Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Euskal dantzaren ikusentzunezko ondarea babesten

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzaren ikusentzunezko ondarea babesten

2020/04/02 11:20
Euskal dantzaren ikusentzunezko ondarea babesten

Alkate-dantza, Lakuntza, 1987. Irudia: Ikerfolk

Orain bost urte alarma dei bat zabaldu zen ikusentzunezko ondarearen inguruan. Bideoen bizi-iraupena laburra zela ohartuta, dantza talde eta elkarteek 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan egindako bideo grabazioak galtzeko arriskuan egon zitezkeela ohartarazi zuten teknikariek. Horrela, dantza bideo eta filmazioen urgentziazko erreskate plana martxan jarri zen; Eusko Jaurlaritzak babestuta eta Eresbil, musikaren artxiboak kudeatuta, eta Eresbilek orain hamar urte martxan jarritako dantza dokumentazio zentroaren lehen haziarekin lotuta.

Eresbilen zuzendaritzapean, dantza-bideoak jaso eta desagertu aurretik erreskatatzeko proiektuan parte hartzen du Dantzan.com elkarteak. Dantza taldeek, elkarteek eta norbanakoek gordeta dituzten bideoak jaso eta digitalizatzera bidaltzen ditu. Horrela, galtzeko zorian zeuden hainbat altxor babestu dira. Behin digitalizatuta dantza taldeei itzultzen zaie material osoa, jatorrizko zintak eta haien kopia digitalizatua. Bestalde, bideoetan jasota dagoena deskribatzen da, zein dantza zein minututan ageri den jasoz, eta katalogo bateratu batean jasotzen da informazio guztia. 

Straznice 1983 Folklore Jaialdia (Jexux Larrea)

Milatik gora zinta

Mila zinta baino gehiago digitalizatu eta ia 900 katalogatu dira orain arte, bakoitzean dauden dantza guztiak zerrendatuz eta dantza bakoitzari dagokion bideo zatiak eginez. Elkarte, dantza talde zein norbanakoen fondoak jaso eta landu ditugu. Hona hemen dagoeneko digitalizatu eta katalogatu diren fondoak:

  • Elkarteak: Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, Arabako Dantzarien Biltzarra, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Ikerfolk, Dantzan.
  • Dantza taldeak: Elai Alai (Portugalete), Goizaldi (Donostia), Duguna (Iruñea), Begiralek (Donibane Lohizune), Aurtzaka (Beasain), Haritz (Elgoibar), Gure Kai Deba), Kezka (Eibar), Indarra (Gasteiz), Itxas-Alde (Bakio), Maritzuli (Biarritz), Oñatz (Oñati), Mendi Alde (Santurtzi), Trebeska (Donostia).
  • Norbanakoak: Xabier Etxabe (Zarautz), Patxi Laborda (Iruñea/Sestao), Joseba Agirre (Iurreta), Felipe Amutxastegi (Markina), Jaime Albillos (Donostia), Jexux Larrea (Donosia).

Zenbait fondok 200 edo 300 zintatik gora badituzte ere, beste batzuk, kopuru txikiago, baina balio handikoak dira. Ikerfolk elkarteak tokian tokiko dantza tradizionalen grabaketa profesionalak egin zituen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Portugaleteko Elai Alai taldearen bilduman berriz, 1971tik antolatu duen Nazioarteko Folklore jaialdietako irudiak aurki daitezke. Goizaldi dantza taldeko lehen aroko kidea izan zen Jaime Albillosek tokian tokiko dantza erritualetan zenbait grabazio baliotsu egin zituen 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Beste batzuk geografikoki herri edo eskualde bati dagozkion bildumak dira, baina kronologikoki zenbait hamarkada jasotzen dituztenak.

Bidarrai: Besta Berri 1969 (Jaime Albillos)

Askotariko irudiak

Denetariko dantza irudiak jaso dira, Euskal Herrian grabatuak edota taldeek nazioartera egindako bidaietakoak. Inauterietako lekuan-lekuko hainbat erritu ere bada digitalizatutako bildumetan. Irudi guztiak honako eremuetan sailkatu dira: tokian-tokikoak, maskaradak, ikuskizunak, jaialdiak, emanaldiak, txapelketak, dantzari egunak eta bestelakoak. Azken sail horretan sartu daude entsegu, ikastaro, hitzaldi edota telebista programetako irudiak.

Iurreta: San Migel 1982 erregelak (Elai Alai)

 

Digitalizatutako irudiak jabeei ematen zaizkie eta babes-kopia bat Eresbilen gordetzen da. Horrez gain, zenbait bildumatako jabeek beraien irudiak dantzan.eus bidez ezagutzera emateko interesa agertu dute. Horietako batzuk dira sarrera honetan ikus daitezkeenak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Dantzan

Dantzan

Dantzan elkartea 2002an sortu zen dantzan.eus (dantzan.com hasieran) kudeatzeko. Gaur egun euskal dantzaren inguruko informazioa, albisteak, bideoak, agenda eta bestelakoak sareratzen dituen dantzan.eus webguneaz gain, dantzaren lotutako beste zenbait jarduera burutzen dira elkarte honetatik, adibidez:

 

Dantzan

Ubitxa 16-18, behea // 20600 Eibar (kokapena)
+34 943 53 04 40
dantzari@dantzan.com