldunak edota Kortesko paloteadoa.
Zure ustez nola eragin diezaioke ondare izendapenak festa edo dantza bati?
Nik uste dut izendapen batean garrantzitsua dela herritarrek erabakitzea izendapen horren beharra dutela eta aurretik ikus dezatela zein izan daitezkeen onurak eta kalteak. Alde batetik turistak erakar ditzakeela uste dut. Herritarrek turisten beharra ikusten badute aurrera, baina jasangarria izan dadila. Behin izendapena jasota, elementuak dibulgatuak izan daitezela, hezkuntzaren eremuren batean elementu kultural horien ezagutza transmititu beharko litzateke eta hori positiboa da. Bestalde izendapenaren arriskuetako bat tradizioa finkatzea izan daiteke eta tradizioak bizirauteko beti moldatu izan dira. Gauza bat da mugitzea, baina denak balio al du? Ondare izendapenaren alde positiboak eta negatiboak ondo aztertu behar dira.
Norentzat izan daite interesgarri larunbateko jardunaldia?
Kultur ondareak ia herritar guztiak ukitzen ditu. Dantza taldeetako kideak, festen antolatzaileak, musikariak, instituzioetako ordezkariak... ongi etorriak izango dira guztiak.
Informazioa: Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea
Dokumentuaren akzioak