Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Grabitazio-uhinak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Grabitazio-uhinak dantzan

2016/03/04 13:15

Duela ehun bat urte-edo, Albert Einsteinek erlatibitatearen teoria ezaguna formulatu zuen. Espazioa eta unibertsoa azaltzeko hainbat hipotesi bota zituen. Teoria osatzeko, grabitazio-uhinak aurkitzea falta zen. Duela gutxi aurkitu dituzte zientzialariek, eta egon badaudela badakigu.

Duela hogei bat urte-edo, Juan Antonio Urbeltzek Bailar el Caos liburua argitaratu zuen. Besteak beste, Euskal Herriko dantzen jatorria ikertu, eta Europako testuinguruan kokatu zituen. Gipuzkoako dantzak ziren liburuaren muina.

Urbeltzek ere hainbat hipotesi argitaratu zituen. Tartean, Gipuzkoako dantzen jatorriari buruzkoa. Ordu arteko bertsio ofizialak zioen Gipuzkoako dantzak Juan Inazio Iztuetak jaso zituela 1824an idatzitako bere liburu ezagunean. Denbora luzez uste izan da Gipuzkoako dantzak Iztuetak deskribatu bezalakoak zirela. Iztuetaren oinordeko ikasleek irakatsitakoa bihurtu zen eredu eta estandar bakarra.

Urbeltzen arabera, Iztueta ez zen dantza-maisu bakarra izan. Asko izan ziren Gipuzkoan profesionalki lanean aritutako dantza-maisuak. Zalantzarik gabe, Gipuzkoako dantzak Europa osoko dantza-maisuen ekarpenaren ondorioa dira. Ez hutsetik sortutako dantza bereziak eta bakarrak, sarritan uste izan den moduan.

Ez gara Urbeltzen hipotesia frogatzen ausartu orain arte. Dantza tradizionaleko Dantzan Ikasi formazio-programaren barruan, Gipuzkoako Dantzagunean egin den ikastaro trinkoa izan da horren abiapuntua.

Betaurreko berriak janztearen moduko ikastaroa izan da. Berpizkundetik abiatuta, Italiako, Frantziako eta Espainiako dantza-maisuen sistematan sakondu dugu. Norekin, eta Kataluniako dantza-maisu batekin! Iztuetaren biografia polemikoa gehixeago ezagutu dugu. Gipuzkoan, bakarra beharrean, dantza-maisu eta dantzaera ugari zeudela jakin dugu. A! Eta dantza flamenkoa eta Gipuzkoako dantzak familia berekoak direla baita ere.

Euskal kulturari eta gizarteari begiratzeko ere balio dute ikastaroan jaso ditugun betaurrekoek. Gure kultur ezaugarri asko bakarrak direla uste izanda, eta urte luzeetan garatu dugun gutxitasun konplexuarekin, gure kultura gaurkotzen saiatzen gara joeran dauden tendentzia berrienekin. Auskalo zerekin homologatzeko beharra sentitzen dugu, etxean exotiko izaten amaitu dugun arren.

Gizarte mailan, kultura ikertzea maila pertsonalean introspekzio terapeutiko bat egitearen parekoa da. Euskal kreazionismoak kultura eta gizarte zurrun eta aldaezina inposatzen dizkigu. Askotan logika horren betaurrekoekin begiratzen diogu gure kultura tradizionalari. Arriskua da, ordea, begia betaurrekoetara egokitzea. Ez errealitatera.

Barrura begirako irekitasunak ez du esan nahi arrotza dena onartzeko ezintasuna. Alderantziz, nortasuna galdu gabe, etengabe berritzeko ezinbesteko jarrera da. Inperfekzio guztiekin ere, norbere burua ezagutzea osasungarria da.

Grabitazio-uhinak aurkitzeko ehun urte eta teleskopiotzarrak behar izan dituzte. Geure kulturaren eta gizartearen bilakaera ezagutzeko berriz, aski dugu noizean behin betaurrekoak berritzearekin.

Info7 irratia, 2016ko martxoaren 2an

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.