Dokumentuaren akzioak
Dantza dokumentazio fondoa martxan da Eresbilen
Urte askotako ahalegin eta gestioen ondoren, martxan da dantzaren dokumentazio fondoa Eresbilen. Kulturaren Euskal Planean eta Kulturen Aldeko Herritar Kontratuan, dantzaren alorreko ordezkariek behin eta berriz aldarrikatu dute euskal dantzaren dokumentazio zentro baten beharra. Administrazio ordea, uzkur xamar agertu izan da eraikin edo gune berri bat sortzeko orduan, eta ondorioz, egoeraren azterketa txostenak edo digitalizazio lanak proposatu izan ditu, premiazko beharrari erantzun beharrean.
Bide zingiratsu horretan, erdibideko aukera bat mahairatu zen Eresbilen bidez. Errenterian dagoen euskal musikaren dokumentazio zentroan dantzari buruzko fondo bat sortu, eta poliki-poliki hazten joatea, eta inoiz dantzara bereziki zuzendutako dokumentazio zentro bat sortuz gero, ordurarte bildutako materialak bertara bideratzea. Alegia, Eresbilek balizko dantzaren dokumentazio zentro baterako haztegi edo inude lanak egingo lituzke, noizbait nagusitu, eta bere kasa bidea egiteko aukera izan arte.
Dantzaren fondoa osatzen
Azken hiru urteotan Eusko Jaurlaritzaren laguntza txiki batekin abiatu dira dantzaren fondoa osatzeko lanak Eresbilen eta poliki-poliki apalategi bat eta artxibo kutxa batzuk betetzen joan dira. Zenbait aldizkari espezializatutako harpidetzak egin dira, argitalpenak (liburuak, DVDak, e.a) erosi eta dantzaren alorreko talde, elkarte, konpainia eta pertsonei buruzko jarraipen karpetak prestatu dira.
Hartzeko eta jasotzeko
Fondoa irekita dago eta kontsultatu daiteke dagoeneko. Eresbilera bertara joan eta bertako lantaldeak ohi duen modu atseginean hartuko ditu bisitariak. Eta materialak jasotzeko ere irekita dago Eresbil. Alde horretatik dantza talde, elkarte, konpainia, jaialdi eta abarrei deia luzatzen zaie, sortzen eta editatzen dituzten diptiko, eskuko programa, liburuska, afitxa eta bestelakoak bideratu ditzaten Eresbilera. Liburu, CD eta DVDen kasuan, ia denek matrikula (ISBN) daramatenez horri esker zenbait tokitan biltzen dira material horiek. Baina bestelako diptiko eta abarreko asko ez dira horrelako biltokietara iristen, eta horiek ere dantzaren historia osatzeko material garrantzitsuak izaten dira. Beraz, horrelakoak argitaratzen diren bakoitzean, ale batzuk Eresbilera bidaltzea komeniko litzateke.
Zenbaitetan gertatzen da dantza talde edo elkarteek dituzten dokumentu, liburu eta abarrekoak behar bezala gorde eta artatzeko aukerarik ez izatea. Horrelakoak ere bideratu daitezke dantza dokumentazioaren fondo honetara, bai deposito moduan erabiliz baina jabetza guztia mantenduz, edo bai donazio moduan eginez ere.
Dena dela, edozer baino lehen onena, egun batean Eresbilera hurbildu, fondoa ezagutu eta dantzaren inguruan dagoen dokumentazioa lardaskatzea.
Eresbil
Alfonso XI, 2
20100 – Errenteria
Tel.: (34) 943 000 868
E-posta: bulegoa@eresbil.com
Harrera ordutegia
Astelehenetik Ostiralera 10etatik a 17etara
(udako ordutegia: 9etatik 14etara)
Dokumentuaren akzioak