Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Euskal musikaren dama

Dokumentuaren akzioak

Euskal musikaren dama

2018/04/05 10:20
Euskal musikaren dama

Marian Arregi. Argazkia: Dantzan.eus CC-BY-SA

2018ko martxoaren 5ean hil zen Marian Arregi musikaria eta dantzaria. Berrogeita hamar urtetik gora egin zituen Euskal Herriko herri-kultura ikertzen, ontzen eta birsortzen, Juan Antonio Urbeltz bere senarrarekin batera. Azken mende erdian euskal dantzarentzako funtsezko erreferentea izanik ere, inork gutxik ezagutzen duen pertsonaia da gaur egun.

Berria egunkarian idatzitako testu batean, Oier Araolazak ahaztura horren motibo nagusitzat jo zuen Arregi emakumea izatea. Maila horretako artista bat gizona izanez gero aitortzarik ez izatea ia ezinezkotzat jo zuen. Ageriko ebidentzia baten aurrean gauden neurrian, ez dago Araolazaren hitzei ezer gehitzerik.

Emakumea zen Marian Arregi. Inkontzientetik gutxiesten dugun herri-kultura zuzeneko transmisio bidez jaso, eta artez onduta eman zigun emakumea. Eta nekez aitortuko diogu balioa gutxiesten dugun kultura bateko emakumeari.

Neurri handi batean, kultura anglosaxoiaren eraginetik berritzen dugu, ustez, gure herri-kultura, delako normalizazio baten izenean. Akaso, egungo munduko kultura hegemonikoaren buruan dauden Ameriketako Estatu Batuei ikasi behar dieguna ez dago edukietan, jarreran baizik.

Estatubatuarrek harro zaintzen eta aldarrikatzen dute haien herri-kultura. Kultura bizia da haiena. Horren adibide garbia dugu Nina Simone. Beltza eta emakumea izanagatik, eta egoera latzak pasa izanagatik, estatubatuar artista handi gisa aitortza handia dauka. Zoragarria zen Nina Simone, estatubatuar herri-musikaren dama handietako bat.

Sentimenen iragazkitik pasatzen dena memorian iltzatzen zaigu. Memorian gordetzen dugunari balioa ematen diogu, eta balioaren aitortzarekin eraikitzen dugu gure ondarea. Transmisioz jasotako ondare bizi horrekin berreraikitzen dugu gure nortasuna, hala indibiduala, nola kolektiboa. Eta nortasun kolektibo hori da gure komunitatearen oinarria.

Horregatik zein hain berezia Marian Arregi: inoiz entzun gabeko doinu bat lehen aldiz jo eta entzuleak propio gisa identifikarazteko gaitasuna zuen; edota, hamaika aldiz entzundako melodia zahar bat inguruko denak dantzan jartzeko moduan biziberritzekoa.

Zoragarria zen Marian Arregi, euskal herri-musikaren dama handietako bat.

Info7 irratian, 2018ko martxoaren 27an

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.