Euskal dantzaren ikusentzunezko ondarea babesteko milatik gora bideo-zinta digitalizatu dira

2021/01/13
Euskal dantzaren ikusentzunezko ondarea babesteko milatik gora bideo-zinta digitalizatu dira

Desagertzeko arriskuan zeuden XX. mendeko 1191 zintaren digitalizazio eta dokumentatze lana egin du Dantzan elkarteak Eresbilekin elkarlanean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak babestutako proiektuan. Dantza tradizionalaren irudien digitalizazio eta tratamendu dokumentala izan dira proiektuaren oinarriak, eta dantza-bideoak jaso eta desagertu aurretik erreskatatzea izan da helburu nagusietakoa. Guztira, 1484:01:27 zinta-ordu digitalizatu eta landu dira 2015-2020 urte bitartean. Dantza taldeek, elkarteek eta norbanakoek gordeta zituzten bideoak jaso, digitalizatu eta katalogatu dira.

Hondatu aurretik digitalizatu

Orain urte batzuk Euskal Filmategiak ohartarazi zuen ikusentzunezko euskarri magnetikoen bizi-iraupen laburra zela eta 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetako bideo-grabazioak hondatzen ari zirela. Bideo grabazioek 20-30 urteko biziraupena izan zezaketela. Garai horietan hainbat euskal folklore elkartek, dantza taldek eta norbanakok hainbat dantzaren grabaketak eginak zituztela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak ikusentzunezko horiek denborarekin guztiz hondatuta geratu aurretik digitalizatu eta babesteko plana onartu zuen. Eresbilen zuzendaritzapean Sincro ekoiztetxeak egin ditu digitalizazio lanak eta Dantzan elkartea aritu da bilketa eta dokumentazio lanetan. Orain, jasotako informazio hori katalogo bateratu batean jasotzen ari da Eresbil, euskal musikaren artxiboa. 

Altzürükü: Maskaradak 1979 barrikada (Eric Bouvier)

 

Babestu diren bildumak

30 bilduma digitalizatu eta dokumentatu dira, 5 erakundeenak, 16 dantza taldeenak eta 9 norbanakoenak:

  • Erakundeak: Ikerfolk, Arabako Dantzarien Biltzarra, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, Dantzan.eus.

  • Dantza taldeak: Haritz (Elgoibar), Kezka (Eibar), Gure Kai (Deba), Mendi Alde (Santurtzi), Aurtzaka (Beasain), Elai Alai (Portugalete), Oñatz (Oñati), Duguna (Iruñea), Itsas Alde (Bakio), Maritzuli (Baiona-Biarritz), Goizaldi (Goizaldi), Indarra (Gasteiz), Trebeska (Donostia), Begiraleak (Donibane Lohizune), Itxas Argia (Getxo), eta Andra Mari (Galdakao).

  • Norbanakoak: Ander Barrenetxea, Jexux Larrea, Felipe Amutxastegi, Patxi Laborda, Jaime Albillos, Xabier Etxabe, Josu Agirre, Lisa Korkostegi eta Eric Bouvier.

Lantz: Inauteriak 1968-1969 (Jaime Albillos)

Tokian-tokiko dantzak zenbakitan

114 herritako dantza eta inauteri tradizionalen irudiak bildu dira. Zenbait herritan tradizio bat baino gehiago ageri dira; besteak beste, Legazpin ezpata-dantza eta kapela-dantza; Beasainen Loinazko ezpata-dantza, haurren aurreskua eta helduen aurreskua; Lekeition kaxarranka eta eguzki-dantza...

Hemen tokian-tokiko dantza edo inauteriak jaso diren herriak:

  • Gipuzkoa, 30 herri: Abaltzisketa, Albiztur, Amezketa, Andoain, Anoeta, Antzuola, Añorga,Arama, Aretxabaleta, Beasain, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Iñurritza, Lasarte-Oria, Legazpi, Lizartza, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Seguru, Tolosa, Usurbil, Zarautz, Zelatun, Zumarraga.

  • Bizkaia, 28 herri: Abadiño, Ajangiz, Arratzu, Arrazola, Atxondo, Berriz, Deustu, Durango, Elorrio, Ereño, Galdakao, Garai, Gernika, Goiuria, Iurreta, Izurtza, Lekeitio, Lanestosa, Mañaria, Markina-Xemein, Mendata, Morga, Mundaka, Muxika, Nabarniz, Santurtzi, Zaldibar, Zeberio.

  • Nafarroa, 26 herri: Ablitas, Altsasu, Arano, Arantza, Arizkun, Bera, Doneztebe, Elbete, Elizondo, Fustiñana, Goizueta, Ituren, Lakuntza, Lantz, Leitza, Lekaroz, Lesaka, Lizarra, Luzaide, Otsagabia, Torralba de rio, Tutera, Unanu, Uharte, Urdiain, Zubieta.

  • Zuberoa, herri 10: Altzürükü, Atharratze, Barkoxe, Garindaine, Idauze-Mendi, Iruri, Maule, Mithkhil, Sohüta, Urdiñarbe.

  • Nafarroa Beherea, 8: Aiziritze, Baigorri, Bidarrai, Donazaharre, Donibane Garazi, Heleta, Iholdi eta Bithirina.

  • Araba, 7 herri: Eltziego, Gesaltza Añana, Guardia, Hermua, Maeztu, Oion, Zalduondo.

  • Lapurdi, herri 4: Baiona, Beskoitze, Donibane Lohizune, Uztaritze.

Markina-Xemein: Aratusteak 1983 Saragi-dantza, hartza eta antzarak (Jexux Larrea)

Beste hamaika dantza ekitaldi

Herriz herriko tradiziozko dantza irudiez gain, beste hainbat dantza ekitaldi jaso dira: 

  • Emanaldiak, ikuskizunak eta jaialdiak: 715

  • Dantza txapelketak, dantza solte eta aurresku txapelketak dira: 70

  • Dantzari egunak: 47

  • Maskaradak: 41 

  • Bestelakoak (ikastaroak, entseguak, elkarrizketak, aste kulturalak, dantzaldiak: 95

Boise: Jaialdi 1990 Argia (Lisa Korkostegi)